Duela 40 urte, apirilaren 29z, egin zituen azken pilpirak Manex Erdozaintzi-Etxarten bihotzak. Hainbat gairen inguruko bere pentsamendua aldizkaritan emana, kantugilea, poeta da ororen gainetik Erdozaintzi-Etxart. Bizi zela argitaratu gabeko hiru poemario bildu zituen liburu batean Maiatz argitaletxeak 1994an, idazlea hil eta 10 urtera: Bizitza pilpirak da liburu hori, orain osorik dakarkizueguna. Lehenagotik argitara emanak zituen Hinki hanka (Elkar, 1978) eta Herri honen erraietan (Maiatz, 1985) poemarioak, eta Gauaren atzekaldean eleberria (Elkar, 1982). Susak plazaratutako XX. mendeko poesia kaieretan ere bada haren poemen antologia. Gipuzkoako Foru Aldundiak Erdozaintzi-Etxarti eskainitako webgunea osatu zuen, idazlearen lanak eta idazlearen ingurukoak bilduz.
Hitzen zentzua eta bizitzaren zantzua berreskuratzeko, letrazko galbahe bat eraiki du Gotzon Barandiaranek bere hirugarren poema liburuan. Maiatzaren 3an (osteguna) aurkeztuko dugu, Donostiako Konstituzio plazako liburutegian, 12:00etan, eta Galbahea poema liburuaren aurrerapen bat jarri dugu irakurgai sarean.
Hamalau urterekin idaztea hil ala biziko jarduntzat deskubritzen duen norbaiten aitortzak abiatzen duItxaro Bordaren Itzalen tektonika. Erdian du epizentroa, eta hark hedatzen dituen uhinak dira albo bietara datozen olerkiak. Bitoriano Gandiaga, Jeanne Dielman, Mariupol, Olot. Garai izugarri baten ikarak, poetaren paseoak eta desirak adinik ez duela ospatzen duten lerroak. Argitasunaren ehundurak eta larruaren hedadurak. Hotelak eta geltokiak, haranak eta ur-jauziak. Ostatuak eta hiztegiak aizolbe diren herri bat, basamortua eta gerra. Lurrikara baten dardara dakar Itxaro Bordaren poema liburu berriak. Osorik irakur dezakezue gaurtik aurrera sarean.
Lurrikara baten dardara dakar Itzalen tektonika izeneko Itxaro Bordaren poema liburu berriak. Garai izugarri baten ikarak, poetaren paseoak eta desirak adinik ez duela ospatzen duten lerroak. Argitasunaren ehundurak eta larruaren hedadurak. Astelehenean aurkeztuko dugu, 11:30ean, Donostiako Konstituzio plazako liburutegian, eta aurrerapen bat jarri dugu sarean irakurgai.
70 urte bete dira aste honetan Emeterio Arrese hil zela. Amerikak eta Euskal Herriaren artean bizi izandakoa, idazle zibila, aldizkarietan eman zituen argitara lehen lanak. Poema bilduma bi, Txindor eta Nere bidean, kaleratu zituen Espainiako gerraren aurretik, eta baita operen libretoak ere; Zara, besteak beste. Gerra ostean bildu zituen poemak oihartzun handiena izan zuen liburuan, Olerti berrizte. Hona hemen denak irakurgai. Duela 20 urte, bestalde, Bello Portu musikariaren etxean aurkitutako eskuizkribu baten berri izan genuen, kaier bat, Arreseren 31 poema zekartzana, eta online eskaini genuen, koadernoaren faksimile-arekin batera.
Ehun urte izan dira, apirilaren 4an, Junes Casenave idazle zuberotarra jaio zela. Alor askotan aritutakoa da, idatzizko jardunean, Casenave, baina pastoralgile gisa da nabarmentzekoa bere lana. Literatur Emailuotan eskaini genituen bere hiru pastoral, Santa Kruz (1992), Santa Engrazi (2006) eta Eñaut Elizagarai (2007), eta baita Basabürüko ipuinak narrazio liburua eta Aroa saiakera ere. Eta orain, mendeurrenaren karietara, bertze bi pastoral esanguratsu dakartzagu, osorik: Ibañeta eta Pette Basabürü.
Luis Ocañak, Mentéko mendatean behera jaisten ari zela erori eta min hartuta, 1971ko Frantziako Tourra utzi behar izan zuela jakitean, poztu egin zen Gorka Alkorta Ezkurdia Donostiako gotzaina (Azkoitia, 1963). Horrela hasten da, Juan Luis Zabala idazlearen Ospa liburuko kontakizunetako bat, 1974ko Italiako Giroa izenekoa.Ocaña txirrindulariaren istripuaren ostean, Eddy Merckxek ia-ia ziurtasun osoz galdua zuen Tour bat irabazteko aukera berreskuratu zuen. Eta istorio horrekin eta gotzainaren kontuekin narrazio aparta eskaini zigun Zabala txirrindularitzazale amorratuak. Euskal Herriko Itzulian izandako zorigaitzezko erorikoak, Ospa liburuko kontakizunera eraman gaitu. Eta Oletan behera gertatukoaren antzeko eroriko ezagunarekin, ipuina eta literaturaz gozatzera gonbidatzen zaitugu irakurle.