aurkibidera joan
   




 

—gonbidatua—

juan jose lasa

 

Per se, per accidens eta per aldapa gora zailak eta apitak egiten ziren eskola urte infantilak gogoratzen ditugunean, irakasleek gerlari ospetsuak irudi arketipikoak bezala edo aurkezteko zuten nahi konsziente edo inkonszienteaz oroitzen gara. Alejandro, Cesar, Mio Cid, Napoleon, eta ez hain arketipikoa, gizadun eta literato izateagatik agian, Jenofonte. Eta aurrenekoenganako lehen joera bategile-emozionaletik azken honenganako lilura arrazionalagora iragaten gara bizitzan zehar («nuestras vidas son los ríos...»). Alejandrorena satiro bat dantzan ikusten zen ametsa baizik ez dugu gogoratzen, igarle pelotilleroek «Sa Tyro», zurea da Tiro bezala interpretatzen zutena. Cesarena «eta zu ere bai, Bruto»z aparte ezer gutxi, Ciderena Santa Gadeako hitzarmenaren bertsoren bat «que nunca hubo rey traidor ni Papa descomulgado» ez oso gauza ziertoa bestalde, eta Korsoaren bizitzaz «le mot de Cambronne»: merde!

        Inor autopsikoanalizatzen baldin bada zalantzan geldituko da Jenofonteganako zaletasuna ez ote den bere gerlarien bizitza gordetzen zekielako, edo eta bere Anabisis-ak, «Hamar milen erretiratzeak» nor beraren gerlagintza labur baina erdipurdizkoan egin behar izan dituen hamar mila inguru erretiradak ekartzen dizkiolako gogora.

        Aldez aurreko txorradita hauek «The Psychology of Military Incompetence» liburu interesiarriaren erdarazko bersioak eragin dizkit. Beraren irakurketa lebitazio psikofisiko antigrabitatorioaren antzeko zenbait izan da niretzat, zama lotsagarri bat arindu baitit, harako «la vida es milicia» hura ez ulertzearena eta «bizitza bizitza da» sinestearena, edo behintzat ahalbait nekezen hiltzea.

        Norman F. Dixon, egilea, injinadoretako ofiziala izan zen, lehergailu desaktibazioan trebetua filosofia eta psikologia bideetatik abiatu aurretik. Liburuaren hasiera esplosiboa da, lanbide zaharraren oihartzunez agian, eta honela dio: «Gaur egun jenderik gehiena ohitua dago eta ia nazkatua ere, esango genuke, militar inkonpetentziaz. Gripearen, zango planoen eta klima britanikoaren antzera, bizitzan parte hartzen duten elementuetako bat bezala dago onartua». Argi dago hau ingeles batek ingelesez egina dela, eta «claro y fermoso» izan daitekeen arren «non es de joglaria» Berceok liokeenez, praxiak ederki erakutsi baitu romancez egitea arriskutsua gerta litekeela, solastera jolastea... gartzela sari!

        Egileak informazio teorian oinarritutako eskeman iharduten du, esaterako agintea, generalatoa, «ahalmen mugatuzko komunikazio bide»tzat jotzen du, eman dezakeen baino informazio ugariagoaren hartzailea eta guztiz minbera «soinua» deritzan orori, hau da, informazioaren jarioa trabatzen duen guztia. «Soinua» perturbatzen duen edozein elementu izan daiteke, komunikazioa oztopatzen duen korronte estatiko bat, ikuste ilun bat, oroimen eskasa, neurosia, alkoholismoa etabar.

        Hondamen sonatutan (Crimea, Zuluen aurkako gerla, Boeren aurkakoa, Singapur...) parte hartutako zenbait generalen errepasoa (suspenso) egin ondoren, ikuspundu desberdinetatik aztertzen ditu heziketa militarraren funtsak, batzutan Freudengan, bestetan konduktismoan, etologian (K. Lorenz-en ritualizazioa) oinarritua zenbaitetan.

        Soldadutzako argotan «bull-shit» deritzana aztertzen du, tropa australiarrek asmatutako hitza, ez izaki britaniarrak bezain ordenazaleak nunbait, literalki «zezen gorotza» esan nahi omen duena, soldaduari jasan erazten zaion heziketa molde edo rituala baizik ez dena, portaera irudi estereotipatua, iniziatiba pertsonalaren ukatzailea eta egileak desfileen itxurazko edertasuna beste utilitaterik gabeko neurosi obsesiboarekin gonbaratzen duena. Tresnen garbitasun gehiegizkoa beraien erabileraren ikasketa baino. «Flota Britanniarrak artilleriazko saio gehiegi ez egiteko agintzen zien komandanteei, keak pintura arrastoak utz zitzakeen eta zubi dotoreak zikindu. Hutsegite honen prezioa Jutlandian ordaindu zen» (277 orr.)

        Eskola Militarrek (kontuz, ingelesak noski!), alferrikako garbitasunekiko joeraz, aginte-menpekotasun erlazioaren begiratze zorrotzaz, arrazoinezko aldaketarik minimoena ere ezin eginaz, lortu egin dute soldadutzan hobetzen diren bakarrak neurotiko-obsesiboak izatea.

        Anti-afeninamendua delakoa nor beraren joera inkonszienteen aurkako defentsa bezala aztertzen du. Darmounteko Kadete Akademiako komandantearen adibidea aipatzen du, pianoa jotzea debekatu zuenean, afeminatua zelakoan. Honek konzentrazio kanpoko gertakizun bat gogora erazten dit: tangoak ongi abesten zituen preso bati galerazi egin zioten Silencio en la noche zeritzan tango kursi xamar bat kantatzea, hura kobarderen gauza zelako. Azken mende bukaerako almirante ingeles batek ez zuen maite zigarroak erre zitezen, «maripoxa afeminatuentzat» izaki. Lord Wolseley mariskala, oso iritzi bibliko-sansonianoarekin, zima luzeekin sartzen zen: «adatsa emakumearen ondra da, baina gizonaren lotsa». Aurrerago «kristautasun muskularra» deritzanaz aritzen da, gazte viktorianoen joera sexualen sublimazio bezala, kirolaren bitartez eta zerebroaren lepotik ez gutxitan, «kolonietan konsuelo heterosexualez gabetuak, zuriak izateagatik eta «berez eskasagoak» ziren arrazen artean bizi beharrez».

        Egileak harmada britaniarrari buruz dionari legezkoa erizten dio, ez harmada konsebarretarako soilik, baita Ekialdeko herrietakoetarako. Eta honek gogora erazten digu Ekialdeko Alemaniako soldadu gazte batzuen «antzara pauso» zakarra, militarismo eta inperialismoaren biktimei eraikitako monumentoan goardia egiten zutelarik hain zuzen ere. Ez litzateke zaila izango edonor ortodoxo, halako kontraesanaren aurrean, kontraesan antagoniko, ez antagoniko primario eta sekundarioez hasiko litzaiguke... etabar.

        Liburu interesgarria irakurtzeko, kontzienzia eragozpentzaileen poza biztuko duena. Hainbeste libururen azalek dioten bezala esan dezakegu ez gomendagarria psikologo, hezitzaile, haur eta graduaziorik gabeko militarrentzat bakarrik, baita «zikiratzearen erotizazioa» gainditu nahi duten guztientzat ere ...

Zeruko Argia
850. zenbakia
1979-11-04