Gernika, Olerti, Idatz & Mintzeta Zintzhilik interneten
Gernika aldizkariaren ideia 1943ko udan sortu zen, Gernikan egindako bilera batean. Bi urte geroago, apirilaren 26an, Gernikako bonbaketaren zortzigarren urteurrenean elkartea eratu zuten eta urrian kaleratu Gernika aldizkariaren lehen zenbakia, Donibane Lohizunen. Aldizkariak 25 zenbaki eman zituen, idazle ezagun askoren lanez: Orixe, Xabier Iratzeder, Federiko Krutwig, Jon Mirande, Andima Ibiñagabeitia, Pierre Lafitte, Jokin Zaitegi, Julene Azpeitia, Ixaka Lopez Mendizabal, Errose Bustintza, Luis Villasante, Joxe Migel Barandiaran, Isidoro Fagoaga, Dominique Dufau, Etienne Salaberri, Txomin Peillen, Oxobi, Marc Legasse, Mixel Etxeberri, Miguel Astiz, René Lafon, Sebero Altube, Justo Garate, Juan Thalamas, Norbert Tauer, Antonio Maria Labaien, Jon Bilbao, Jon Etxaide…
Santi Onaindiak sortutako aldizkaria da Olerti, Karmel aldizkariaren gehigarri. Osorik poesiari eskainia, 1959an argitaratu zen lehen zenbakia, Zornotzako Larrean. 1969ra bitartean 28 zenbaki argitaratu zituen, harik eta 1970ean Espainiako Gobernuak argitalpena debekatu zuen arte. Makina bat arazo eduki zituen Santi Onaindiak Zentsura eta Gobernuarekin, besteak beste intsumiso agertzen zelako hauen aurrean: “ziur nekian baimenik ez eustala Gobernuak emongo, eta Suplemento Poético de Karmel jarri neutson kaparra sartu gurarik”, kontatzen zuen berak. Bigarren aro bat izan zuen aldizkariak, 1980tik 1995ra bitartean, beste 10 alerekin.
Zintzhilik aldizkaria 1985-86 ikasturtean jaio zen Gasteizko Filologia eta Geografi-Historia fakultatean. Zintzhilik aldizkariak 10 zenbaki izan zituen.
Idatz & Mintz Labayru ikastegiak kaleratutako literatur aldizkaria da.1981eko abenduaren 3an aurkeztu zen Bilbon. Gaurdaino 27 aldizkari eman ditu argitara, horietatik bost zenbaki bikoiztunak, 32 zenbaki beraz, 2001eko urrira bitartean. Mikel Zarateren “Idatz eta Mintz” izeneko alegia bat lehen zenbakiko lehen testua, bide batez aldizkariari deitura eman ziona. Literatur Aldizkarien Gordailuan ez dago Idatz & Mintz aldizkariko artikulu digitalizaturik, soilik aurkibideak daude.