Uzt 25 12

Jose Mendiage pastorala

Uztailaren 29an lehenik eta abuztuaren 5ean ondoren, Jose Mendiage idazleari buruzko pastorala jokatuko du Arrokiagako herriak, Jean Bordaxarrek idatzia. Mendiage (1845-1937) Ameriketara joan zen hemezortzi urte zituela eta Argentinan, Txilen eta Uruguain bizi izan zen Montevideon hil zen arte. Itsasoaz bestaldean ezagutu zituen Iparragirre, Otxalde eta Otaño. Zazpiak bat liburuan (1900) eta aldizkarietan argitaratutako Mendiageren bertso eta olerkiak Piarres Xarritonek batu zituen 1992an Jose Mendiague, haren bizia eta haren kantuak bilduman, tartean noski Kantuz izeneko oso ezaguna. Pastoralaren mustrakako irudiak (uztailaren 15ean hartuak) Kanaldude telebistan dituzu.

Uzt 19 12

Itsas hilerria, Paul Valery

Andre Gide idazleak eta Gaston Gallimard editoreak sustaturik Paul Valeryk hogei urteko isilaldia amaitu eta La jeune Pataque poema luzea argitaratu zuen 1917an. Hiru urte geroago bildu zituen 1890-1900 urteetan idatzitakoak: Album de vers anciens. Eta 1922an plazaratu zuen Charmes ou poèmes liburua, beste batzuen artean Itsas hilerria (Le Cimetière marin) poema zekarrena, hain famatua Frantziako literaturan; Miel Anjel Unanuak euskaratu zuen 1990ean Hegats aldizkarian. Paul Valery Okzitaniako Seta-ko hilerrian datza 1945eko uztailaz geroztik.

Uzt 12 12

Baroja hil zen duela 100 urte

Barojatarrek Beran erositako Itzea etxean hil zen Serafin Baroja 1912ko uztailaren 16an. Donostiako Plaza Berriko (gaur Konstituzio Plazako) etxeetako batean 1840an jaioa, ingeniaria izan zen, ideologiaz liberala, lau seme-alabaren aita: Dario, Ricardo margolaria eta Pio eta Carmen idazleak. 1875ean Gazi-gezak poema liburutxoa argitaratu zuen. Eta hiru urte geroago idatzi zuen Pudente lehen euskal operaren libretoa, 1894an Donostian taularatua Jose Antonio Santestebanen musikaz. Geroago Santestebanen Lutxi opera (1904) eta Hamahiru damatxo zarzuela ere jantzi zituen. Barojaren kantu denontzat ezagunena San Sebastian martxa da, Sarriegiren doinuaz. Idazlearen bizitzako zertzeladak Joxemiel Bidadorrengandik ezagutu ditzakezu, baita ere Patri Urkizuk 1988an Txertoa argitaletxearekin plazaratutako bilduman.

Uzt 05 12

Eako 9. Poesia Egunak

“Gabriel Arestiren koplak ahoan” hitzaldiarekin abiatuko ditu Xabier Amurizak Eako Poesia Egunak uztailaren 13an, ostiral arratsaldean. Biharamunean, uztailaren 14an, Mikel Elorzaren hitzaldi bat, Iñigo Astiz eta Jon Gerediaga eta Ione Gorostarzuren poemen irakurraldia eta Mikel Lasaren poesiari buruzko solasaldia izango dira. Eta uztailaren 15ean bi errezitaldi: Leire Bilbaoren Scanner liburuan oinarritua bat eta bestea Ez dok/n armairu. Asteburuan, zenbait antzerki emanaldiez gainera, Norte Apachek eta Ruper Ordorikak kantaldi bana eskainiko dute.

Uzt 04 12

Bazterrak, Uxio Novoneyra

Lugoko Courel mendikatean dagoen Parada de Moreda herrixkan jaio zen Uxio Novoneyra poeta 1930ean eta Galiziako Idazleen Elkarteko lehendakari zela hil zen 1999an. Biriketako gaitz baten kariaz atseden luzea egin behar izan zuenez 1953an hasi eta hamar urtez, sasoi harexetan Courelgo mendi goietan bakardadean idatzitakoa da Bazterrak (Os eidos, 1955) poema liburua, Koldo Izagirrek euskaratua Novoneyra beraren laguntzaz, Pamiela etxeak 1988an bi liburukitan argitaratua, eta orain sarera osorik dakarguna. Luis Pimentelek, Celso Emilio Ferreirok eta Uxio Novoneyrak osatu zuten gerraosteko poesia galegoaren hirukote nagusia.

Agenda

Efemerideak

Kritikak