Ots 26 04

Hego haizearen konpasean

Poema-liburu aparta dakarkizugu aste honetan: Hegoa haizearen konpasean, Mikel Arregirena. Kriseluk 1975eko irailean argitaratua, indar handiko poeta plazaratu zen liburu eder askoan. Juan Mari Lekuonaren hitzaurrea dakar, eta bertan nabarmentzen da Arregiren “nortasun poetikoa, sorkuntzarako ahalpida eta hizkuntza poetiko bizi-bizia”.

Ots 26 04

Mikel Zarateren Bizipenen bultzadaz

Mikel Zaratek argitaratu zituen poesia liburuetatik bigarrena da Bizipenen bultzadaz. Hasiera eta amaieraren artean, Atsekabezko bizipenak, Atseginezko bizipenak eta Ametsezko bizipenak batu zituen. Ederra ere bada Bitoriano Gandiagak egin zion hitzaurrea, literatur egilearen lanaz berba egiten duen gogoeta. Datorren astean: Bilbo irribarrez.

Ots 26 04

Zaldi Ero idazleekin

Berrehun argazkiko erakusketa duzu Zaldi Ero idazleekin webgunea, Miel A. Elustondok aurkeztua. Literaturarekin lotura duten jendeak agertu ditu: nagusiki idazleak, baina baita ere itzultzaileak, editoreak, kantariak, aktoreak. Lekuentzat ere gorde du txokorik, adibidez: Lauaxeta fusilatu zuten horma edo Arestiren hilobia. Argazki gehiago ekarriko ditu udaberrian, batzuk testuez lagunduak.

Ots 19 04

Larrea Dorretxeko jaunaren eskuizkribua

Juan Perez Lazarragaren eskuizkribua, 1560ko hamarkadan idatzia, eskuratu eta formatu digitalean argitaratu dute. Adituen arabera, Ernazimentu garaian erabiltzen zen letra moldea eta idazkera baino antzinagokoak dira testuarenak. Gai profanoak agertzen dira: amodiozko koplak, bertsoak eta gisakoak. Eskuizkribua osorik sarean jarrita dago.

Ots 19 04

Txistu y tamboliñ aldizkariaren 5.a

Txistu y tamboliñ aldizkariak zenbaki berria argitaratu du. Paperezko edizioa aspaldi utzia (Literatur Aldizkarien Gordailuan osorik eskuragarri), Durangaldeko koadrilak 2002ko ekainean berrekin zion argitaratze lanari, Interneteko edizioan orain, eta hauxe duzu bosgarrena. Ohi bezala, poemak, artikuluak, hemeroteka… aurkituko dituzu.

Ots 19 04

Mikel Zarateren Utopiaren fantasian

Liburua inprentan zen Mikel Zarate hil zenean, eta handik lasterrera kaleratu zen Utopiaren fantasian liburua, Kriselu argitaletxeak plazaratua. Testu laburrez osatutako lana, utopia, hainbat utopia desberdin dituzte ardatz liburua osatzen duten testuek. Hitzaurrea Luis Haranburu-Altuna editoreak egina da (1979ko aberri egunean idatzia, hitzaurrearen amaieran nabarmentzen denez). Datorren astean: Bizipenen bultzadaz.

Ots 19 04

Koldo Izagirreren Gauzetan

Testua zein jenerori dagokion erabaki aurretik harrapatuko zaitu testuak berak. Hitzak gauzetan jarri zituen Koldo Izagirrek, baina ez zen gauzez ari. Gauzen bitartez ari zen. 1979ko irailean plazaratu zuen Gauzetan liburua Koldo Izagirrek, Ustela Saileko bildumaren baitan. Sei sailetan, sei gauzatan banatutako hogeita gehiago testuz gozatzeko aukera paregabea. Osorik irakur dezakezu Izagirreren liburua, Ramon Sanchez Lasaren azal eta marrazki eta Joxan Artetxeren marrazkiez apainduta datorrena.

Ots 12 04

Arestiren Bilbon oinez

Gabriel Arestiren poesiak Bilbo gogoratzen digu. Bilbon ere gogoan hartu daiteke Aresti, edo hori da behintzat datorren larunbatean otsailak 14, Literatura Eskolakoek egin asmo dutena. Goizean Koldo Izagirrerekin batera Gabriel Arestiri buruz aritu ostean, arrasti partean ibilbide bat egingo da. Arestiren jaiotetxea, inguruko kaleak, bere omenez daudenak, lagunen lanak… ezagutuko ditu bertaratzen denak. Ibilbidearen mapa, tokiak eta argibideak Interneten daude eskuragai. Hitzordua: Kalderapekon arratsaldeko 17:00etan.

Ots 12 04

Mikel Zarateren Higidura berdez

Lehen poesia liburua du Higidura berdez Mikel Zaratek, Irun hiria saria irabazita Gipuzkoako Aurrezki Kutxak argitaratua. Lizardi, Lauaxeta eta Aresti omenduko ditu liburuan. Hiru zatitan banatua dago: Gelan, baserrian eta hirian eta horrela Mikel Zarateren lana bera islatzen da bertan; ikasketak, Lezama eta Bilbo. Hitzatze esanguratsua du liburuak: Eraman ezazu haizetara,/ eraman ezazu eguzkitara,/ eraman ezazu baserrira/ eta hirira,/ ikastoletara,/ etxeetara,/ irratira,/ telebisiora…,/ edonora./ Baina ez sartu,/ mesedez,/ faborez,/ inongo bitrinatan;/ ez lurperatu/ sekulan santan.
Datorren astean: Utopiaren fantasian.

Ots 12 04

Pako Aristiren lau poema erdaraz

Josebe Alkortak Pako Aristiren “Libreta horiko poemak” liburuko bi poema paratu ditu ingelesez. Bestalde, galegoz eta espainolez bana jarri du Pako Aristik berak: Sen romance eta Reconversión industrial. Susaren webgunean zazpi-zortzi hizkuntza ezberdinetara itzulitako poemak irakurriko dituzu.

Ots 12 04

Daniel Garbizuren Espaloietako ginola

1980ko apirilean karrikaratu zen Daniel Garbizuren Espaloietako ginola. Ustela Saileko hamahirugarrena, poema-liburua duzu Garbizurena. Hogeita bi poema bildu zituen Garbizuk liburuan, eta Jabier Etxenikeren irudiez ata azalaz apaindu. Osorik daukazu orain irakurgarri.

Ots 05 04

Hitzaldiak irakurgai

Literaturaren inguruan hitzaldiak antolatzen dira han hemenka. Horietako batzuk gainera Interneten argitaratzen dira gero. Paperean ere argitaratu izan ohi dira. Guk topatu ditugunak zerrendatuko ditugu, inork irakurri gura baditu eskura eduki ditzan. Bilbo Zaharra forumean 7 idazleren hitzaldiak daude irakurtzeko moduan (Bernardo Atxaga, Joan Mari Irigoien, Itxaro Borda, Pedro Alberdi, Anjel Lertxundi, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria); Literatura Eskolako tailerretan (Iñigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi, Mikel Elorza, Alberto Barandiaran); EIZIEren web orrian Bernardo Atxagak Tarazonako jardunaldietan emandakoa aurkituko duzu, eta Uztarria.com gunean berriz Baite euskara elkarteak antolatutakoak. Anjel Lertxundik udako ikastaro batean emandako hitzaldia ere batu dugu.

Ots 05 04

Ez zaigu ahaztu

Kronika gordina, ez ahaztekoa, ekarri zigun Argentinatik Alberto Barandiaranek 1998an, Susa argitaletxearekin: Ez zaigu ahaztu. Argentinako diktadura garaian jatorri euskalduneko hainbat lagunek pairatutakoen kronika latza, desagertuen mamua itsasoaren beste aldetik gureganaino aldatu zuen idazle eta kazetari nafarrak, kazetaritza, historia eta literatura ederki ezkontzen diren liburu batean. Osorik eskaintzen dizugu aste honetan.

Ots 05 04

Mikel Zarateren Ipuin antzeko

25 urte beteko dira apirilaren 10ean (larunbata) Mikel Zarate hil zela. Bera gogoratzeko hainbat ospakizun burutzen ari dira bere jaioterrian, Lezaman. Guk ere, orain hasi eta apirilera bitartean astero Mikel Zarateren liburu bat eskainiko dugu osorik. Ipuin antzeko (1975, Gero) da aurkezten dizuegun lehenengoa. Hilabete batzuk geroago Ipui antzeko alegi mingotsak kaleratuko zuen, bata euskara batuaz eta bestea bizkaieraz, bigarrenean testu batzuk emendatuta. Biak Lauaxetari eskainitakoak. Datorren astean: Higidura berdez.

Agenda

Efemerideak

Kritikak