Zintzhilik
aldizkaria 1985-86 ikasturtean
jaio zen, Gasteizko Filologia eta Geografi-Historia fakultatean;
hala ere, lehenengo zenbakiak ez zuen izenburu hori, Izenaren
bila baizik: aldizkaria bizkor kaleratu nahi zen, eta erredakzio-taldeak
ez zuen astirik izan egoki bat topatzeko. Ikasturte horretan bertan,
beraz, beste "lehenengo" zenbaki bat osatu zen, Zintzhilik
behin-betikoarekin; orduz geroztik ale bat kaleratu zen ikasturtero,
1994 arte (9. zenbakia, edo "10.a", bi 1. egon zirela kontuan
hartuta).
Zintzhilik Fakultateko ikasleen
Euskara Batzordearen aldizkaria zen, eta hau datu inportantea
da, horrek desberdindu baitzuen aurretik Fakultatean bertan sortutako
beste literatur aldizkarietatik (Stultifera Navis, Kandela
eta Fílulas de Cariaconcia): azken horiek erredakzio-talde
nahikoa finko baten inguruan sortuak ziren eta, jakina, partaideek
ikasketak amaitzean, desegiten ziren (zenbaki gutxi batzuk utzita);
Zintzhilik, ordea, Euskara Batzordearen ikasturteko lehenengo
bilerako lan-taldeen banaketaren ondorio zen, eta, hortaz, Euskara
Batzordeak iraun zuen bitartean jarraitu zuen. Euskara Batzordea
1984-85 ikasturtean sortu zen, Fakultateko ikasle batzuen ekimenez,
zentruaren euskalduntze-prozesua bultzatzeko asmoz (egoera negargarria
zen garai haietan: euskal adarrik ez, soilik bost irakasgai euskaraz
Euskal Filologiako karrera guztian zehar, hizkuntzaren ikusezintasun
orobatekoa...). Alde horretatik, euskara hutsezko literatur aldizkariak,
besteak beste, funtzio horiek bete nahi zituen: aipatu ikusezintasun
hori murriztea, eta Fakultateko euskaldunen komunitatea trinkotzea.
Eta horren guztiaren ondorio dira
aldizkariaren berezitasunak: iraupena eta maiztasuna, erredakzio-talde
finkorik eza, gorabeherak gaietan eta kalitatean, Fakultateko
euskararen egoera konkretuarekin lotutako testuak eta atalak...
Luzaroan, aldizkarirako literatur-lanak jasotzeko, posta-kutxa
handi bat erabili zen, nahi zuenak bere ekarpena egin zezan (horregatik
lan dezente izen soilaz eta ezizenez sinatuta daude, edo anonimoak
dira); azkeneko garaietako testu batzuk, bestalde, Euskara Batzordeak
berak deitutako literatur lehiaketaren bitartez biltzen ziren.
Horretaz guztiaz gain, jakina, erredakzio-batzordeak taxututako
testuak edo lortutako kolaborazioak argitaratzen ziren Zintzhilik-en.
Lan gehienak, beraz, Fakultate bertako
ikasleek (eta baita irakasle batzuek ere) idatzitakoak dira. Egileen
artean (batzuetan ezizenez mozorroturik) aurki daiteke idazle
ezagunik (gaur egun): Andolin Eguzkitza, Miel Anjel Elustondo,
Xabier Etxaniz Erle, Vicent Gil de Paules, Gerardo Markuleta,
Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron, Juan Luis Zabala, Iban
Zaldua, Patxi Zubizarreta... Baina haiena baino garrantzitsuagoa
izan zen hamarnaka ikasle/idazle "anonimoren" ekarpena eta lana,
Zintzhilik aldizkariaren benetako oinarria.
|