Api
29
17
Zinemagilea, ilustratzailea, sortzaile oparoa eta, ororen gainetik, euskal kulturaren aldeko lan izugarria egindakoa. Lan konprometitu eta eskuzabala. Politikoa eta profesionala. Hori eta gehiago izan da Juanba Berasategi. Bidaide izan duguna Susa literatura argitaletxean, mugarri bat baino gehiago jarria da animaziozko zinemaren alorrean. Euskarazko zinemagintzan. Sormen lanaz gain, orobat, produkzio eta industriaren egiturak eratzen jardun zuen. Oh Euzkadi aldizkariko proiektuan hasieratik zegoena, betidanik izan du literaturarekin harreman estua. Ilustrazioak, azalak eta, azken lana, Uhartearen Altxorra erakusketa, Haur eta Gazte Literaturaren ingurukoa. Juanba Berasategik utzi gaitu, hura gabeko bidea egiten ikasi beharko dugu. Bidaia on.
[Uhartearen Altxorra erakusketaren paneletako batzuk ikus ditzakezu jarraian] (gehiago…)
Api
27
17
Apirilaren 27 honetan laurogei urte betetzen dira Italiak eman duen pentsalari argienetakoa dugun Antonio Gramsci hil zela. Torinon, ikasle zela, mugimendu sozialak ezagutu zituen, langileriaren egoera. Borrokan murgildu zen eta 1921ean Italiako Alderdi Komunista sortu zuen Palmiro Togliattirekin. Bost urte geroago atxilotu zuten. “Eragotzi behar dugu hogei urtez garun honek funtzionatzea”, fiskalaren eskaera gardena. “Nire lana, mediku faxista gisa, ez da zu bizirik gordetzea”, presondegiko medikuaren aitortza. Zortzi urteko giltzapea nahikoa izan ziren gorputz ahula hondatzeko. Ez ordea garuna: irakurri, ikertu, aztertu, pentsatu eta proposatuz, marxismoa arnasberritzen eman zuen itxialdia (Coaderni del Carcere, 1972, Togliattiren edizio zaharrean kendutako pasarte guztiak barne), eta egun indarrean dauden bloke soziala eta proletalgoaren hegemonia kontzeptuak garatu zituen, besteak beste. Indarra erabiliz, dominazioa erdietsi genezake; kontsentsua erabiliz, hegemonia. Koaderno eta gutun politikoak ez ezik, gutun pertsonal ugari idatzi zuen, eta Gramsciren alderdi hori eskaini nahi izan dizuegu, bere haurren heziketaz kezkatutako guraso gisa egindako batzuk euskaratuta Sei gutun kartzelatik izendatu dugun bildumatxoan.
Api
26
17
Iñigo Aranbarri idazleak hitzaldi berezia prestatu zuen 2012an Durangon burutu zen Literatura Eskolarako. Eta hitzaldia liburu bezala argitaratu zen gero. Isiltasunari ostutako testuak aipatzen ditu berak. Bonbapean sortutako literatura batzen du testuak. Munduan izan diren Durango eta Gernika ezberdinak.
Zenbat poema idatzi zen Groznin azken bonba jausi artean? Eta ondoren? Bakar bat ere ez?
Eta Bagdaden? Eta Basoran? Eta Falujan?
Herioren hegala (literatura bonbapean) sarean jarri dugu Gernika bonbapean utzi zuteneko 80. urteurren honetan.
Api
24
17
Historialaria formazioz, kultur kudeaketa izan du lanbide Yolanda Estevek. 1970ean Bartzelonan sortua, egun Tocats de Lletra Literatura Jaialdia koordinatzen du. Hainbat antzerki ikuskizun zuzendu eta idatzi ditu, eta bi poema liburu kaleratu: Perifèries (Cossetània edicions, 2016) eta Intercity (Ediciones 3 i 4, 2017), berriki argitaratua, Aussias March sariaren irabazlea. Poeta katalanaren lehen liburuko bost poema eskaintzen dizkizuegu, Iñigo Astizek euskaratuak.
Api
19
17
Ospa, azken ipuinak eman dio izenburua Juan Luis Zabalaren liburu berriari. Apirilaren 20an Susa argitaletxearen eskutik aurkeztu aurretik sarean eskaintzen dizugu osorik. Wim Wenders zinegileak telefonoz deitu dio; Bob Dylanen kantu bat entzutean hunkitu egin da; Mikel Laboa hil dela jakin du autobuseko irratiaren bidez; Eduardo Txillidaren eskultura famatua rotaflexarekin apurtzea erabaki du… kontakizun hauetako pertsonaiaren bat ezagutuko duzu ziur aski. Ez dago narrazio guztiak batzen dituen gai bakarra, nahiz eta denen artean baden ahaidetasuna: ezinegonak iheserako gogoa edo premia pizten du pertsonaia gehienengan, baina ihesa batzuetan ezinezkoa da, ezustekoen iturri ere bai inoiz.
Api
18
17
Euskal literaturari buruzko jardunaldiak egingo dituzte aurten ere Bartzelonan: Literaldia. Egitarau zabala du, besteak beste: apirilaren 19an Bernardo Atxagaren eta Jabier Muguruzaren errezitaldia, apirilaren 25ean Eider Rodriguezekin solasean, maiatzaren 12an Miren Agur Meaberen errezitaldia, maiatzaren 15ean Jon Elordiren hitzaldia, maiatzaren 22an Aritz Galarragaren hitzaldia, maiatzaren 23an Kirmen Uriberekin solasean.
Api
17
17
Poeta izan zen, eta antzerkigile, eta zinegotzi Malpicako Udalean, kultura suspertzaile beti… Ez zen geldirik egotekoa Paco Souto. Performanceak egiten zituen, konformismoan etsitzen ez zuen langilea zen. Irratsaio bat ere bazuen literaturaz Radio Roncudon, Costa da Morteko irrati libre bakarrean. “Deskolokatzen nauen literatura behar dut”, zioen. Azken urteetan Galizian ezagutu diren egitasmo berritzaileenen hastapenetan egon zen, Edicións do Dragón (eskuz idatzitako testu fotokopiatuak paper berziklatuan) eta Letras de Cal (kooperatiba autogestionatu bat, batez ere poeta gazteen lehenbiziko obrak argitaratzea zuena xede). Chus Pato, Olga Novo, Marta Dacosta, Maria do Cebreiro, Estevo Creus, Lupe Gomez, Rafa Villar, Emma Couceiro eta abarren belaunaldikoa, gordina da idazkeran Souto, xehetik larrira eta larritik xehera dabilen ahots bat. Lanperna biltzaile ogibidez, lanean ari zela hil zen, olatuak haitzen kontra jota 2017ko martxoaren 30ean. Haren oroimenez, hamabi poema eskaintzen ditugu.
Api
14
17
Apirilak 14 dituela bete dira hogei urte Anastasio Albisu hil zela. Saturraranera umetan, gero Gasteizera, apaiztearren: hemen aurkitu bide zuen euskaraz idazteko giroa, Manuel Lekuona irakasleak sortutako zirkuluan. Antzerkirako lanak egin zituen bereziki. Hegoaldean garaikide izan zituen idazle gehienen ibilbidea dugu Anastasio Albisurena: diktadurak ekarritako isildu beharra urte luzez, eta berriro idazteko eta aldizkarietan argitaratzeko aukerak azaldutakoan berrogei urte lehenagoko koordenadetatik ezin irtena. Anakronikoak gertatu zitzaizkigun gaiez, estiloz eta hizkeraz idazle apurtu haiek. Ipuin eta antzerki laburrez gain, badu Albisuk arnasa luzeagoko lan bat, tituluan Nemesio Etxanizen Katuin zuloa (1927) akordura ekartzen duen Erreka zuloan (1956) izenekoa, gure “mendiko literatura beltz arrosarioduna” esan genezakeen multzo txikian kokatzen ahal duguna: gorpu bat, baserritarrak, lekaimeak, fedegaldu damutua, kontrabandistak, erretore jaun eta jabea… Horixe aste honetan.
Api
11
17
Euskaltzalea, politikoa, idazlea, argitaratzailea… ekintzailea izan zen, izan zenez, Ixaka Lopez Mendizabal. Eusebio Lopez inprimatzaile lodosar-tolosarraren semea, haren segidan jardun zuen Tolosan argitaratzaile lanetan, euskalgintzan eta politikagintzan (alkate, EBBko kide) 36ko Gerrak Argentinara bidali zuen arte. Tolosako plazan erre zioten liburutegia, baina ez zion etsi, eta Ekin argitaletxea sortu zuen Buenos Airesen. Inprimatzaile-editorea, idazten ere jardun zuen, bokazio pedagogikoz batez ere, Xabiertxo liburua horren isla. Dibulgatzailea, 1932an erlegintzari buruz emandako hitzaldia liburuxka bihurtua zuen 1933an, Erleak: beren bizitza eta ohiturak, haren heriotzaren urteurrenean osorik eskaintzen duguna.
Api
11
17
Gaurko egunez duela 40 urte, 1987ko apirilaren 11n, hil zen Primo Levi, itxura batean bere buruaz beste eginda. Ikasketez eta lanbidez kimikari izandakoari, Auschwitz-eko kontzentrazio-esparruan bizi izandakoek markatu zioten, ezinbestean, bizitza osoa. Eta obra. Euskaraz irakur daitekeen Hau gizon bat bada (Alberdania, 2011) eleberritik hasi eta ondorengo lanetara. Batik bat prosan jardundakoa, beste generorik ere landu zuen: Xabier Bovedak Leviren 11 poema euskaratu ditu Idatz&Mintz aldizkariaren 61. zenbakian, hemen eskaintzen dizkizuegunak.
Api
04
17
Apirilaren 6an Donostian Azken zakatzak liburu berria jendaurrean aurkeztu aurretik, Martxel Mariskalek sarean eskaini du osorik. Beti Mugan, Lisabö eta beste musika talde batzuentzat idatzitako kantuetatik ezagutzen genuen Martxelen ahotsa. Liburu honen konposizio barrenkorrak zabaldu egin du bere indar espresiboaren sakontasuna, arnas luzekoa eta oparoa, lanketa gaitz baten emaitza trinkoa. Itsasoa eta oinazea, bi horiek dira Mariskalen lehendabiziko poema liburuak dakartzan gai askoren artean nabarmenak: bizi baldintza zailen aurreko ahaleginak eta nekeak, edertasunaren aurreko atsegina eta ikara.
Api
03
17
Apirilaren 2an hil da, 78 urte zituela, Luis Mari Mujika idazle eta euskalaria. 11 poesia-liburu argitara emandakoa, beste hainbeste narratibakoak, eta hainbat saiakera, hizkuntzaren alorrekoak bereziki, baina baita bestelakoak ere. Idazle eta ikerlari ekina, Luis Mari Mujika. 1975ean eman zuen argitara haren heriotza kari osorik ematen dugun poemarioa, Hitzak ebakitzean (Kriselu), bere lan lirikorik aipagarrienetakoa, urte horretara bitarte idatzitako poema asko biltzen dituena: poema existentzalak, sozialak, sinbolismoak blaituak…
Api
02
17
11itzulpenen eraginez, booktegi.eus webgunea sortu da, liburu elektronikoak argitaratzeko eta gozatzeko plataforma berria. “Guztion liburuak, guztiontzat” azpititulu adierazgarriarekin, askotariko liburuak daude euskarri digitalean irakurtzeko moduan, sortzezkoak zein itzulpenak: narratiba, poesia, kronika, kantuen letrak, artikuluak, saiakera…. Beti ere, hiru formatutan: epub, mobi eta pdf. Mimo handiz egindako edizioak, kalitate irizpide zorrotzez bururatutakoak. Ale bakoitzaren jabetza egilearena da. Liburuak dohainik eskaintzen dira, eta edonork dauka bere lana bertan argitaratzeko aukera, baldin eta argitaratzaileek gutxieneko baldintzak betetzen dituela irizten badiote. On egin.