Antonio Gramsciren sei gutun
Apirilaren 27 honetan laurogei urte betetzen dira Italiak eman duen pentsalari argienetakoa dugun Antonio Gramsci hil zela. Torinon, ikasle zela, mugimendu sozialak ezagutu zituen, langileriaren egoera. Borrokan murgildu zen eta 1921ean Italiako Alderdi Komunista sortu zuen Palmiro Togliattirekin. Bost urte geroago atxilotu zuten. “Eragotzi behar dugu hogei urtez garun honek funtzionatzea”, fiskalaren eskaera gardena. “Nire lana, mediku faxista gisa, ez da zu bizirik gordetzea”, presondegiko medikuaren aitortza. Zortzi urteko giltzapea nahikoa izan ziren gorputz ahula hondatzeko. Ez ordea garuna: irakurri, ikertu, aztertu, pentsatu eta proposatuz, marxismoa arnasberritzen eman zuen itxialdia (Coaderni del Carcere, 1972, Togliattiren edizio zaharrean kendutako pasarte guztiak barne), eta egun indarrean dauden bloke soziala eta proletalgoaren hegemonia kontzeptuak garatu zituen, besteak beste. Indarra erabiliz, dominazioa erdietsi genezake; kontsentsua erabiliz, hegemonia. Koaderno eta gutun politikoak ez ezik, gutun pertsonal ugari idatzi zuen, eta Gramsciren alderdi hori eskaini nahi izan dizuegu, bere haurren heziketaz kezkatutako guraso gisa egindako batzuk euskaratuta Sei gutun kartzelatik izendatu dugun bildumatxoan.