Mar
26
15
Aurrera doa Susa argitaletxearen egitasmoa eta kalean da Munduko Poesia Kaierak bildumako hirugarren sorta. Udaberriaren hasmentarekin, Anne Sexton, Sophia de Mello eta Gabriel Ferrater poeten lanak ekarri dituzte euskarara, hurrenez hurren, Harkaitz Canok, Iñigo Roquek eta Aritz Galarragak. Anne Sexton (1928-1974) poesia konfesionaleko idazle garrantzitsua da AEBetan; Sophia de Mello (1919-2004) portugaldarraren obra erreferentzia klasikoek zipriztintzen dute; Gabriel Ferraterrek (1922-1972) gerraondoko poesiagintza katalana eraldatu zuen.
Mar
26
15
Garbiki mintzo da Eskualduna desertzioaz, alemanek sustatu ele gaiztoek erraten dute ez dela desterrua hemengo Euskal Herritik hango Euskal Herrira joatea, gerla bukatu bezain laster duela berrogeita lau urte gertatu zen moduan horientzat barkamendua izanen dela, gezurra da hori, ez da barkamendurik izanen gerla honetan bere eginbidea bete ez duenarentzat, Eskualduna-k zigorrak ditu aletzen. Austriarren gibelatzea, Italiaren jarrera, Konstantinopolis berriz ere erortzear delarik turkiarren ahultzea, kazetaren irudikoz beldurtzen hasia da Alemaniako Gilen. Bestalde euskaldunak non diren barreiatuak agertzen digu, deskantsuan dira, urtarrilaren azken egunetik ez dute indarrik egin. Erromatar soldaduen hezurrak topatu omen dituzte, duela bi mila urtekoak, pausaleku horretan gerla gehiago izan dira baina oraingoarekin deus ez. Lehiaketa bat pausatu digu Eskualduna-k aste honetan, Errusiarrek Przsemysl hiria hartu omen dute, “bi sos, hitz hori hobekienik, xuxenkienik irakurtuz erraten duenari, hutsik gabe”. Ezaguna denez, Zuberoako kronikariak ez ditu sozialistak maite.
Mar
19
15
Eskualduna-k zuhurtzia eta harrotasun anoak neurri bertsuan ditu banatzen. Gerla noiz finituko den galderari erantzuten ahalegintzen da. Alemania galtzez da nagusi, bideak idortuko dira eta aliatuak Alemaniara mugituko dira, Konstantinopolis erortzear da eta eskualde hartako herri txipiak harrituko dituzte aliatuek elez eta ekintzez. Ez omen dute Japonia, Italia, Errumania, Greziaren beharrik, alde jartzen badira hobe, fite egin dezatela hautua, bihar berantegi izan liteke. Gisa berean zuhurtzia ageri da Eskualduna-ren kroniketan, etsaiaren ahalak, ahal guztiak finituko direnean finituko da gerla, zuhurtziak irabaziko du gerla, erokeriak gal lezake. Haurride saldoa gerlan dituenarendako kontsolamendu eskasa.
Mar
18
15
Hiltzaile baten bila (Kriselu, 1975) gure literatura industrialaren abiapuntua izan zen, hiru osagarriz moldatua: jenero literario popularra, nobela beltza; abentura desberdinak biziko dituen protagonista bat eta beti berdina, liburuz liburu errepikatua; idazkera lau eta tolesturarik gabekoa, euskara ikasten ari zirenen edo ikasi berrien lagungarrizko materiala. Xabier Gereñok merkatuaren legera edo merkatua izan zitekeen hartara makurtuz garatu zuen bere liburugintza. Jurgi itsas kapitainaren abenturek, ordea, erraz aspertuko dute beste edozein hizkuntzatan nobela beltz bat irakurri duen edonor, xalotasuna ez baita jenero honi egokitzen zaion jantzia. Inguru tradizionaletik kanpo mugitzen baita, esan genezake aldi batez gure nobela beltzaren lehen protagonista modernoa izan zela Jurgi kapitaina, benetako modernoak heldu ziren arte. Xaloak ez direnak, alegia.
Mar
12
15
Bihotzaren altxagarri diren zenbait pasadizo berritzen dizkigu Eskualduna-k, baina gisa berean gaztigatu bihozgabeak ere badirela gutartean. Berriak egunka sailak maiz aurreko astekoaren errepika dirudi. Kazetak agertzen duenez Konstantinopolis garaituez gero, soka bilur zabal eta luze bezain tinkoa ezarriko genioke etsaiari, Euzkadi-n Kirikiñok dioskunez Bosforoa urrun dute oraindik aliatuek. Itsasaldean libratzen ari den gerra datuez hornitu ditu Eskualduna-k, aliatuak dira nagusi eta gainera etsaiak ontzi gehiago galdu ditu. Bestalde, Errusiako frontean gerra moldea bestelakoa dela ohartarazten digu. Gutun bat dakarkigu aste honetako kazetak, soldadu batek osaba Ottori igorria, “Zazpi hilabetez gerlan ibiltzeak nahitaez gogortzen du gizona”. Xoriñoen arrangurak bertso-sortan gerraren inguruko gogoetak dakarkigu Oxobik.
Mar
11
15
Mario Onaindiaren Grand Placen aurkituko gara eleberria (Kriselu, 1983) izan liteke zenbaitek azken urteotan hainbeste errepikatu duten (ETAren) “errelatoaren” eredua, izugarri gustukoa izango ez badute ere: emakume politizatu batek maitasun eta askatasun gutunak idazten dizkio presondegian zortzi urte daramatzan senarrari, jakin gabe laster kartzelatik atera eta Bruselara atzerriratuko duela Espainiako Gobernuak. Gutunok presoaren oroitzapen, iritzi eta eguneroko kontuekin tartekatzen dira, urruntzen eta hurreratzen diren planotan. Indar handiko pertsonaia dugu Jone, maitasuna aitortzeak ez baitu Penelope bihurtzen: historia pairatzera egokitu nahi dute bere alabaren aita historia egitera joana den artean, eta ez dirudi ados dagoenik. Egoera politiko-historikoa, herriari “zor zaiona” eman beharra, bizitza pertsonala, autokritika… Mugarri bat gure nobelagintzan.
Mar
05
15
Eskualduna-ren aburuz bertze solasik ez da, oldar handia dute denek aipatzen. Joffrek hogeita hamaika eskutik omen du, eta ezin jakin zuhurtziaz edo xuhurtziaz jokatu nahi duen. Presoak ere hizpide hartu ditu kazetak, gobernuak ez omen ditu presoak ahantzi. Bestalde, alemanen gezurrak salatu ditu, Aita Santua ez da Frantziaren kontrako. Saint-Pierrek soldaduen anoaren ingurukoak berritzen dizkigu, ogia, haragia, pinta erdi bat arno egunean, alta xahakoa negu honetan pausan dago, zimurtua, zoko batean dilingo. Bakoitzak baditu bere bihotz min gordeak baina orok dute kuraia erakusten. Usu denez erlijioa aipatzen du Eskualduna-k, “nehun baino hurbilago dugu hemen Jainkoa”. Lau mila emazte sartu omen dira armada ingelesean, diputatu izan nahi zuten “moko bipil” horiek soldadu bihurtu dira. Zuberoako kronistak ez du sozialistak kritikatzeko egokierarik alferrik galtzen. Bestalde, Liginaga herri txipian bederatzi hil, bost desagertu eta hiru kolpatu gerra hasi zenetik. Kirikiñok Euzkadi-n gaztigatzen digunez aliatuak Dardaneloak igaro eta Marmaran sartu berri dira, Konstantinopolis erortzear?
Mar
01
15
Jakintza ekiteko tresnatzat zeukan foruzale ilustratua izan zen Jose Manterola: lege zaharra, tradizioa eta hizkuntza Euskal Herria hondamenetik ateratzeko oinarri ideologikoak ziren (Jainkoa lagun, noski). Oso gazterik nabarmendu zen polemista bezala hemen eta Madrilen. Diario de San Sebastián egunkariko zuzendari zelarik “¡Los fueros han muerto! ¡Vivan los fueros!” argitaratu zuen 1876ko uztailaren 21ean. Institutuko katedra kendu zioten. Hegoaldeko lehen kantutegia biltzeari lotu zen orduan, lan eredugarria. Campionek Iruñean eginaren miresle, Euskal-Erria aldizkaria sortu eta zuzendu zuen Gipuzkoako kultur elitea bilduz (1880), luze iraungo zuen ildoa urraturik. Post tenebras spero lucem laudorio antzezgarriak Ama Euskadi azaldu aurreko Ama Euskerak suposatu zuen sinboloa erakusten digu; Munduko esamesak Manterolak bertsolaritzari zion abegiaren froga polita da; Gizon beharra eta aberats zikotza alegia morala, gure lehen ipuin modernoa dateke.