aurkibidera joan
   




 

garen bezalakoak garela
eta zuri zer bihotza

 

Mila aldiz ere esan dugu, gauza berriak esatea zaila delako eta esanak esan ere ez zaretelako enteratzen, pertsona mailako planteamenduak gauza bat direla eta beste bat gertaera kolektiboak. Lehendabizikoen bitartez bigarrenak interpretatzea Mertonek misplaced concreteness deitzen dion hanka sartzea izan ohi da jeneralean.

        Euskalerrian, Japonen ere berdin gertatuko da agian, baina gu hemen egokitu eta ez han eta hemengoaz jardun behar, oso normala da edozein erdizorori, herria, populua edo, jendea, besteak daudela zoraturik entzutea.

        —País de locos —esan ohi da kostatazio zientifikoena eginez

bezala; dudaren ximurrak ez die aurpegirik iluntzen.

        Ez dakigu guk gizarteak zoro bihur ote daitezkeen. Ez dakigu pertsona biren zorotasunak (folies à deux) eta beste erotasun forma kolektiboagoen esistentziak, etxe zorotasuna, hauzokoa e.a. justifikatu dezakeen gizarte neurotikoaz edo paranoikoaz eta eskizoaz hitzegitea zenbait autorek eta gure herrikide askok egin ohi duen bezala. Bastidek ez du gauza oso garbi ikusten eta guk, haren irakurle dorpeok, are gutxiago.

        Denda den geu ere noizbait tentaturik egon ohi gara hemen gertatzen direnak beste inun ez eta inoiz ere ez direla gertatu pentsatzeko, eta ondorioz herri bitxi eta zoroa garela sinesteko.

        Duela gutxi tentazio horretan erortzeko zorian egon ginen hemen aipatzeak merezi ez duen zirkustantziak direla medio, publikoki erakusten zen gorpu baten aurrean —Tomas Albarena, misteriorik ere ez dugu behar— bi ordu luze egon beharra izan genuenean.

        Edade, sexo, kondizio sozial guztietako jendea ikusteko aukera izan genuen, eta ez hil-mahain edo gauza horren aurrean omenaldi sentitu bat erakusten, baita zerraldoaren leihatila moduko kristal gainean pegaturik ere, makurturik burua zeharka okertuz aurrez aurre defuntua hobeto ikusteko. Eta ezpain krispatuak eta irrifar histerikoren bat ere sumatu genuen, eta komentario morboso bat baino gehiago, entzun.

        Gure jendearen artean nekrofajiarako ezik nekrofiliarako edo nekrolatriarako joera bereziren bat, ez ote zegoen pentsatzeko ere egon ginen, beti bezala balore unibersal diren gauzak gure artean ere aurkitzeaz harrituta.

        Horrelakoetan ez desanimatzeko eta gure sindromeak ez direla espeziaiak egiztatzeko Tarradellasengana jo izan ohi dugu lurralde urrutiragoetara, konparaketa estudioak egitera ezin ahalean.

        — Aber zer egiten duen Tarradellasek defuntu gauzetan.

        Eta ez gaitu inoiz ere defraudatzen. Gure herriarengan aberrazioak bilatzeko saio oro suntsitu egiten da Honorableak Maciaren gorpuaz egin duen izkutaketa jolas makabroarekin. Gurea grabea bada, grabeago ere izan zitekean.

        Eta ez hori bakarrik, zeren gauza bat da Tarradellasek Maciasen bihotza armario gainean izkutaturik gorde eta lurperatu nahi ez izatea; gauza bat da Tarradellasena, eta beste bat horrelako presidente bat honorable izenarekin soportatzen duen herriarena. Guk ez genuke soportatuko, beharbada katalanak bezain martxosoak ez garelako.

        Enfin, bazter guztietan biltzen dela hautsa, eta ez dugu desanimatu behar. Gauza bat da munduko herririk potrodunena garela pentsatzea, eta bestea zoroena edo aluena garela onartzea.

        Holatan geunden igande goizean kilometroak 79ra Txillardegiren izterrak ikustera joan edo geureak Elixabeteren epeltasunean sentitzen jarraitzea ezin erabaki gabe, La Voz de Españan Federico Krutwigen deklarazio batzuk irakurri genituenean.

        Tipo hori —nazi papera egiten duten aleman hoietako baten itxura duen pertsonaia lodi bat, argazkiek erakusten dutenez— norbaiten edo zerbaiten ideiologo bada gaizki gabiltza. Lehen neurri bezala telefonoa hartu eta Iboni deitzen diogu lapurtar klasikoz «joan hadi popatik hartzera donanterik aurkitzen baduk karroza» nota esaten den ba ote dakien galdetzeko, ez baita kuestioa gure sentimenduak zeintzuk diren jakin gabe gera dadin.

        Ez dakiela esaten digu Ibonek baina bitartean alemanez edo griegoz baliatzeko eta enteratuko dela.

        Baina guk lapurtar klasikoz esan nahi diogu eta esango ere pare bat gauza, ase baigaituzte noizbehinka hor nunbaitetik predikatzera eta tontoak garela esatera etortzen zaizkigun listo iluminatuen jarduketek.

        Eta bitartean irakurleak Krutwig nundik nora dabilen jakin dezan hona hemen deklarazio hoien zati batzuk (La Voz de Esparîa, 79-10-7):

        «Creo que existe una ineptitud racial, de otra manera no se puede entender. Porque los vascos están muy convencidos de su superioridad racial, pero resulta que en la literatura vasca todo aquel que ha hecho alguna cosa ha sido extranjero (...) Es que el vasco, el "euskotar", es negado al arte».

        «(...) Hay una ineptitud innata del euskotarra a la literatura».

        «¡Ah, no! No existe un público para mi libro. Yo quiero crear un público. Que se cree en el País Vasco o fuera del País Vasco, de gente que tenga interés por la literatura vasca. Para el público vasco actual ya hay libros de cocina.» 

        «(...) Y claro, en este impasse actual entre el capitalismo y el

marxismo no le veo salida. El marxismo no dará otra salida. La única salida la veo en una vuelta al Renacimiento, donde la sociedad estaba organizada en base a unas pautas culturales y no de producción y capital, como ahora.»

        Ba bai, jaun-andreok, halakoak topatzen dira mundu herri honetan.

 

 

leen amar lagun giñan etxian

 

Ez da hau gure egitekoa, Zeruko Argiak badu beste sail bat liburu kritika egiteko, baina ez genuen gure agur beroa eskaini gabe utzi nahi Auspoak argitaratu duen azken liburuetako bat, «Txantxangorri kantaria», Atañorena. Biziki gomendatzen diogu abertzale orori, eta beterrialdekook behintzat populu xehearen bizitza eta zanpazio eternoa ezagutzeko aukera ezin hobea dugu bertan, eskualdeko hitanoa praktikatzekoaz gainera. Hildako semeei buruz ari dela (bi Hondarretan afusilatuak):

        «Oiek orrelako zigorrik merezi bazuten, Jainkoarena dek pekatua, ez  gurea, Arek egin baigaitzik euskaldun».

        Idazle anonimoak ere maite ditugula, Krutwig.

 

ramon saizarbitoria

koldo izagirre

 


 

—gonbidatua—

ermi madariaga

 

hodei gorrien egazaldia

 

Zuhaitzak beso ireki irekiak: eskuetatik askatasun karraxiak dariola.

        Beti zabal zabaiik iraunen dute.

        Gaiñean itsaso izugarria, ura haizeak zeraman eta erdi erdian, ardi galduak bezala, hodeiak.

        Bazeuden surf baten antzeko hodeiak, besteak sagar erraldoi bezala zintzilik, beherago —beti bezala— berant-etortzaileak, zer tenoretan zen «rendez-vous»a ez zekitela eta besteak harrapa ezinik, bigarren mailan.

        Segur aski sasoineko biltzarra zeramaten.

        Eguzkia urrun-planoan zeukaten, xuri ziruditeno esker aldera boladan, denak bat bestearen gibelean.

        Bainan zer demontre gertatzen zaie orain?

        Bat batean arrazoin garbi eta argirik gabe — (errar behar gaua erortzen ari zela, argiaren kontua beraz beste baterako utzi beharko dugu;) klak! denak bira eman dute eta zeharo eskuin aldera abiatuz, futbol partido batetan bezala: goal delakoa beste pertean sartu behar zuten, interes guzia beste aldera joanik.

        Bainan oraingoan denak gorriz jantzirik zebiltzaten. Bueno, denak etziren bat etorri kolore berdina errespetatu behar zutela —ageri zenez— batek liranja kolorea gustatu zitzaion, besteak larros argia zeraman beste batek morea jartzera ausartu ere (besteengandik bereizteko: to, beste indibidualista bat). Halere taldearen parte haundienak homogeneitatea salbatzera —uste denez— lortu nuen.

        Helburu bat ala ez, ezdakit beren artean eztabaidatua zutenez: beren problematika beste nunbaiten zegoen.

        Horrenbeste elkarrekin izanki nola konpontzen ziren bat bestearen gainean ez erortzeko, ezeta minik hartzeko ez dakit.

        Bereizten zirenik etzen ageri. Egia: bata joaiten zelarik guztiek zintzoki segitzen zuten.

        Uste dut helburu gabe eta helburu berdinarekin airean ibiltzeak nekatu arazi diela.

        Haizeari galdatu beharko nioke zertan arituak ziren hainbeste joan etorri eta gero.

        Neure kopetaren gainetik, berriz beste zuzenbide bat hartu eta gero, jakin gabe haizea/k segitzen / bultzatzen zuenetz; talde ugariena partitu zen.

        Alperren eta eztabaidatzaileak ez dute buztana bukatu nahi izan ere, eta gaua heldu zenerako beti toki berdin berdinean —airean— lokartuak ziren.

        Haizeak orduan botatu zuen egunaren azken indar-garrak.

        (Saba erreginak Aladin topatu eta gero egina) — Ipse dixit.

        (Veni-vedi eta porrot).

Zeruko Argia
847. zenbakia
1979-10-14