Urr
21
04
Joxe Azurmendi poeta bezala baino saiogile eta filosofo moduan da ezagunagoa. Idazle aparta hala ere. Hitz Berdeak poesia liburua 1971. urtean kaleratu zuen Arantzazuko EFA argitaletxearekin. Geroztik saiakerari emana izan da luzaroan. Orain aurkezten dizkizugunak alemanera itzulitako 68 poema dira. Azkena, Azurmendiren poemarik ezagunena; Manifestu atzeratua-Verspätetes manifest.
Urr
21
04
L’ultimo fucile izenburuaz eta Roberta Gozziren itzulpenarekin plazaratu berri du Milanoko Tranchida argitaletxeak Edorta Jimenezen Azken fusila nobela (1993-Susa). Idazlea Italian da nobela aurkezten: astelehenetik ostegunera bitartean bost hitzaldi egin ditu Milanon, eta bana bihar Bergamon eta larunbatean Erroman. Tranchidak Edorta Jimenezi argitaratzen dion bigarren nobela da, iaz agertu baitzuen “La voce delle balene” (“Baleen berbaroa”, 1997-Txalaparta).
Urr
14
04
1854ko urriaren 16an, orain dela 150 urte, jaio zen Dublinen Oscar Wilde. Narradore, poeta, saiogile eta antzerkigilea, literaturaren historian tokia eginak dira bere obra eta haren oinarrian diren bere bizitza eta bizitzarekiko bere ikuspuntuak. Euskarara asko eta aspaldidanik ekarria izan da Oscar Wilde. 1927an Joseba Altunak Verdes Atxirika argitaletxearekin Ipuñak liburua plazaratu zuen (Literatur Emailuotan eskainia duguna 2002ko abenduan ), eta gerora asko argitaratu dira. Literatur Aldizkarien Gordailuan ere topa daitezke haren lanak, horien artean Reading baitegiko leloa, Bingen Ametzagak euskaratu eta Euzko Gogoa aldizkarian emana. Literatur Emailu honetan Oscar Wilderen bi antzerki lan eskaini nahi dizkizuegu: Salome, Inazio Mujikak euskaratu eta Baroja etxeak 1987an kaleratua, eta Fidel izan beharraz, Antton Olanok euskaratua, Ibaizabalekin Literatura Unibertsala bilduman 2000. urtean kaleratua.
Urr
14
04
Astebeteko pausaren ostean, mamitsua ekarri zuten Oh Euzkadi atala Saizarbitoriak eta Izagirrek Zeruko Argiaren 847. zenbakian. Tarradellas (beharbada ez hain) honorablea hartu zuten ahotan eta Katalunia eta Euskal Herriaz jardun, eta amaieran Federiko Krutwigek euskal literaturaz La Voz egunkarian esandako “harribitxi” batzuk ekarri, gezi pare bat jaurti aurretik. Artista gonbidatua Ermi Madariaga izan zen.
Urr
14
04
Enbata indartsu baten gisa azaldu zitzaigun Urtiz Urrutikoetxea bilbotarra letren plazara: Borroka galduetatik gatoz. Susa argitaletxearekin 1997n argitaratua, indar eta era berean sentsibilitate handiko poema liburua zen, gazte baten ahots freskoak zekarrena. Poesia idazten jarraitu du eta Utzidazu karmina kentzen eman zuen argitara, Kutxaren sariaren irabazle gisa, 2002an. Ernestina de Campourcin saria zela eta Gaur ere ez du atertuko poemarioa ere atera zuen. Imre Kertesz-en Zoririk ez euskaratu du 2003an.
Urr
14
04
Gaurkoa bezalako egun batean (baina 1933an) jaio zen Gabriel Aresti. Idazlea gogoan, Euskeraren izen poetikoak hitzalditik 8 poema-audio ekarri ditugu, Hernanin 1967an Jesus Mari Olanok grabatuak: Besteak beste: “Bilbaoko kaleak”, “Euskal Harria”, “Marea-gora bizia”, “Aurresku eta acesku”. Gabriel Arestiren 4 poema-audio eman genituen duela bi urte: “Egia bat esateagatik”, “Nire aitaren etxea”, “Gizonaren ahoa” eta “Azken euskaldunaren heriotzea”. Beraz, hamabi poema dira orain entzungai.
Urr
14
04
Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki izenburuarekin 1998ko urriaren 12ko iluntzean abiatu zuen azken liburua Andolin Eguzkitzak, oraintxe sei urte. Astiro, oso astiro idazten zuen poesia, eta 29 poemaz baina liburua amaitu gabe hil zen 2004ko martxoaren 24an. Liburua urriaren 19an (asteartea) 11:30etan Bilboko Bidebarrieta Liburutegian aurkeztuko du Susa argitaletxeak. Hitzaurrea Juan Ramon Madariagak idatzi du.
Urr
07
04
Antonio Arzak duela 100 urte hil zen Donostian. 25 urterekin lehen poema argitaratu zuen, Azken agurrak gure etsaigoari Jose Manterolaren Cancionero vasco obraren barruan. Poema eta lan ugari argitaratu zituen gerora Donostiako Euskal Erria aldizkarian eta bi poesia liburu txiki ere plazaratu zituen: Amona 1900. urtean eta Sufritzen 1929an.
49 urterekin hil zen jaiotako etxe berean. Euskaraz.net gunean bere bizitza eta obra irakurtzeko aukera paregabea daukagu.