Urr 31 26

Nerea Ibarzabalen Bar Gloria edo etxetik kanpo bizitzearen kezkak

Telmo Trenado eduki sortzaileak Nerea Ibarzabalen Bar Gloria liburua ekarri du Plaz! podcastera.
Liburuko istoriotik abiatuta, etxetik eta herritik ateratzeaz, inkomunikazioaz eta anai-arreben arteko harremanez aritu dira. Tabernek gure bizitzetan duten lekuaz ere hausnartu dute, elkartzeko eta harremanak sortzeko espazio gisa. Zer aldatzen da herritik kanpo bizitzera goazenean? Eta zenbateraino partekatzen dugu barruan daramaguna gertukoenekin?

Urr 29 26

Armiarma.eus eta Wikipedia elkarlanean

Armiarma literaturaren sarean datuak biltzen dabil etengabe -idazleak, liburuak, kritikak…- eta Literaturaren Zubitegia osatzen dute datuok. Azken zortzi urteotan datuak trukatu eta Wikipedian ageri dira mundu osoaren eskura. Wikidatak 14 urte bete ditu, eta berriro  elkarlanean ari gara euskal literaturaren egoera zein den ikusteko.
Armiarma datu-basean dauden 1.119 idazleak parekatu ditugu, eta euskarazko literaturan azken hiru urtetan idatzi diren liburuak ere igo dira Wikidatara.

Datuak eta grafikoak

Euskal wikilarien elkarteak argitaratutako albistean ikusi daitekenez, idazleen generoa, jaiotako herrialdea, 1958. urtetik argitaratu diren tituluak eta generoak, argitaletxe bakoitzaren tamaina argitaratutako liburuei dagokionez, eta beste informazio asko ere oso modu grafikoan ikusi daiteke.

Urr 23 26

Miren Amurizaren Pleibak liburuari buruz
Plaz! bideopodcastaren lehen saioan

Plaz! bideopodcasta, euskarazko literatura beste modu batera ezagutzeko plaza da. Irakurle sutsua den Nahia Sillerok gidatuta, atal bakoitzean gonbidatu ezagun batek liburu bat izango du abiapuntu.
Lehenengo saioan Jone Arriolak, Elgoibarko zinema zuzendari eta gidoilariak, Miren Amurizaren “Pleibak” liburua ekarri du Plaz! podcastera. Liburuko istoriotik abiatuta Pleibak gaztaroko erreferentziez, ametsez eta laguntasun-harremanez aritu dira podcastaren atal honetan.
– Baina, kontziente al gara laguntasun-harremanak ere hautsi daitezkeela?
– Eta zer gertatzen da lagun batekin dugun harremana amaitzen denean?
– Nola egiten zaio aurre lagun baten galerari?
Hori guztioiri galdetzen digute lehen saio honetan. Ikusi eta entzuteko moduan dago sareetan.

Urr 20 26

Maialen Berasategi Catalánen Erreplika

Zer den bizitza eta zer kontakizuna, bien arteko traizioa bistaratuz aurkeztu du Maialen Berasategi Catalánek bere lehen nobela: Erreplika (Susa, 2026). Idazlegai baten eta idazle adindun baten arteko enkontrua itsasertzeko etxe batean. Sos gutxi eta grina handia duen ikasle gaztea da Mara Meleiro; hark sakon miresten duen idazle eskarmentatua, berriz, Maria M. Muller. Iraganeko amorrua eta musak galduta, etxe apartatu batean bizi da orain, maitale ohiak gogoan, zakurra paseatzen, lorategiari erne. Bakardadearen Jainkosa da, Meleiroren begietara. Ikasle-egoitza batean bizi da bera, edertasun zakarraren bila. Gezurrak egia asko salbatzen dituen egunez beteriko eleberria hizkuntz eta estilo erakustaldi bikain batekin ondu du idazleak, literaturaz betetako lan gozagarrian.

Erreplika

Urr 15 26

Tomas Meaberen alegiak

Idazle eta politikari bilbotarra, 1879ko urriaren 15ean jaio zen Tomas Meabe: giro abertzalean hazia, sozialista, gazte hila, gizonaren alde paratutakoa… ez da harritzekoa haren lanaren itzultzailea Gabriel Aresti izatea. Kriselurekin editatu eta argitaratu zuen 1968an Hamalau alegia, euskaraz ez ezik, gaztelaniaz, galegoz eta katalanez, liburu berezi eta apainean. Meabek idatzitakoetatik batzuk, alegiotan ezagutuko ditugu piztia gaiztoak eta piztia onak, noski. Baina batez ere militaristak eta aberats okituak ezagutuko ditugu, gizakia zapaltzen duten indar ilun horiek. Eta pobreak, eta langile xumeak, eta ume dohakabekoak. Gure eskoletan derrigorrezko irakurketa izan behar lukeen liburua, ederra bezain menostua. 1960ko Olerti-n Juan San Martin-ek ere euskaratua zuen alegia horietarik bat.

Urr 09 26

Anne Carsonen poemak

Azken hamarkadetako poeta ingeles gailenetakoa, saiakeragile bikaina, 2026ko Nobel saria jaso du Anne Carson kanadarrak. Helenista handia, tradizio klasikoarekiko elkarrizketan egungo literatura ausart eta ederra sortu du. Euskaraz irakurri ahal da: duela bi urte, Literatura Unibertsala bildumaren baitan, Gorriren autobiografia: Nobela bat olerki lerrotan (Igela, 2024) euskaratu zuen Joxe Mari Berasategik. 2024an bertan, Egan aldizkarian, Izaskun Etxebeste Zubizarretak Carsonen Glass, Irony and God  liburuko  Kristalezko saiakera poema narratibo luzea itzuli eta plazaratu zituen, hemen irakur ditzakezunak.
annecarson

Urr 08 26

Negrotasunaren hiztegia

Duela 25 urte hil zen, 2001eko urriaren 8an, sortzez Alexandre Biyidi-Awala eta idaztez Mongo Beti izan zena. Parisko Sorbonan ikasi zuen, Afrika frankofonoaren eliteek ohi bezala. Kamerunera itzulirik nobelagintzari ekin zion. Le Pauvre Christ De Bomba (1956), Frantzia kolonialaren eta Eliza katolikoaren bortizkerien salaketa da, kritikaren erregarria areagotu egiten duen umore zorrotzean. Maisulantzat hartu zuten metropoliko literatur zirkuluek eta ikono bat bihurtu zen Mongo Beti. Independentziaren osteko neokolonialismoarekin kritiko, erbesteratu beharra ekarri zion, eta Frantzian jardun zuen irakasle 30 urtez. Hainbat eleberri eta saiakera idatzi zituen, besteak beste Dictionnaire de la Negritude (1989). Koldo Izagirrek euskaratutako bost sarrera interesgarri eskaintzen dizkizuegu.

Urr 01 26

Eleberri handiak atalka

Urriaren 1ean argitaratzen hasi ziren, aldizkarietan eta atalka, XIX. mendeko bi eleberri ezagunenetakoak, literatura unibertsaleko gailurretan daudenak biak. Duela 170 urte argitaratu zen Madame Bovary-ren lehen atala, 1856ko urrian, Revue de Paris aldizkarian. Urritik abendura bitartean kaleratu zen aldizkarian, eta hurrengo urtean liburu moduan, eta argitaratu eta berehala jaso zuen Gustave Flaubertek prokuradore nagusiaren salaketa, immoralitate eta obszenitateagatik. Euskarari Patxi Apalategik ekarri zion eta Literatura Unibertsala bilduman plazartu (Ibaizabal, 1993). Epaitegietako zalapartarik gabe, baina oihartzun ikaragarriz, 25 urte geroago, 1881eko urriaren lehenean argitaratu zen Robert Louis Stevenson eskoziarraren  Altxor uhartea-ren lehen atala, Young Folks aldizkarian.  Liburu gisa handik bi urtera eman zuten, eta euskaraz Literatura Unibertsala bilduman agertu zen, 1991n, Maria Garikanok euskaratua. Lehenago Xabier Etxanizek ere euskaratua zuen, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu 1985ean, eta Iñaki Mendigurenek ere bai 1994an, Elkar argitaletxean hau ere.

Agenda

Efemerideak

Kritikak