Mar 28 02

Egunkariaren literatur gune berria Interneten

Euskaldunon Egunkariak bere Interneteko edizioan literaturari buruzko gune berri bat plazaratu du. Bertan 47 idazleren bibliografia, 1999, 2000 eta 2001ean euskaraz sortutako liburuen zerrenda, liburu horiei buruzko albiste eta kritiken loturak batu ditu. Begia gehigarriko kritikak eta iruzkinen bilduma eta literatur albisteak ere kontsultagai daude www.egunkaria.com/literatura gunean. Hilero gai bat izango da eztabaidagai gunean, bisitarien partehartzea sustatzeko. Hileon Joseba Sarrionandiaren “Lagun izoztua” liburua da eztabaida sail horretako gaia.

Mar 28 02

Kirmen Uriberen poemak espainolez

Bitartean heldu eskutik liburua plazaratu zuen Kirmen Uribek 2001eko azaroan lehen aldiz eta abenduan bigarren edizioa. Orain idazleak berak eta Gerardo Markuletak espainolera itzuli dituzte liburuko 20 poema.

Mar 21 02

Antzerki liburuak

Susa literatura argitaletxeak 11 antzerzlan kaleratu zituen 1985etik 1991 bitartean. Mark Legassek idatzi eta Maskarada antzerki taldeak taularatu zuen Gastinbeltzaren karabinak izan zen Antzerki saileko lehen liburua (osorik dago Interneten). Ostean argitaratu ziren: Iñaki Uria eta Mikel Antzaren Beteluko balnearioko mirakulua (osorik Interneten), Mario Benedettiren Pedro eta Kapitaina, John Steinbecken Itsas izar bat zen, Alfonso Sastreren Ez da pale egiteko oldua, Xabier Mendigurenek idatzitako Kanpotarrak maisu – Kultur Ministrariak ez digu errukirik, Guillaume Irigoienen Hamar manu minduak – Apetitu on!, Imanol Eliasen Haunditasun ametsak – Hiru morroiak, Maskarada taldeak hain ezagun egin zuen Patrick S?skindek idatzitako Kontrabajua (osorik Interneten), Maskaradaren Marxkarada (Marx anaiek idatzia) eta azkenik Milan Kunderaren Jacques eta Nagusia.

Mar 21 02

Antzerki agenda

Martxoak 21 (osteguna): Maskarada taldeak Gabriel Arestiri buruzko Kaio luma zikina taularatuko du Miarritzeko Le Colisée antzokian 20:00etan.
Martxoak 22 (ostirala): Antzerkiola Imaginarioak (FTI) “Mundopolski: Erreboltaren ziaboga” lana estreinatuko du euskaraz Durangoko San Agustin gunean 21:00etan / Maskaradak Kontenedore baten istorioak antzeztuko du Beasaingo Usurbe Antzokian 22:15etan. / Tentazioa konpainiak “Komeriaka Emakumez…” antzeztuko du Elorrioko Arriola Kultur Aretoan 22:30etan / Xiru 13 Arte Eszenikoen Festibala Maulen.
Martxoak 24 (igandea): Xiru 13 Arte Eszenikoen Festibala Gotaine Irabarnen 12:00etan./ Xirristi Mirristi taldeak Pantzo Irigarairen Lamindegiko laminak taularatuko du Miarritzeko Le Coliséen 17:00etan. / “Mundupolski: Erreboltaren ziaboga” Antzerkiola Imaginarioarena Bilboko Kafe Antzokian 20:00etan.
Martxoak 25 (astelehena): Hika antzerki taldeak “Arraultza delikatuak” antzeztuko du Urretxuko Pagoeta Antzokian 12:00etan./ Gilkitxaro taldea Trokaolatarrak obrarekin Bilboko Kafe Antzokian 20:30etan.

Mar 21 02

Antzerti aldizkaria duela 70 urte

Antonio Maria Labaienek 1932ko urtarrilean sortu zuen Antzerti aldizkaria Tolosan, osorik teatroari emana eta Ixaka Lopez Mendizabalen inprimategian egina. Euskaltzaleak bazkunak Eusko Antzerti Eguna antolatu nahiaren kariaz (eta obrak falta zirelako) abiatu zuen Labaienek Antzerti aldizkaria, hilabetekari izateko asmotan. John Zabalo “Txiki”ren irudiez apaindua agertu zen lehen alea (24 orrialdekoa), Toribio Altzagak 1888an Ziburun idatzitako obra batekin: “Aterako gera!”. Denera 54 zenbaki agertu zituen Antzertik, 1936ko Espainiako Gerraren ondorioz Labaienek Sarara ihes egin artean. Aldizkarian agertutako antzezlanen zerrenda ikusteko, klik egin hemen. Antzerti aldizkaria berriro abiarazi zuten 1982an (Eusko Jaurlaritzak argitaratua), Labaienek sortu eta 50 urtera.

Mar 21 02

Nazioarteko Antzerki Eguna

Martxoaren 27an Nazioarteko Antzerki Eguna ospatuko da mundu osoan. Urtero mundu mailako agiri bat idazten du antzezleren edo idazleren batek, aurtengoa Indiako Girish Karnadek.Gurean Harkaitz Canok euskaratu du nazioarteko agiri hau, Teatroa.com gunean irakurgai dagoena.
Nazioarteko Antzerki eguna ospatzeko, antzerkiari buruzko Emailu berezia prestatu dugu. Agendan aste honetan Euskal Herrian izango diren antzerki obra ezberdinak agertzeaz gain, Interneten irakur daitezkeen zenbait antzezlan ere badakartzagu.
Bernardo Atxagaren Antzerki minimun bat Panpina Ustela aldizkarian 1975eko urtarrilean argitaratua. Mikel Antzaren Lasturko Miliarekin solasean Susa aldizkarian 1988ko martxoan argitaratua. Mikel Elortzak 1992ko abenduan Nik ez nuen nahi kaleratu zuen Susa aldizkariaren 29. zenbakian.
Susa literatur aldizkariak Antzerkiari buruzko ale berezia kaleratu zuen 1988ko martxoan.

Mar 14 02

100 metro eta zentsura

Ramon Saizarbitoriak 1976ko martxoaren 22an aurkeztu zuen legezko gordailura “100 metro” eleberria. Jose Luis Albizu zentsoreak (informeak 23 irakurlea kodeaz izenpetzen zituenak) martxoaren 24an irakurri eta salagarria zela erabaki zuen. Txosten hura beste batek hartu zuen ondoren (Antonio Barbadillok ziur aski) eta honela osatu: “El contenido de la obra es simbólico, referido a la época actual y de una fuerte crítica, ofensiva e inaceptable en su valoración total, contra el Gobierno y su actuación en el País Vasco (…) Ofensas hacia la Policía y Fuerzas de Orden Público, y velado espíritu separatista en contradicción con nuestra normativa Jurídica (…) Por todo lo anterior estimamos que el presente depósito no debe ser aceptado por presumible existencia de figura delictiva; y de acuerdo con lo ordenado en el artículo 64 de la Ley de Prensa e Imprenta debería ser puesto a disposición de la Autoridad Judicial correspondiente“. Bigarren txosten honen data martxoaren 27koa da… baina Zuzendari nagusiak Ordena Publikoko Tribunaleko epaile magistratuari bidaltzen dion denuntzia bezperan sinatuta dago, martxoaren 26an. Denera 119 lerrotan egin zizkioten markak eta ezabaketak 100 metro nobelari. Joan Mari Torrealdairen Artaziak liburuan topatuko dituzu zentsurari buruzko xehetasunak.

Mar 14 02

Bide barrijak eta Biotz begietan duela 70 urte

Emeterio Verdes-Atxirikaren irarkolan (Bilbon) argitaratu ziren Lauaxetaren Bide barrijak eta Xabier Lizardiren Biotz begietan poema liburuak duela 70 urte: lehena 1931ko abenduan, bigarrena 1932ko apirilean; eta bi argitalpenen arteko hilabeteetan eztabaida bizia izan zen, “Euzkadi” eta “Argia” agerkarietan batik bat.(Informazio luzeagoa daukazu hemen klikatuta). Lauaxetaren poema liburuak hautsak harrotu eta kritika gaiztoak izan zituen. Idazteari utzi egingo ziola esatera iritsi zen Lauaxeta, eta ia-ia Lizardik bakarrik defendatu zuen. Eztabaida hartan artikulu garrantzitsuenak idazle hauek plazaratu zituzten: Orixe, Lizardi, Jautarkol, Barrensoro, Larreko, Lauaxeta, Aitzol…

Mar 07 02

Gernika, Olerti, Idatz & Mintzeta Zintzhilik interneten

Gernika aldizkariaren ideia 1943ko udan sortu zen, Gernikan egindako bilera batean. Bi urte geroago, apirilaren 26an, Gernikako bonbaketaren zortzigarren urteurrenean elkartea eratu zuten eta urrian kaleratu Gernika aldizkariaren lehen zenbakia, Donibane Lohizunen. Aldizkariak 25 zenbaki eman zituen, idazle ezagun askoren lanez: Orixe, Xabier Iratzeder, Federiko Krutwig, Jon Mirande, Andima Ibiñagabeitia, Pierre Lafitte, Jokin Zaitegi, Julene Azpeitia, Ixaka Lopez Mendizabal, Errose Bustintza, Luis Villasante, Joxe Migel Barandiaran, Isidoro Fagoaga, Dominique Dufau, Etienne Salaberri, Txomin Peillen, Oxobi, Marc Legasse, Mixel Etxeberri, Miguel Astiz, René Lafon, Sebero Altube, Justo Garate, Juan Thalamas, Norbert Tauer, Antonio Maria Labaien, Jon Bilbao, Jon Etxaide…
Santi Onaindiak sortutako aldizkaria da Olerti, Karmel aldizkariaren gehigarri. Osorik poesiari eskainia, 1959an argitaratu zen lehen zenbakia, Zornotzako Larrean. 1969ra bitartean 28 zenbaki argitaratu zituen, harik eta 1970ean Espainiako Gobernuak argitalpena debekatu zuen arte. Makina bat arazo eduki zituen Santi Onaindiak Zentsura eta Gobernuarekin, besteak beste intsumiso agertzen zelako hauen aurrean: “ziur nekian baimenik ez eustala Gobernuak emongo, eta Suplemento Poético de Karmel jarri neutson kaparra sartu gurarik”, kontatzen zuen berak. Bigarren aro bat izan zuen aldizkariak, 1980tik 1995ra bitartean, beste 10 alerekin.
Zintzhilik aldizkaria 1985-86 ikasturtean jaio zen Gasteizko Filologia eta Geografi-Historia fakultatean. Zintzhilik aldizkariak 10 zenbaki izan zituen.
Idatz & Mintz Labayru ikastegiak kaleratutako literatur aldizkaria da.1981eko abenduaren 3an aurkeztu zen Bilbon. Gaurdaino 27 aldizkari eman ditu argitara, horietatik bost zenbaki bikoiztunak, 32 zenbaki beraz, 2001eko urrira bitartean. Mikel Zarateren “Idatz eta Mintz” izeneko alegia bat lehen zenbakiko lehen testua, bide batez aldizkariari deitura eman ziona. Literatur Aldizkarien Gordailuan ez dago Idatz & Mintz aldizkariko artikulu digitalizaturik, soilik aurkibideak daude.

Agenda

Efemerideak

Kritikak