maiatza 29 08

Erretzaileen eremua

Kritikak laudatua eta arretaz deskribatua izan zen Jon Alonsoren Erretzaileen eremua (2006 – Susa), hamahiru narrazioz osatua. Orain liburua osorik eskaintzen dizugu sarean. “Denak batzen dituen ideia”, laburbildu zuen Alonsok ipuin hauez mintzatzean, “gauzak ikusteko modua da. Eta erreskatatzea duinetik eta errebeldetik dagoena, baina baita ere azaltzea munduan zer putakeria dauden. Mota guztietako saldukeriak ezagutzea tokatu zaigu, baina erresistentzia modu eder askoak ere bai, eta hau esaten dudalarik ez dut pasaje epikorik buruan, baizik eta jende arruntaren eguneroko duintasuna eta kemena. Ez etsitzea beti eskertzekoa da. Arnasa ematen du. Badira faltsuak ere, koldarrak; eta horren gainean, neurri batean, liburuak broma egiten du, satirizatu gabe. Satirizatzea inor irrigarri utzi nahi izatea da. Ez da nire kasua”.

maiatza 28 08

Etxahun Iruriren mendeurrena

1908ko maiatzaren 28an jaio zen, Iruriko Etxahunia etxean, Pierre Bordazarre, Etxahun Iruri. Musikaria, pastoralgilea, kantugilea, musika eta kantuaren inguruan eman zuen bizitza zuberotarrak. Zuberoatik, eta bereziki Zuberoari kantatuz, baina baita mundua ekarriz bere kantuetara. Zuberoako herri antzerkiaren hainbat agerpidetan jardundakoa, bederatzi pastoral idatzi zituen XX. mendeko pastoralgile argienetako bat izan denak: Etxahun, 1953; Matalaz, 1955; Berterretx, 1958; Santxo Azkarra, 1963; Iruriko Kuntia, 1966; Txikito Kanbo, 1967; Pette Bereter, 1973; Ximena, 1979 eta Iparragirre, 1980. Haietako hainbatetan lanen bat ere jokatu zuen. Pastoraletan ez ezik, bestelako ekitaldietan eta bat-batean, kantugintza izan da Etxahun Iruriren lan arlorik ezagun eta jorienetakoa: dagoeneko gure ondareko diren hainbat kanturen egilea da —Agur Xiberua; Goizian argi hastian; Anaia etxen da ezkuntu… —. 1979ko urriaren 1ean zendu zen, Pauen. Bere kantagintza lanaren bilketatxo bat eginez, Jakes Larrondok Pauen inprimatua, Etxahun Iruri Khantan liburua plazaratu zen 1977an. 83 euskarazko kantu biltzen ditu (eta 26 frantsesez osatuak), partiturekin, argazkiekin… Madeleine Jauregiberriren Aitzin Solasa eta R.I.k sinaturiko Ondo Solas-a dituela, liburua Iruriko maisuaren kantu sorkuntzaren erakusgarria da. Frantsesezko kantuak ez, gainerakoa hemen irakur dezakezu.

maiatza 22 08

Breytenbachen Gaizkile arrunt baten bi aldizko heriotza

Hegoafrikarra, familia afrikaner bateko semea, apartheid-aren aurkako militante politikoa, pintorea eta, batez ere, idazlea, poeta. Denek osatzen dute Breyten Breytenbach-en izaera, eta denetarik hartu du Breytenbach idazleak bere obra osatzeko. Parisko erbestean eta Hego Afrikan bizi izandakoa, baita espetxealdia ere, bi munduren arteko zubian, hala bizi izan da Breytenbach, eta hala idatzi, afrikaanez nahiz ingelesez, bi munduren arteko zubian. Gaizkile arrunt baten bi aldizko heriotza liburua euskaratu zuen Felipe Juaristik, eta Baroja argitaletxeak plazaratu 1986an. Bi narraziok osatua —liburuari izenburua ematen diona eta Balen gainean kontakizuna—, orain osorik eskaintzen dizugu Breytenbachen liburua. (gehiago…)

maiatza 15 08

Luigi Anselmiren poesia kaiera

Zoo ilogikoa (1985, Pamiela) liburuarekin abiatu zuen bere mundu poetikoa Luigi Anselmik. Piztiak ziren protagonista: lipuek hiria setiatzen dute, ihes egiten dute hegaztiek, izar bat da armiarma… Hurrengo poema batzuetan ardoa maila liriko batean kokatu zigun: egarria asetzeko edaten du eta, hala ere, berriz edatera behartua da; poetaren egarria, hau da, maitasun premia eta edertasun nahia ase-ezina delako. Ardoak gure oinazea eztitu du, kontsolagarri izan zaigu, eta idazlea edan-urrien aurka mintzatuko da, uler bedi zuhurtzia burgesaren kritikan. Koldo Izagirrek Anselmiren obraren antologia bat apailatu zuen 2002an XX. mendeko poesia kaierak bilduman, eta huraxe duzu asteon osorik sarean emana.

maiatza 13 08

Kilkerren hotsak nobelaren
lau kapitulu italieraz

Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak (2003) nobelaren 7-8-9-10 kapituluak italierara itzulirik bidali dizkigu Roberta Gozzik: Il canto dei grilli. Duela urte batzuk Jimenezen bi nobela plazaratu zituen Tranchida argitaletxeak Milanon: L’ultimo fucile 2004an (Azken fusila, 1993) eta La voce delle balene 2003an (Baleen berbaroa, 1999).

maiatza 12 08

Literatur Astea Zarautzen

Zarauzko Azken Portu auzuneko ekitaldi aretoan Literatur Astea egingo dute datorren astean, maiatzaren 19tik 22ra bitartean, egunero 20:00etan. Astelehenean Hasier Etxeberriak Anjel Lertxundi elkarrizketatuko du; asteartean Harkaitz Canoren Arraroagoa da idazten ez duen jendea hitzaldia; asteazkenean Koldo Izagirreren Greenwichekoa ez da meridiano bakarra hitzaldia; eta ostegunean Jose Luis Otamendiren poema liburu berrian oinarritutako errezitaldia: Erlojuen mekanika.

maiatza 07 08

Altzateko Jaun-en kontu zaharra, Pio Baroja

1922an argitaratu zuen Pio Barojak La Leyenda de Jaun de Alzate antzerki-lan edo eleberri dialogatu kontsidera genezakeena. Gai historiko-mitologikoa lantzen duena, iragan erdiarotar batean Altzateko Jauna du protagonista, Bidasoa inguruan bere dorretxean bizi den heroia, gerlaria, naturarekin bat eginez bizi den gizarte batean. Kontrakarrean kristautasunaren presioa duen gizartea. Altzateko Jaunaren elezaharra asmatu zuen Barojak, mundu pagano eta kristaua talkan jarriz. Pertsonaia estandarragoen aldamenean, Xagit eta Basurdi bezalakoek xarma eransten diote inspirazio poetikoa ere baduen lan honi —kantuak, jainko paganoen aipamenak…—. Baroja argitaletxeak 1986an plazaratu zuen, Altzateko Jaun-en kontu zaharra, Patxi Apalategik euskaratua, orain osorik eskaintzen dizuguna. Ez zen izan, hala ere, Barojaren lana euskaraz jarri zen lehen aldia. XV. atala Euzko Gogoak kaleratu zuen, 1955eko zenbakian, Antonio Iturriotz eibartarrak euskaratua. Eta 1979ko abenduaren 21ean Donostiako Antzoki Zaharrean jokatu zen Altzateko Jauna obra, Maria Dolores Agirrek eta Felipe Jurramendik Barojarenetik euskaratu eta moldatua. Obra hau on-line jarri genuen Armiarman, Maria Dolores Agirreren jaiotzaren mendeurrena zela-eta hari eskainitako artikuluan, 2003ko abenduaren 12an.

Agenda

Efemerideak

Kritikak