Poeta eta itsasgizona da Alexander Nerium (Fisterra, 1960), eta bere obran bi lanbide horiek nahasi egiten dira. Bere poesiak itsasoaren gogortasuna, memoria kolektiboa eta bizitzaren igarotzea uztartzen ditu. Itsasoari eskaini dio bizitza eta bere poemetan itsasoa da inspirazio eta bizitzaren metafora. Aintzane Galardik haren sei poema euskaratu ditu galegotik, eta hemeneskaintzen dizkigu.
Aspaldiko laguna genuen Susa literatura argitaletxean Edorta Matauko, itzultzailea eta irakaslea; Susako bazkidea gainera. Asteon utzi gaitu, berak sarritan euskarara ekarritako Stefan Zweig idazlea hil zen egun berean gainera, otsailaren 22an.
Erromantizismoaren indarra ezagutu zuen Heinrich Heinek, eta mugimenduko kidetzat jotzen da maiz, batez ere bere lehen poemengatik, nahiz eta berak gaitzetsi. Errealismoranzko trantsizioa bizi izan zuen, eta bere lanetan ere halako joera nabari da. XIX. mendeko ideia iraultzaileen ezagule, ironia eta kritika soziala ere azalduko dira bere idatzietan. Frantziako Iraultzaren ideien zale, Alemaniako literatura eta boterea kritikatu zituen eta Alemania Gaztea literatur mugimenduaren sortzaile eta sustatzaileetakoa izan zen. Alemanian lan egitea zaila zeukala, 1831n Parisa jo zuen, eta hantxe gelditu, poeta aleman handietako bat dena. 1856ko otsailaren 17 batez jaio zen Heine, eta euskaraz batik bat Joseba Arregik ekarri zuen, aldizkaritan (nagusiki Hermes) eta gero Heineren olerkiak (Rementeria, 1927) liburuan bildu zituen. Osorik irakur dezakezu hemen, Heine euskarara ekarri duten beste autoreen (Klaudio Sagarzazu, Martin Oiartzabal, Anbrosio Zatarain, Jokin Zaitegi, Joseba Sarrionandia) itzulpenekin batera.
Merezi izan zuela Martha Gelhornen obra ezagutzea, non Night Before Easter izeneko narrazioa gailentzen den, esaten du Edorta Jimenezek: “Apartekoa da. Ez literaturaren aldetik dituzkeen balioengatik, horiek zein diren edo ez diren ez bainuke esaten jakingo. Halakorik ezin bihotza ostu dizun ezein kontakizunekin. Izan ere horrexegatik da niretzat apartekoa narrazioa: bihotza ostu zidalako”. Eta halaxe, Pazko bezperako gaua ipuina ekarri zigun euskarara, kazetari eta idazle estatubatuarraren narratiban sartzeko ate aproposa.
Hainbat jakintza alorretan interesa izandakoa eta ikertutakoa, gai aldetik oso obra heterogeneoa da Marcel Schwob idazlearena. Sinbolistengandik hurbil ibilitakoaren obra, dena den, estilo jori eta dotoreak batzen du. XX. mende hasierako autore frantses askorengan eragina izan zuen. Euskaraz Schwoben lau liburu irakur daitezke, osorik. Mimoak (Baroja, 1986) lana itzuli zuen Mikel Lasak duela 40 urte, eta geroztik Periko Diez de Ultzurrunek Urrezko maskaradun erregea (Pamiela, 1987), Literatura Unibertsala bilduman Bizi alegiazkoakJuan Garziak (Ibaizabal, 2002) eta, azkena, Xabier Bovedak, Umeen gurutzada (Labayru, 2018).
Idaztea, niretzat, iluntasunetik babesteko desira bat da, mundura leihoak irekitzeko desira bat” idatzi zuen Bernard Dadie idazle bolikostarrak. Eta idazten gurutzatu zuen mende oso bat, 1916ko otsailaren 11n jaio, eta 103 urte geroago hil baitzen, 2019an. Climbié eta Le pagne noir narrazioen egileak kolonialismoaren zama bertatik bertara nozitu eta salatu zuen, hala bere literaturan nola bere bizitzan. Narratibaz gain, antzerkia ere jorratu zuen, eta poesia. Mendea bete zuelarik, Josu Landak Dadieren zortzi poema euskaratu zituen.
50 urte zituela, 1967ko otsailaren 5ean isildu zen Violeta Parra kantari eta poetaren ahotsa. Heriotzarako hautua egin zuen Violetak, urtebete lehenago mundu osoan eta hainbat hizkuntzatan kantatua izan den Gracias a la vida kantua, ereserkia dagoeneko, plazaratu eta gero. Ez Dok Amairuren garaian ezagutarazia Euskal Herrian, artista txiletar handiaren zenbait kantu euskaraz irakur eta entzun litezke. Eskerrak bizitza eta Eskerrak bizitzari bertsio bana eman zuten Amets Arzallusek eta Garazi Arrulak. Josu Landak sei pieza euskaratu zituen, eta Miren Amurizak kantu bat ekarri zion euskarari. Hemen irakur ditzakezu denak. Eskerrak bizitza | Aire ahizpak
Israelgo estatua Gazan burutzen ari den genozidioaren karietara, EIZIEk kaleratzen duen Senez aldizkarian, Hamahiru poeta palestinar: gailendu dadila hitza poema-bilduma plazaratu zen. Isabel Etxeberria Ramirezek koordinatua, hamalau itzultzaileren eskutik, XX. eta XXI. mendeko hamahiru poeta palestinarren hitza ekarri zuten plazara. Eta orain hitza ahots bihurtu dute Azpeitiko Apoako kideek. Poesia literatur talde honetako partaideek hamahiru poeta horien poemak grabatu eta sareratu dituzte. Hementxe entzun ditzakezu.
Apoa ekimeneko lagunek, lau poema hauek helarazi dizkigute guk ere sarean entzuteko: Hanan Ashrawi Ainhoa Odriozolaren ahotsean: