Abu
25
22
Edorta Jimenez idazlea Eskozian burutuko den Transcending borders jaialdira gonbidatu dute, eta datorren abuztuaren 27an (larunbata) euskal literatura eta armiarma.eus ataria izango ditu hizpide Eskoziako Peebles herrian emango duen hitzaldian. Jaialdian, ibilbide poetiko bat ere egingo du Edorta Jimenezek bertako idazle eta literaturzaleekin, eta Mixel Ducau eta Caroline Philips musikariek kantu emanaldia eskainiko dute. Hipotesi demokratikoa Thomas Lacoste zuzendariaren filma ikusteko parada ere izango dute Transcending borders jaialdian.
Abu
22
22
Duela 80 urte, 1942ko abuztuaren 22an hil zen Alice Duer. Eleberriak, poesia, gidoiak, idazle oparoa izan zen Duer, eta idazle erreferentziazkoa, XX. mende hasierako gizartean ideia progresistek blaitutako lanak eman zituena argitara. Feminismoaren aldezle publikoa, sufragismoaren alde jardun zuen eta Are The Women People? poema-sorta, The New York Tribune aldizkarian emanak, entzute handikoa izan zen. Duerren zenbait eleberri eta istorio pantailaratu ziren, zuzendari entzutetsuak tarteko, eta berak ere parte hartu zuen zinema eremuan hainbat gidoi idazten. Bi mundu gerren artean garatzen den istorio bat da Itsas-malda zuriak (The White Cliffs, 1940), AEBak eta Erresuma Batuaren artean gertatzen dena, bertso moldean idatzitako narrazioa. Emakume bati gerrak ezarritako patua kantagai duena, lurralde biotan itzelezko arrakasta izan zuen. Euskarara ekarri zuen Maritxu Urretak 1998an. Itzultzaile donostiarra, Zeruko Argia-n plazaratu zituen bere idatziak, eta antzezlan batzuk ere euskaratu zituen. Eta, esan bezala, baita Itsas-malda zuriak ere, 1998an EIZIEk Itzulpen Antologia IIn bildu zuena, eta guk orain hemen dakarguna.
Abu
14
22
1937ko abuztuaren 14an iritsi zen Magadanera Varlam Xalamov, Siberiako ekialdeko portu-hirira, preso iritsi ere, Stalinen erregimenak Kolymako atxilotze eremuetara zigortua, “jarduera troskista kontrairaultzaileengatik” . 14 urte egin zituen preso. Lehenago ere 4 urtez egona zen, Uraletan. Gulag sistemari biziraun zion Xalamovek, eta bere esperientzia Kolymako kontakizunak bilduma mardulean jaso, non errelato laburretan, maisutasunez erakusten den eremuotako bizimodua. Stlanika narrazioa ekarri du errusieratik euskarara Aroa Uhartek, gaur eskaintzen dizueguna.
Abu
11
22
Antzarrak kuadrillari omenaldia egingo diote Getxon, Algortako Portu Zaharreko jaietan kalimotxoa sortu zutelako 1972ko abuztuan. Hamarkada bat lehenago, 1961ean Gabriel Arestik idatzi zuen: Nire laguna zen / nire lagun maitea. / Egiten genuen goizaldean musean: / zortzi errege zeuden ta zortzi bateko. // Jokatzen genuen txorizo frijitua eta arno beltza koka-kola batekin, / kai aldeko taberna euskaldun batean. Egan aldizkarian argitaratu zuen Zuzenbide debekatua poema bilduma, eta JanJan motzaren erak izeneko pieza ikaragarrian ageri da (hau da: JanJan, FranFran, Francisco Franco). Poeman aipatzen duen laguna Javier Batarrita zen, 1961eko martxoan Espainiako Poliziak Bilboko Boluetan metrailetaz hil zuena: bederatzi bala zulo buruan eta berrogei soinean. Kalimotxoaren asmatzea omentzea aitzakia ederra iruditu zaigu Arestiren poema bikain hau akordura ekartzeko.
Abu
09
22
XX. mendeko poeta ingelesen erreferentzia ezinbestekoa da Philip Larkin, mendearen bigarren erdialdeko izen handietako bat. Ez zen oihartzun publikoaren zalea, baina jaso zituen hainbat errekonozimendu eta ohore. Bere estiloa lirismo eta pozbide ezaren arteko nahasketa min gisa definitu izan dute, estilo soila eta lasaia. Juanjo Olasagarre poetak egin du lan eskerga Larkinen poesia euskarara ekartzen. Senez aldizkarian eman zuen lehen poema bat, 2004an, eta hurrengo urtean Volgako Batelariak blogean, bi emanalditan, poeta ingelesaren hogeitaka poema itzuli zituen, eta egilearen aurkezpen bat eman. Luigi Anselmik ere euskaratu zuen poema bat 2006an, Bertzerenak liburuan. Abuztuaren 9an Larkinen jaiotzaren mendeurrena betetzen dela, poemok ekarri ditugu Armiarmara.
Abu
08
22
Duela bi urte, 2020ko abuztuaren 8an hil zen Pere Casaldaliga, olerkari eta elizgizon kataluniarra. Askapenaren Teologiaren kide nabarmenetakoa, Brasilen jardun zuen, batik bat. Nekazari eta amerindiarren eskubideen defendatzaile, haren egunerokoak isla zuzena du bere poesiagintzan. Xabier Bovedak itzuli ditu Idatz&Mintz aldizkariko 71. zenbakian haren 11 poema, hemen eskaintzen dizkizuegunak.
Abu
02
22
1997ko abuztuaren 2an, duela 25 urte, hil zen William Burroughs. Poeta malditoa, beat belaunaldiko kide, bizitzarekiko muturreko loturak ekarri zituen literaturara —heroina, sexua…—, eta ikono bilakatu zuten, literaturatik at ere. 1991n Susa aldizkarian Juan Luis Zabalak haren narrazio bat euskaratu zuen, Azken hitzak, eta 2014an beste bat Danele Sarriugartek Elearazi agerkari digitalean: “Apaiza”, halaxe esaten zioten. Hona gaur biak.