Ibañeta
BIGERREN ZATHIA
Lehen jelkhaldia
Jelkhi Karles, Erroldante Britanako mügaren kuntia, Zulaiman Barkinoko Walia edo gobernadoria, Abul-Aswuad Gerunako Walia, Alawis sühia eta Elizaxar Uskaldünen saltzale Tolosakua.
Karles Barkino düt aisa goithü zure lagünguarekilan, Eskiala deitadazü bai zük ezari, Zulaiman.
Zuretako, Abul-Aswad, nüzü ni khexü handian, Geruna behar zeneitan arrunt ützi esküpian.
Abul-Aswad Frankuen nausi handia, ez eman eni ogena, Zulaimaneki dizügü biek egiten ber lana.
Aitzina juan gitian ta har dezagün Zaldüba, Gerunan gira sarthüko hala nula Ali-Baba.
Alawis Har tü ginizün xedia arrunt behar güniala Abd-ar-Rahman jauz-erazi egitez gure ahala.
Zulaiman Karles, izan zite segür Barkino garhaitüz geroz Ezkirela lo bezala egonen gü orozbatkoz.
Orhit zira Paderbornan zurekin egin tratia: Gük Zaldüba zuri eman edo gal gure bizia.
Karles Bena, ornen, horra dira Zaldübarat Uskaldünak, Ekharriz hiri hortara saldoka beren gizunak.
Nula izaten ahal da gaizen heiñ hortaratzia? Ala Otso-Zantxezek ere eztü hor xahü eskia?
Elizaxar Bai, Otso-Zantxezek zütü Jauna, gibeletik saltzen, Zien gal-erazi nahiz dizü Jimenez mezützen.
Bena Otso-Zantxez dago Akitanian baratürik, Mendietako lagünak ezin süstengatüz hantik.
Erroldante Horra zer gatik diren hoik gorde basabazterretan, Zure armada güzia barreia dadin denetan.
Arren zuaza aitzina: Zaldüba düzü zuria, Otso-Zantxez düzü joko bai eta Uskal-Herria.
Bigerren jelkhaldia
Jelkhi Abd-ar-Rahman Kordobako emirra, eta Thalaba güdükarien aitzindaria.
Abd-ar-Rahman Iberiako lürretan Kordobako emir beniz, Mauro aitzindari zunbait dütüt ene saldü nahiz.
Horietan Abul-Aswuad Alawiz eta Zulaiman, Hor ari dütük tratian sar dadin Karles Zaldüban.
Orai badakik xeheki nur den saltzale, Thalaba, Hire dük horien heztia begira ezak Zaldüba.
Thalaba Horiek dizie deithü Karles Hebro gaintialat, Zü goithü-ta nahiz izan nausi nur bere altilat.
Banuazü printze horien elkhitzera Zaldübatik, Ditzat nik bai ohiltüren zure hitzaz azkartürik.
Hiru-gerren jelkhaldia
Jelkhi Thalaba jartera, Zulaiman, Hüzain, Türkak.
Thalaba Nik dit eginen Emirrak eman deitan egitekua, Zaldüba begiratzeko ezariz ahal osua.
Jar.
Zulaiman (Turkeri) Ixil ixila sar zite tinka zazie azkarki, Untsa iharraus alkhütsak eztiki dadin jarraiki.
Turk bat. Deüs borogatzen diala etziküzü üdüritzen, Bere oihal etxolatik aisa dizügü elkhitzen.
Sar eta Thalaba eraman.
Zulaiman Hor hiz ene eskietan Abd-ar-Rahmanek uste zian Güntiala degoillitüren hi üztez hiri barnian.
Nula bilhoko kazaldak gük dütügün gal-erazten, Utziren haigü abürreill ta Karlesi eskentüren.
Hüzain egon. Bestiak erretira.
Hüzain Zulaiman Thalabareki hebentik hürrün juanik, Ni niz Hüzain heben nausi: zer hobe düt nik eginik?
Nahi ala ez, diagü Abd-ar-Rahman Emirra: Aitzindari gaitz horreki eztezagün egin llellua.
Enetako hoberena jartia hunen altheko, Heben düt egürükiren ta Zaldüba etxekiko.
Lau-gerren jelkhaldia
Jelkhi Hüzain eta Mauruak, Iñigo eta Uskaldünak.
Hüzain Karlesek diküzü oro hiria üngüratürik, Indar handiak dititzü bazterretan hedatürik.
Gure Printze zunbaiteki eginik dizü tratia, Haiekilan hitzartürik batetan gure joitia.
Bena zaltzalek eztie untsa eginik haitia, Utsütürik berentako hartü nahiz bürüpia.
Iñigo, Uskaldüneki zira hüillantü gutara, Zure lagüntza hunaren guri arrunt emaitera.
Iñigo Uskaldünek beteitaie eman bürüzagigua, Algarreki dügü entzün egin deiküzien galthua.
Badakigü aldi huntan gure etsai gogorrenak Direla Franko indarrak ipharretik jin direnak.
Horra zeren gütützien ikhusten zien khantian, Gure izatia dügü etxeki nahi Herrian.
Santa Grazi dügü bethi Zaldübaren zaiñtzalia, Uskal-Herriko jentiaz izan bedi othoiztia.
Khanta
Errepika: Oren latza, oren beltza, Jinko Hunaren lagüntza Ukhen beharrez gabiltza, Bai, oren latza, bai, oren beltza.
Egün da gure Herria galbidetan ezaria, Gaitzeko ezinbestia galtzen badü izatia.
Zü zira guretzat, Grazi, Zaiñtzale handia bethi, Lagüngua zük eman guri Eta ere indar berri.
Bost-gerren jelkhaldia
Jelkhi Karles, Zulaiman, Thalaba, estekirik bi gizunen artian. Türkak.
Karles Zer othe da hau, Zulaiman? Mauruek eztieia hitzik? Ehiza orhit zer heikün Paderbornan hitzemanik?
Gogua ttipitü zaika? Ahabero hintzan ordian: Behar nian hegualdilat hedatü ordü berian.
Ikhusiz zer igaraiten den odola zitak ützültzen, Batere nahi bezala eztütük gaizak juaiten.
Zulaiman Enetako othoi ükhen eztezazüla mardarik, Hüzainek gitizü oro gü bat batetan saldürik.
Untsatto estekirik Thalaba aitzindaria Zure gana dit ekharten ene hitzaren bahia.
Segür eztizü balio hortan hola izkintzia, Hüzain hartüko dizügü ezariko laurdenkatia.
Karles To, hau diagü garratzena! guri hire tzarkerian Eta ezdeüskerian hiz ezabatü nahian.
Ageri dük enauki diala debrü gezürter hiotia, Zertako Thalaba ekhar? eman behar heitan hiria.
Bartxa beno txarrago hiz; Thalabarekin batian Egonen hiz karzeatürik behar ordüko tinkian.
Türkek har.
Orai berehala, Hüzain, eta hi bezalakuak, Ikharaziko ditiagü joitez Zaldüban etsaiak.
Dantza Satanak.
Sei-gerren jelkhaldia
Jelkhi Karles eta Türkak, Hüzain, Iñigo eta khirixtiak.
Karles Nun zide, Hüzain, Iñigo? eni zideie bühürtzen, Bena bertanxko düzie ziek lekhia hüstüren.
Hüzain Holako saldükeria bester zaie phetxatüko, Saristatü beharko ziek hilik dütükek biharko.
Karles Khordoka-eraziko zütie errotik ene indarrek, Hatsa galdüko düzie egün berian ziek biek.
Hüzain Hi beno azkarrago dük Mauruen güdükaria, Zalhe dük borogatüren gütan den nahikeria.
Iñigo Uste hian Zaldübaren kolpü bakhotx jauz-eraztia, Orai hiretako hasten egiazko aphaltzia.
Ezari nahian hintzan Zaldüba hire menpian, Ubel hiz ez khausitürik Ata espantü bahian.
Aigü, aitzin hadi hunat Uskaldünak hor dütükek, Esperrekatüren zide aphottekatürik gurek.
Karles Mauruak eta üskaldünak zütiegü gük trenkatüren, Segür zaizie oroer azkarki ürrikitüren.
Iñigo (güdükarier) Ene adixkide hunak etzitela erreüs izan, Zien indarrak ez erresi gaiñia ükhen artinokan.
Etzitela ürri egon bena ahal oroz agüelo, Argiübeltzia gabe tützie ohiltüko kanpo.
Egin güdüka. Türkak obiltürik eta lasterkatürik.
Zazpi-gerren jelkhaldia
Jelkhi mezülaria eta Karles.
Karles Zer deitadazü mezützen egün huna artino jitez? Zer dabila erresuman ni hantik hürrün izatez?
Mezülaria Berriago badizügü: arruntaz huna jin nüzü Zuri zalhe erraiteko Satsunak direla oldartü.
Bertan hedatü da fama zü gibeltürik Zaldüban, Karles Handia bazira etzira ezin-goithian.
Karles Mauro traidore zunbaitez izan niz inganatürik, Arra-ützüliren nüzü Zaldüba bazter ützirik.
Bena aldi huntan nüzü juanen ekhi-itzalgiatik, Aski niz hürrün egonik sar-ordü dügü hebentik.
Igaraitez gaiñialat Uskal-Herriaren gaintik, Iruiñea düt ebakiko Uskaldünak harritürik.
Zortzi-gerren jelklialdia
Jelkhi Zulaiman, Thalaba estekirik eta Türkak Gillaumekin.
Gillaume Biak etzide berhala hebentik libratzekuak, Badügü zien beharra egiteko khanbiuak.
Karlesek gure eskietan zütie arren ezari, üntsatto begiratzeko zütiegü hunai ekharri.
Sar Matruk eta Aixun, Zulaiman Semiak, eta Iñigo. Eho Begirazaliak.
Iñigo Tudelarik hunat dügü Uskal-Herria orotan, Ziek bezaiñ bestek die borogatüren frankotan.
Libra Zulaiman eta Thalaba.
Bederatzü-gerren jelkhaldia
Jelkhi Karles, Kuntiak eta Türkak, Liliola Iruineako aphez-gehiena, eta khirixti zunbait.
Karles (kunter) Briuntaz heltürik gira Zaldübarik Iruineala, Aldi huntan düda gabe Hiria gure datiala.
Khirixtier.
Zien gatik da Zaldüba bühürtü ene indarrer, Behar deiziet nik orai untsa phaka-erazi zier.
Ta Uhalde bigerrena harrista-erazi balin badüt, Otso-Zantxez hori düt ere lahardeka-eraziko txüt.
Uskaldünak bethi danik beitzinden zien gaiñ sentho, Arrunt ezariko zütiet ene esküpian mantxo.
Zolatik düt urthukiren zien Hiria berhala, Jakin dezen gero ere Karles hunkitzen eztela.
Liliola Iruineako aphez-gehien, Jinkuaren ordaiñ, diot nik: Hori egitez eztüzüla khirixti izena baizik.
Iruineak aspaldian dü Jesü Krixtoren legia Jarraikitzen bihotzetik, maite dü ere bakia.
Ornen khirixtigua da zureki düzün asmia, Lotsa niz handikeriak deizün manhatzen xedia.
Karles jar, Eskietan büria. Satan sar, zankho phünttetan.
Satan (Karlesen beharrietara) Aisa dük orai artino inganatü bai mündia, Printze ta aitzindariak halaber Aita Saintia.
Karles, aphezküpü hunen aitzinian ezaririk, Hortxe hiz pikarrai-gorri denen bixtan agertürik.
Europa aldian hintzala sinhestiaren zaiñtzale, Estakürü hoi galdürik bardin haite irabazle.
Karles Jeiki, Khexü.
Karles Aphez-gehiena edo ez, ni niz Frankuen erregia, Hortakoz eztüt hun-hartzen seküla besten nahia.
Iraiñ handi ziek eni deitadazie egin berri, Zulaiman eta Thalaba ene eskietarik elkhi.
Ordian ene goguan hartürik düdan bezala, Harri bat eztüt ütziko lothürik Hiri enphaiala.
Liliola Hola badüzü egiten segür herra da sarthüko Uskaldünen bihotzetan orai beno azkarrago.
Karles (Türker) Hiri eta basherraik zapha zatzie orotan, Har ürhe, edergailliak, ebatsiz etxe barnetan.
Zier bühürtüko dena zanpa zazie bertarik, Xaha detzatzien bazterrak Uskaldün bürkhoietarik.
Güdüka, Uskaldunak ezkapa.
Hamar-gerren jelkhaldia
Jelkhi Iñigo.
Iñigo Zer itxesa hedatü den Iruineako Hiriala! Uskaldünen Hiri Huna oso zaphatü deikiela!
Gure Hiria trüf atürik, dirade joik Uskaldünak, Holako aphal-aldiak hertzen tü gure bihotzak.
Jelkhi aingüriak. Khanta.
Khanta
Eujeniaren semia, San Fermin gure Saintia, Begirazale handia, Entzün gure othoitzia.
Ulhünpetik da elkhiko Iruiñea Hiri Nausia, Nafarro erresumako Ta Herriaren argia.
Iruineak beitü orai Nafarroa zaiñtzen oso, Bat eginez bil ditzala Beste probintziak oro.
Hameka-gerren jelkhaldia
Jelkhi Karles, eta Erroldante, Egiharte, Anzelme Kuntiak.
Karles Nula mendekirik giren Iruinea hola joitez, Zer lana egin düzien harhesiak urthukitzez!
Iruinea Uskal Herriko ürgüllürik handiena, Egonen da zabaltürik bethikoz bühürt ezina.
Ene Kuntiak baguatzi nur gure herrietara, Iruinea hartü eta aberastürik beikira.
Guatzan iphar-aldialat ni aitzin armadarekin, Lehenik mendiak gora ziek beste indarrekin.
Erroldante, zük deizkützü gibelekuak bildüko, Aitzineko güdükarien hobeki segürtatzeko.
Erroldante Güdükari bortxazkuak gureki dira egonen, Beren lürren ez galtzeko lotsaz zaizkü jarraikiren.
Errozabal ordokitik Ibañetako lephulat, Ditzat gure indar güziak hedatürenko goitilat.
Zaldi, orga ta gizunak dirate beren herrokan, Armada güziarekin juan zitian gustian.
Karles Badakit, zük, Erroldante, gaizak untsa plantatürik, Arrankürarik ükhen gabe, elkhiren girela hebentik.
Egiharte Nik aldiz hatiak dütüt adela türik nasaiki: Bihi, ogi, aragiak; ezkirate gosiareki.
Nafarroako bazterretan, bihitegi, behitegi, Arthegi güziak ere tüt üxtio hütsik ützi.
Anzelme Nik zilhar eta ürhiak, beste aberastarzünak, Dütüt bildürik atheka, untsatto barroillatiak.
Zure errege-etxia dit eijerki aphaintüren, Zure aitzinian dira erregiak aphaltüren.
Zük badükezü abala bazter oroen thüstatzeko, Eta ürhia eskentüz gizonaren erosteko.
Karles Handia zirela dizie bogatürenko, Bai Satsunek eta bestek zütie gozatürenko.
Karles Ene kunte hitzekuak, zier deitziet eskerrak, Zien enperadorari beitützie lagünguak.
Satsunak hezi onduan, ützüliren gira hunat, Mügak azkartüren tügü; hots orai Erresumalat!
Dantza Satanak.
Khanta
Maitiaren ganat goizian düt nik Bi ürhats egiten sorhua gaintik, Ene aitzinian lürra bustirik Eta zerraillia lili delarik.
Zuiñ aisa dütügün oro nahasten, Deseginak nekez arra-egiten! Ez othe dügia gük ahal heben Bizitze güzia irus igaiten?
Zelü eta lürrak zuiñ argi diren! Bihar eztakigü zer zaikün jinen; Egünko lanari gira lothüren, Ta bake goxua arauz gozatüren.
Dantza Satanak.
Ibañeta |