Uzt 30 08

Larruzko botaren ikerketa, txinatar anonimoa

Song dinastiako Huizang Bidearen jauna enperadorearen garaiko istorioa kontatzen du Larruzko botaren ikerketa kontakizunak, narrazio txinatar anonimoak, k.o. X. mendeko istorio baten berri dakarguna. Elezahar txinatarren tradiziotik edaten duena, poemaz apainduriko narrazioa, Maider Etxaidek euskaratu zuen eta Baroja argitaletxeak publikatu 1986. urtean. Testuko pertsonaia historikoen, zenbait ohitura eta hitzen esanahiari buruz testu amaieran badira itzultzaileak emandako hainbat ohar. Osorik eskaintzen dizugu elezahar txinatar hau.

Uzt 24 08

Edorta Jimenezen
USAko kontakizunak

Paiute indiar batek Edorta Jimenezi diotso: “norena da lurra, norena airea, norena ura?; horiek ez dira gureak, beraz ezin dira saldu, ezta ere erosi”. Esan gabe doa, Amerikako Estatu Batuetako errealitatea oso bestelakoa da aspaldian, inperioak bertakoen tradizioa jainko berriez ordezkatu zuenetik. Edorta Jimenezek 2002an eta 2005ean egindako bidaietako kontakizunak eskaini zizkigun Koioteren arrastoa liburuan (2006, Susa), eta aste honetan osorik emana duzu sarean. Ia mila froga atomiko egin izan diren Pyramid Lake aintziran igeri eginez murgiltzen da Edorta Nevadako mortuan, eta hortik aurrera kontraste handiko bizimoduak erretratatzen dizkigu: Renoko unibertsitatea, Idahoko indioen ipuinak, mormoiak, euskaldun amerikanoak, Koreako gerran hegazkin pilotu izandako Hemingwayren ezaguna…

Uzt 16 08

Alarconen Heriotzaren laguna

1833an Espainiako Granadako Guadixen jaioa, XIX. mendeko korronte errealistaren barruan kokatu ohi da Pedro Antonio de Alarcon. Ideia liberal eta are iraultzaile samarrekoa, bere pertsonaietan ere islatu zuen ideologia hori. Hainbat aldizkariren sortzaile, Madrilen lan egin zuen eta hainbat eleberri, antzerki lan eta kronika idatzi (Afrikako gerrari buruzkoa nabarmentzekoa). Heriotzaren laguna bere narrazioa antzezlana euskaraz irakur daiteke, Anjel Valdesek euskaratua. Gil Gil pertsonaiaren istorioa kontatzen digu, XIX: mendeko Espainian izandako ibilerak, Elenarekiko amodioa eta Heriorekin egindako tratua. Baroja argitaletxeak 1987an argitaratua, orain osorik eskaintzen dizugu. (gehiago…)

Uzt 15 08

Erkiagaren lehen nobela argitaratu zela 50 urte

Itxaropena inprimategiak sortutako Kuliska Sortan argitaratu zen duela 50 urte Zarautzen Eusebio Erkiagaren lehendabiziko nobela: Arranegi (1958). Zortzi urte lehenago, 1950eko uztailean ipini zion hitzaurre laburra idazleak: “Ene jaioterri kutuna, inoiz neurtitzez goretsi izan arren, noizbait hitz lauz ere ederresteko zorra neban gogotan hartua. Ipuin edo elebarri honen gertaleku, Lekeitio eta bere mugak dira; toki-izenak bai egiazkoak dira, baina jazokunak eta lagunak asmaturikoak”. Arranegi herria bera da beraz protagonista, Lekeitioko gertaerak, eguneroko zorion eta ekaitzekin: arrantzaleen bizitza, jaiak, ohiturak eta herriko seme-alabak… horien artean aipatuena, Zuriñe. Klixez osatutako eleberria duzu Erkiagarena, beti morala (Jainkoa eta ohitura zaharrak). Balio literario nagusia tokien deskripzioen ederrean datza.

Uzt 10 08

Bernardo Atxagaren
XX. mendeko poesia kaiera

Duela 30 urte, 1978ko ekainean argitaratu zuen Bernardo Atxagak bere kasa Etiopia poema liburua, Pott Liburutegiko lehen ale moduan (baina azkena eta bakarra ere izango zena). Poesia sozialari bezala poesia existentzialari uko eginez eta sentimentalismoari adina baikortasunari bizkar emanez, jardun poetikoari berari buruzko jarrera berri bat ekarri zuen: abanguardia, transgresioa, irudiaren nagusia, marginalitatearen edertasuna. Poeta gazteagoen aldarri eta eredu bihurtu zen, belaunaldi berriek behar zuten modernotasun literarioa. Bernardo Atxagaren XX. mendeko poesia kaiera apailatu zuen Koldo Izagirrek 2000. urtean, eta orain osorik eskaintzen dizugu sarean, hitzaurre eta diskografia lagungarriekin.

Uzt 07 08

Eako Poesia Egunak

Bosgarren urtez egingo dira poesia egunak Ean, uztailaren 19 eta 20an. Koldo Izagirreren Emakumeak trena hartu zuenekoa hitzaldiarekin hasiko dira ekitaldiak larunbat goizean; bazkalosteko tertulian parte hartuko dute Itxaro Borda, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola eta Castillo Suarezek; arratsaldean Asier Serranoren musika eta poesia saioa; eta gauean errezitaldia: Jon Arano, Aintzane Galardi, Oier Guillan, Karmele Igartua, Fertxu Izquierdo, Ibai Iztueta, Xabier Montoia, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola, Castillo Suarez, Ainhoa Unanue. Igande goizean mahai-inguruan izango dira Iñigo Aranbarri, Irati Jimenez eta Eider Rodriguez; eguerdian Itxaro Bordaren errezitaldia; eta arratsaldean Katamalo ikuskizuna bihotz bakartien klubarekin.

Uzt 03 08

Woody Allenen
Jo ezak berriro, Sam

Dudarik gabe zinemagile gisa ezaguna, autore lan oparoa ere idatzia du Woody Allenek. Bere monologoez gain, zenbait antzerki lanek oihartzun handia lortu dute eta mundu zabalean jokatu dira. Jo ezak berriro, Sam, Allenen bigarrena, da horietako bat, autore eta aktorea lanean zuela Broadwayn arrakasta itzela izan zuena. Allan Fix protagonista duen istorioa, Zintzilik taldeak jokatu zuen Donostiako Victoria Eugenian, 1986ko irailean, Joakin Cuetok zuzenduta. Anjel Valdesek euskaraz jarria, urte berean plazaratu zuen Baroja argitaletxeak, eta orain hemen eskaintzen dizugu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak