Ibaņeta
Junes Casenave

Jakin, 1978

 

 

778 — ORREAGA — 1978

 

      778-1978: mila eta berrehun urte betetzen dira aurten Orreagako gudua eman zenetik. Mende muga ederra eta sinbolikoa.

      Horregatik kaleratzen dugu liburuxka hau, gaurreguneko herriak ere gertakari haien oroitzapena gal ez dezan.

      778. urte inguruko haiek ez ziren ausaz suertatu. Aitzitik, etsaiez inguratuta egokitu zen Euskal Herri baten halabeharrezko irrintzia izan zen Orreagako egitada. Iparraldeko kristauak —frankoak, alegia—, hegoaldeko islamdarrak —mairuak—, guztiek zuten begitan hartua denei enbarazo egiten zien euskaldunen herria.

      Garai haien historiolaria den Jan Dhondt-ek honela ikusi du euskaldunen jarrera politikoa, Karlomagnoren Europa haundiaren barnean: “Loira-ren hegoaldean Akitania zabaltzen zen (...). Mendeetan zehar, Akitaniak bere aristokrazia ez zuen galdu, eta beronek ematen zion gorputz politikoa benetako herri independiente bati (Baskoniako Dukerriari, esan nahi da) o VIII. mendearen bigarren partean, eta batez ere Karlomagnoren agintaldian, Estatu frankoa bortizki ahalegindu zen indar politiko nazional hauek Akitanian ahal bezainbat ahultzen, eta hara bidali zuen Inperatoreak bere funtzionari frankoen talde ez hain ttipia. Baina erabaki hau ez zen aski izan. Akitaniak bere haretan segi zuen, baita ia IX. mende osoan ere: menperatu gabeko lurraldea zen, eta noiznahai babes zitezkeen han frankoen arerioak ere. —Euskaldunek —Pirinio aldeko herri zaldun sakabanatu harek— formalki bakarrik aitortzen zuten Estatu frankoa, eta egiaz eta benetan beren buruen jabe ziren, Hori bera gertatzen zen bretoinekin ere. Behin baino gehiagotan zuzendu zituzten frankoek beren espedizioak haien kontra, baina halako fruitu haundirik gabe, noski”. Hau da Karlomagno-k, Piriniotatik iparraldera duen “euskal problema”.

      Hegoaldean, berriz, mairuek oxta-oxta menperatzen dute Nafarroa. 732-734etan hemen dabil haien harmada; 755ean euskaldunen eskuetan erortzen da, deseginik, islamdarren beste espedizio bat. Ondokorik deus guti dakigu: dirudienez, iruiņaldeko euskal nekazarien eskuetara pasa da Iruiņea. Inguruko euskal buruzagia jabetu zen, nonbait, hiriaz. Frankoek idazten zutenaren arauera, Iruiņea (orduan izentatu ziren lehenengoz horrelaxe lurralde hauetako euskaldunak) indargaztelua.

      Iparraldeko Karlomagno etsaiak bazeuzkan adiskideak Ebro aldeko mairuen artean. Paderborn-a joan zitzaizkion (777ko udaberrian), Cordoba-ko agintetik ihesi, jauntxo islamdar batzuk, beren hiriak eskainiz. Iparralde-hegoaldeak elkartu egin zitezkeen, tartean zegoen herri librea zanpatzeko.

      778ko udaberrian harta zuen Inperatoreak Zaragoza-rako bidea; baina han traizio egin zioten mairuek: ezin izan zuen hiri haretan sartu. Karlomagno-k ez zuen bere burua segura sentitu, eta atzerako bideari ekin zion. Iruiņea euskaldunaz ere ez zen fidatzen eta hiriburu honen murruak hondatu egin zituen. Horren ondoren, Pirinioak gainditu behar zituen lurralde seguruetara salbu iristeko. 778ko abuztuan gaude.

      Orreagan erori zen Inperatorearen harmada. Frankoen nobleziatik hainbat gizon hilak gertatuko dira: Eggihardus seneskala, Anselmus kontea, Erroldan Bretainiako dukea...

      Garaiko frankoek esan zigutenez, euskaldunak izan ziren hondamendi hura sorta zutenak. Abadal-en ustetan, hain zuzen iparraldeko euskaldunak ziren basoko gerlari haiek, inondik ere Karlomagno-k ezarri berria zuen (769) aginte arrotzaren ordainetan. Dena den, pentsa genezake, Iruiņeko axioaren ondoren, bai iparrak eta baita hegoak ere bazutela zertaz mendeku onik har.

      Orreaga, guren histori une larri batetako, Euskal Herriaren batasun ekintza bezala agertzen zaigu gaur.

 

 

Ibaņeta
Junes Casenave

Jakin, 1978