Urr
30
08
Kazeta lan bikainengatik da ezaguna Alberto Barandiaran, Berria egunkariko kronikagilea. Euskaldunon Egunkariak argitaratu zion Gaizkileen faktoria saiakera liburua, Hemingway idazleak euskaldunekin izandako harremanak aztertzen zituena; eta hura baino lehentxeago plazaratu zuen Ez zaigu ahaztu, Argentinako diktadura militar garaian desagerrarazitako euskal jatorriko hainbat laguni buruzko kronika lazgarria. Baina fikziozko lanik ere eman du Alberto Barandiaranek: hamalau narrazio laburrez osatutako Mundu txikia (2005, Susa), pertsonaien karakterizazioan trebetasun berezia erakutsiz. Orain osorik eskaintzen dizugu sarean.
Urr
23
08
Juanjo Olasagarreren lehendabiziko nobela, Ezinezko maletak (Susa, 2004), italieraz plazaratu berri du Milanoko Gran Via Edizioni argitaletxeak, Fabio Cremonesi editore duela. Valigie impossibili dauka izenburua. eta Roberta Gozzi itzultzaileak aurreneko hiru kapituluak igorri dizkigu.
Urr
23
08
Gaurkoa bezalako egun batez, 1858ko urriaren 23an hil zen Baionan Agosti Xaho Lagarde. Atharratzen 1811n jaioa, hemeretzi urterekin Parisera joan zen lege ikasketak egitera, eta han igarotako hamabi urteetan ezagutu zituen erromantizismoaren bideak eta giroa. Kazetari, politikari eta idazlea izan zen Xaho, Ariel eta Uskal Herriko Gaseta agerkarien sortzailea. Frantsesez izkiriatu zituen ia lan guztiak, baina hemen dituzu euskarazko idazkiak bildurik: Azti-Begia. Eta baita ere Kantutegia, Xahok bildutako 100 kantu, sekulan inprimatzea lortu ez zuen bilduma, baina Patri Urkizuren edizioari esker 2006an argitaratua.
Urr
22
08
1988an irten zen plazara Myriam Villasante, poema liburu batekin: Xaguak soka-saltoan. Bere lehen eta, oraingoz, azken liburuarekin. Lerro motzeko poemak, hitz-joko, errepikapen eta batzuetan tipografia aldaketak baliatzen dituztenak. Ez zen, hala ere, Barojarekin eta publikatzearekin izandako lehen harremana. Urte horretan bertan Raul Guerra Garrido idazlearen Maitasun objektu eztizkoa eman zuen argitara Baroja argitaletxeak, eta Myriam Villasante arduratu zen euskaratzeaz. Biak osorik eskaintzen dizkizuegu.
Urr
14
08
Duela 75 urte, 1933ko urriaren 14an, Bilboko Berroeta Aldamar kaleko 2 zenbakian 6garrenean (ganbaran) jaio zen Gabriel Aresti. Lehen poemak Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu zituen 1954ko udazkenean Guatemalan, eta baita ere itzulpen batzuk: Shakespeare, Baudelaire eta Verlaine. Laster Olerti, Egan eta Karmel agerkarietan plazaratuko zituen beste zenbait lan, eta Euskera aldizkarian Maldan behera. Aurreneko liburua Kuliska Sortan (Zarautz, 1964) argitaratu zuen: Harri eta herri, 1963an Orixe Saria jasotakoa. Laudatua, arbuiatua, zentsuratua, miretsia, iraindua, kantatua, gure letretako handietarik bat izan zen Aresti: poeta, antzerkigile, itzultzaile, hiztegigile, editore… literaturari eskaini zion bizia. Gabriel Arestiren XX. mendeko poesia kaiera apailatu zuen Koldo Izagirrek 2000. urtean, eta orain osorik eskaintzen dizugu sarean, hitzaurre eta diskografia lagungarriekin.
Urr
13
08
Jean Diharce, Xabier Iratzeder fraide eta poeta Belokeko beneditarren monasterioan hil da Ahurtin, 88 urterekin. Pierre Lafittek azkartu zion euskararekiko atxikimendua Uztaritzen ikasketak egiten ari zelarik. Hamasei urte zituenean gaixorik hilabete batzuez etzanik egon behar eta berrehunetik gora abesti ikasi zituen; “horrek erakutsi zidan bertsoak nola egin behar ziren, euskal kantua izan da ene eskola”. Nazien aurkako gerran galdutako Mixel anaia, senideak eta adiskideak, baina batez ere Euskal Herria eta Jainkoaganako sentimenduak izan zituen kantagai. Otoitza kantuan, horixe da Iratzederren poesia. Biziaren olerkia eta Biziaren gudaldia memoriak idatzi zituen, eta olerki liburu asko. Koldo Izagirrek apailatutako XX. mendeko poesia kaiera osorik duzu hemen, eta poema bilduma hauek Klasikoen Gordailuan:
Urr
09
08
Okzitanierazko literaturaren XX. mendeko idazle handietako bat dugu Bernard Manciet. 1923ko otsailean Sabresen jaioa, Mont de Marsanen zendu zen 2005ean, ekainaren 3an. Bordelen ikasketak egin eta frantses estatuko diplomatiko jardun zuen —halaxe aritu zen Alemaniako berreraikuntza prozesuan eta Nurembergeko Auzian—, eta kultur sustatzaile, Óc aldizkariari lotua, eta idazle. Poeta eta narratzailea, antzerki autorea ere, idazteaz gain hainbat emanaldi ere eskainia da bere poemen gaineko ikuskizunetan. Lo dider de Guernica (Gernikarena / Gernikaz errana) poemak egin du, batez ere, ezagun gure artean, baina hura baino lehen euskarara ekarria zuen Jon Mirandek haren testu bat, Burua, eta Euzko-Gogoa aldizkarian 1957an eman plazara. Gerora, Maiatz aldizkariaren 21. zenbakian Luzien Etxezaharretak euskaratu zuen Gernikaz errana (Lo dider de Guernica). Testu hori bera, jatorrizkoa, frantsesezko eta espainierazko itzulpenak ere argitaratu zituen Maiatz aldizkariak berriro, 2005eko 41. zenbakian, urte horretan zendua zen Bernard Manciet idazleari omenez. Horretaz gain, Andres Urrutiak ere idatzi zuen artikulu bat eta olerkari gaskoiaren pasarte bat euskaratu Idatz & Mintz aldizkariaren 39. zenbakian, 2004an. (gehiago…)
Urr
08
08
Bart gauean hil zen Gotzon Garate abade eta idazlea Deustuan, 74 urte zituela. Elgoibarko jostun baten hamaika seme-alabaren artean gazteena zen, 1934ko irailaren lehenean sortua. Esku leunak (1977) izan zen argitaratu zuen aurreneko nobela, eta Bilbon girotutako Izurri berria (1981) irakurriena. “Bost polizia eleberri idatzi ditut; kontuan hartuta hogeita hamar liburu baino gehiago idatzi ditudala, ez dira asko ere” adierazi zion Hasier Etxeberriari Jakin aldizkarirako elkarrizketa luze batean 2005ean. Saiakerak, ipuinak, nobelak idatzi zituen, baita kronika ederrak ere, New York, New York (1988) gogoangarria bezalakoak. Gotzon Garateren gomutan, bere hiru nobela eta bi ipuin liburu eskaintzen dizkizugu osorik: