|
Bizitza pilpirak ARGITARATZAILEAREN OHARRA Manex Erdozainzi-Etxartek idatzi poemen hiru bilduma aurkitzen dira hemen. Bizi zeno argitaratu zuen Hinki Hanka, 1978.ean eta Herri honen erraietan, 1974.ean idatzia, Maiatz aldizkariaren lehen zenbakian, 1982.eko otsailean. 1984.eko apirilaren 29an zendu zenak, bere gelan utzi zituen testuen artean, baziren bi poema bilduma, Nafarroari poema irekia, Sinesten dut poemak bururatzen zuena eta Bizitza pilpirak. Makinaz jo testuen hastapenean idatzia zen lehendabizikoa 1977.eko larrazkenean bururatua zela eta bigarrena Domintxinen 1981.eko abuztuan. Herri honen erraietan poema luzea Hitz aldizkariari Manexek helarazi zuen 1975.ean, argitarazeko, eskatuz orduan lehen urratsen egiten ari zen euskara batuari egokitzea. Beñat Oiharzabalek egin zuen lan hori bainan orduko ezinbesteek poemaren plazaratzea debekatu zuten. Testu batu hori zen argitaratu 1982.ean eta forma berdinean aurkitzen da hemen. Aldiz, Nafarroari poema irekia eta Bizitza pilpirak, Manexek utzi forma berdinean argitaratuak dira hemen. Irakurlea ohartuko da testu berdintsu batzu bata eta bestean badirela, bestela aurkeztuak, beste giro batean, lantze baten seinale. Liburu honen argitaratzea egingarri izaiten lagundu duten guziak eskertu behar ditugu bihotzaren erditik, Manexen heriotzaren hamargarren urtemuga honetan. Lehendabizi bere anai frantxiskotarrak, batez ere Aita Santos Beloki eta Juan Joxe Iturrioz. Eskerrak ere Agurtzane Ortiz irundarrari, bilduma honen iturrian baita.Testu hauen itxura apainen lantzaile izan dira Mikele Larronde eta Sophie Hautenauve. Laguntza premiazkoa eman digu ere Baionako Pixel Informatikako arduradunak, Manuel Vilak. Baionako Imprimerie Artisanale eta Geloseko DTCIko langileei esker hau zuen eskuetara heldu da. L. Etxezaharreta 1994.eko ekaina
Bizitza pilpirak |