Bizitza pilpirak
Manex Erdozaintzi-Etxart

Maiatz, Uhargi 30, 1994ko ekaina

 

NAFARROARI POEMA IREKIA

1977.ko Larrazkenean

 

 

        I

 

Bi ukaiak

Bata besteari lotuak

Bi zangoak

Bata besteari estekatuak

Urteetan zehar

Beharba historia luze batean zehar

Ibiliak gara

Itzulika eta zeiharka

Heldu izan gara

Herrestan eta hatsantuak

Hogoigarren mende honen honaraino

Herri madarikatu hontako

Ume hezgaitzak!

 

Gure odolaren beroa

Gure zainetako indarra

Gure ukaietan bildu dira

Gure zangoetan berritu dira

Urteetan zehar

Erresistentzia historia gogor batean zehar

Gure ukaiak indartuak dira

Gure, zangoak zalutuak dira

Eta erresistentzia herri bat

Eraiki dugu...

 

 

        II

 

Bai gertatu zen:

Gure Herri hau madarikatu zutenen

Indarkiak sartu zirela

Alde guzietatik alde guzietara

Aldian aldiko bihurrikeria,

Azpikeria eta deabrukeria guzien

Hitzarmenarekin, diruarekin, harmekin

Ibili zirela Herri honen lurretan

Ontasunak zangopilatzen, xurgatzen, enpoiltzen

Plantatu zirela Herri hontako eremuetan

Jendeak berexten, zapaltzen, desterratzen

Saiatu zirela Herri honen gogo-bihotzetan

Bertako kultura ereduak

Mespretxatzen, puskatzen, suntsitzen..

 

Espainoleriaren

Frantsesiaren

Eredu lilugarriak

Enganagarriak sartu ziren

Urtetik urtera:

Handiak eta ttipiak

Aberatsak eta pobreak

Manatariak eta morroiak

Alfabetatuak eta analfabetoak

Zakitenak eta ez zakitenak

Herri zapartatu bat utzi ziguten

Gure Herri hau madarikatu zutenek!

 

 

        III

 

                Nahiz ez den gaztelua

                Maite dut nik sor-lekua

                Aiten aitek hautatua

                                          Elissamburu

 

        Kantuak asko gauza eta erranahi berarekin dakar. Batez ere kantua, bere, kontenido eta bere aire moldeetan gizarte aldi baten agergailu izan daiteke eta da gehienetan. Kantua gizarte baten erraietatik ateratzen da eta berarekin dakarzki gizarte hortako sendi-ikuspentsamoldeak. Bertsolaria ez da baitezpada aparteko norbait: bertsolaritzan sortzen eta hazten da eta bertsolaritzak badu gizarte bizitzan bere funtzioa. Bertsolaritza gure gizartean aurkitu da gure gertakarien, gure sendimenduen, gure ikusmoldeen, gure pentsabideen bilgailu eta agergailu. Eta ere gure kultura ereduen helarazle: nere gogo-bihotzak ttipi nintzelarik, kantuak ireki dizkit gizarte bizitzara. Eta gizarte ingurina, denbora haietan, orain baino euskaldunagoa zen.

        Horrela sortu zitzaidan euskal sendimendua. Olerkariaren hitzak sartu zitzaizkidan ttipi-ttipitik eta kokatu gogo-bihotzetan. Horrela hazi zitzaidan nere sort-herriaren ganako arxikimendua. Olerkariaren bertsoek beren erroak egin zituzten nere giza eremuetan eta beren bidea zilatu zuten. Handitu nintzenean nigan hor gaindi moldatua zen herri kontzientzia. Batzuk erranen dute fenomeno oso xinplea dela hau. Bestek susmatuko dute herri kontzientzia delakoaren azpian gordetzen dela ama-sabelean ezagutu goxotasunaren nostalgia ... Berdin zait. Horrelako interpretaziobideak aspaldian analisiatzen ditut. Egunero ere pizatzen dut hauien funtsa. Ez naiz halere herabe horrelako nahas-mahas bat gerta dadin nere herri kontzientziaren motibazioetan.

        Baina Herri baten bila nabila. Maite dut sor-lekua nere Aiten aitek hautatu zutelakotz. Beharba ez zuten sekulan hautatu eta, ezinbestean, hemen kokatu ziren: nork erran xuxen? Haurrean nik ezagutu Euskal Herria doa, edo, hobeki errateko, nik ezagutu nuen gizarte aldia. Herri berri baten bila nabila. Ni bezala beste asko: euskal sendimendua galdu ez dutenak; Euskal Herriaren ganako atxikimendua endurtu ez zaiotenak. Euskal Herri bat bazen: zazpi Probintziekin, lau Espainian, hirur Frantzian. Haurrean guk ezagutu Euskal Herria horrela zatikatua agertu zitzaigun. Eta izendatzen gintuzten: Euskaldun espainolak eta Euskaldun frantsesak. Gure eskualde hautako jende notable eta jaunttoen kaskoan eredu hau itzea bezala sartua segitzen zaie. Jende xehearen ahoan ere izendatze honek badu herrestorik.

        Euskal Herri hau joan da, joanen da: ez zait dolutzen. Neri bezala beste askori, ez zaie dolutzen. Beste bat abiatu da hitzetan bederen: Euskal Iparraldea eta Euskal Hegoaldea. Hitzek dakarte errealitate berri bat. Bizkitartean betiko muga hor dugu. Baina, muga hau zapartarazten hasiak gara: Iparraldekoak bijitaz joaki dira Hegoaldera; Hegoaldekoak ihes etorri dira Iparraldera; bertsolariak, kantariak, dantzariak, teatrolariak ere batan nola bestean kurutzatzen, ibiltzen eta elkarretaratzen dira. Joan-jin hauk muga kraskarazi dute. Baina politika eta ekonomiabideak irekitzekoak dira: ireki beharko dira; irekiko ditugu. Zazpi Probintzien arteko mugak ere biziak gainditzen ditu; lehengo distanziak ez dira zer orain: laburzka gabiltza probintzia batetik bestera. Muga psikologikoak ere menderatzen ari gara. Burruka beraren mugimenduak hurbilagotu gaitu eta euskalduntasunaren kontzientziak ari gaitu indartzen: zazpi Probintzietako Euskaldunak bat gara. Bat izate honek ez du ukatzen Probintzia bakoitzak euskalduntasun honi eman eta ematen dizkion koloreak: mendiak, zelaiak, itsasoak, lanmoldeak ...zizelatuak gara aurpegian. Gure aurpegi zizelatuek ezin dezakete uka bat egiten gaituen euskalduntasuna.

        Herri bat egitera goaz: Sabinok amestu Euzkadi errealitate gerta dadin, Euskadi behar dugu. Olerkariaren herri sendimenduak sor-lekua kantatzen zuen euskal kultura oraino galdua ez zen garai haietan. Gure defentsarako Euskadi behar dugu. Eta ere, defentsa mailatik bizi mailara heltzeko. Orain arte, batez ere mende honen parterik handienean, gure dohainak eta indarkiak gure nortasunaren defentsarako xahutu ditugu. Edo, gure dohainak eta gure indarkiak, gure mozkinak eta gure jendeak, Espainiak batetik Frantziak bestetik, beren gerletan, beren ekonomia produktziorako ..., xurgatu eta enpoildu dizkigute. Gure herrietatik bizia ihes joan da Espainia eta Frantziak kasaturik: gure herri hustuek galdu zuten beren gizabizitzaren ekilibrioa eta hinki-hanka batetan irauten dute. Hasi genuen erresistentzia. Plantatu genuen nolazpait gure defentsa. Orain beharrezkoa zaigu Herri bat: gure defentsarako bezenbatean gure gizabizitzarako.

        Gure Herri olerkari hau berriz has dadin bere poesiak zizelatzen bere harri eta zuretan eta burdinetan, bere mendi, oihan, ibar eta itsasoetan. Gure Herri olerkari honek zizela dezan bere askatasuna bere harri eta zurekin eta burdinekin bere mendi, oihan, ibar eta itsasoetan ... Beharrezkoa zaigu gu izatera eraginen gaituen Herri bat!

 

 

        IV

 

Hitz hauk ez dut nahi

Akademikoak izan ditezen

Dena itzuli-mitzuli

Hitz hauk ez dut nahi

Jende handiek errekupera ditzazten ...

Hitz hauk nahi ditut

Irakur eta konpreni erretxak

Nere Herri langilearen

Tripatik eta odoletik

Ateraiak direlakotz

Hitz hauk nahi ditut

Zorrotzak harri zorroztua

Bezal-bezalakoak

Nere Herri langilearen

Karriketan eta ostatuetan

Bilduak dituztalakotz

Hitz hauk nahi ditut

Gure sendimenaren erraile

Gure ikus-pentsamoldeen erraile

Hitz hauk nahi ditut.

Gure karriketan eta ostatuetan

Beren bizitza segitzeko ...

Hitz hauk maite ditut

Eta nahi ditut zaindu

Gure Herri langilearen hitzak

Direlakotz!

 

 

        V

 

Gure Herri langile honen

Ukaiak

Kate koropiloak dira

Gure Herri langile honen

Zangoak

Haritz enborrak dira

Burruka luze baten historian

Koropilatuak eta

Enbortuak

Gure Herri langile honen

Ukaiak

Eta

Zangoak

Ez dira

Akadernikoak!

 

Ukai hauk

Zango hauk

Maite ditut

Diren bezala

Eta nahi ditut zaindu

Gure Herri langilearen

Iraultza

Direlakotz!

 

 

        VI

 

                        ... bego Euskadiko neskatxa

                            berriz ere amets egiten, amets egiten...

 

Amets egiten duzu

Amets egiten duzu

                  Gauaz lo zarenean

                  Egunero lanean

Amets egiten duzu

                  Neguko euriekin

                  Udako beroekin

                  Haize hegoarekin ...

Amets egiten duzu

                  Loretxo bat zarela

                  Neguko eurietan

                  Udako beroetan

                  Haize hegoen kaldan

                  Bizitzara sortua ...

Amets egiten duzu

                  Giza lore zarela

                  Zuhaitzen itzalean

                  Iratzeen artean

                  Lurraren izerdian

                  Basoan handitua ...

 

Amets egiten duzu

Amets egiten duzu

                  Gauaz lo zarenean

                  Egunero lanean ...

Amets egiten duzu

                  Giza lore joria

                  Neguko euriekin

                  Udako beroekin

                  Haize hegoarekin

                  Zarela ezkondua ...

 

 

        VII

 

Gure etsaiak

Gure kanpoko etsaiak

Espainol eta Frantsesak

Gure Herri barruko etsaiak

Espainol eta Frantsesen

Morroi esku-makilak

Gure Herri hau

Madarikatu zutenak

Gure kanpo-barneko etsaiak

Gure etsai izaten

Iraunen dute zerbait gisaz:

Portaera hau

Salatu behar dugu

Urbi et Orbi!

 

Bi ukaiak

Bata besteari lotuak

Bi zangoak

Bata besteari estekatuak:

Holako moldeetan idatzia digu

Gure Herri langile honek

Bere erresistentziaren historia!

 

 

        VIII

 

        Mende luzeetan, besteak beste bertsolaritza kantatuak iraunarazi du euskal sendimendua. Gaur gainera, bertsolaritza idatziak eta kantatuak sortzen eta eragintzen digu Herri bat egiten dugula kontzientzia. Kontzientzia hartzeak ez digu endurtzen euskal sendimendua. Sendimendu honek ez digu ito behar herri kontzientzia honen izan nahia. Batak ez luke bestea ukatu behar. Bata besteari lotuak atxiki behar ditugu. Sendimenduak agertzen digu nora doan edo nori buruz gure atxikimendua, gure maitasuna. Herri kontzientziak, gogoaren mailan, erakusten digu zein herritan landatzen ditugun gure nortasunaren erroak, zein gizartetan bilatzen ditugun gure ikus-pentsamoldeen eta jokabideen ereduak; hots nolakoa eta norekin nahi dugun gure herri etorkizuna.

 

                Kantuak ez dira

                Kantuak ez dira ixiltzen

                Geure mendi, zelai eta itsasoetan

                Kantuak derabilzkigu

                Gure mugimendu guzietan

                Bakarrik ala elkarrekin

                Kantu zahar eta berriak

                Derabilzkigu atxikimenduz eta errabiaz

                Sendimendu kantuak

                Salapen kantuak

                Iraultza kantuak

                Doatzi agerian karrikaz-karrika

                Plazaz-plaza, doatzi ahoetan eta

                Zintetan, diskoetan, derabilzkigu

                Besta buruetan eta manifestaldietan

                Fresko ala mozkorrak garelarik

                Doatzi beren bideak zilatuz

                Doatzi zintetan, diskoetan, liburuetan bilduak

                Sloganetan borobilduak

                Herri mobilizatzaile

                «Gora Euskadi Askatunt»

                Karrikaz-karrika, plazaz-plaza

                «Herrian bizi nahi dugu»

                Derabilzkigu sloganetan zorroztuak

                Herri akulatzaile

                Herri honen mintzoa

                Karrikatik plazaraino

                Ixiltzen ez den irrintzina luzea

                «Herrian lana»

                «Herrian lana»

                Sendimendu kantuak

                Kexu kantuak

                Iraultza kantuak

                Uzina eta baserrietako

                Mehaztegietan

                Kantu sloganduak

                Doatzi, doatzi

                Beren bideak zilatzen

                Beren bideak irekitzen

                Beren bideak largatzen

                Beren espazioak jabetzen

                Gure Herri langilearen

                Kantu sloganak

                Derabilzkigu eta

                Doatzi...

                Ixilduko ez den

                Irrintzina luzea!

 

 

        IX

 

Bai gertatzen da

Gure Herri iraultzak

Borobildu hitzak:

«Askatasuna»

«Autonomia»

«Independentzia»

Gure Herri burrukan

Zizelatu hitzak

Ebasten dizkigutela

Guk emana genioten

Kontenidoa, historia

Husten, xahutzen

Desbalorizatzen

Digutela ...

Beren diplomazia

Joko-jikutriekin

Beren demokraziarekin

Beren konzierto ekonomikoarekin

Beren aurre-autonomiarekin

Bere errejionalizazioarekin ...

Nahi gaituzte elkarretatik berexi

Elkarren artean nahasi

Nahi gaituzte parkatu

Batzu Hegoaldean

Besteak Iparraldean

Batzu Nafarroan

Besteak Provincias Vascongadas delakoetan

Eta gu Région Aquitaine hortan

Nahi gaituzte desegin

Etsipenaren etsipenaz

Eta ezin jasanaren ezin jasanaz

Elkar jo eta suntsi dezagun ...

Bedera kutxa ederretan

Nahi gaituzte ehortzi!

 

 

        X

 

                    Erreka doa

                    Ibarrean behera

                    Bere inguru-itzuliekin

                    Etxe guzion parrean edo

                    Ondoan

                    Erreka doa

                    Zuhaitzen artetik

                    Zuhaitzek zaindua

                    Erreka doa

                    Ibarrean

                    Behera ...

 

                    Miraila mugikorra

                    Behera doan errekatik

                    Datorkit.

Nere aurpegi itxura

Ur zolaren zolan

Nere begiek

Nere kopeta

Nere ahoa

Nere kokotza

Higitzen dira:

bizi pilpira bero bat

Sentitzen dut

Gorputz guzian ...

Erreka doa

Ibarrean behera:

Ur zolaren zolatik

Nere aurpegi itxura

Mugikorra

Pilpiran

Datorkit!

 

 

        XI

 

                    Zazpi Probintziak

                    Bata besteari lotuak

                    Zenbat eskualde loretsu

                    Oztibarre, Amikuze, Otxagabia,

                    Basaburia, Pettarra, Baztane,

                    Goiherri, Galdakano,

                    Garazi ...

                    Zenbat eremu dohaintsu

                    Beren izenekin

                    Beren izanarekin

                    Beren bizi nahiarekin

                    Bata besteari estekatuak

                    Historia luze batean zehar

                    Odol beraren bustiaz koloratuak ...

 

                Bila nabilen

                Bila gabiltzan

                Herriaren itxura

                Datorkit

                Datorkigu

                Zazpi Probintzion

                Batasunean!

                Mendiz-mendi

                Ibarrez-ibar

                Itsaso hegietatik

                Zazpi Probintzitik

                Baterantz doaz:

                Historia zolaren zolatik

                Gure Herri itxura

                Mugikorra

                Pilpiran

                Datorkigu!

 

 

        XII

 

Gure Herri langile honen

Ukaiak

Kate koropiloak dira

Gure Herri langile honen

Zangoak

Haritz enborrak dira

Burruka luze baten historian

Koropilatuak eta

Enbortuak

Gure Herri langile honen

Ukaiak

Eta

Zangoak

Ez dira hilen!

 

                Ukai hautan

                Zango hautan

                Bila gabiltzan

                Herritasuna

                Pilpiran

                Datorkigu!

 

 

 

BIZI NAHI DUEN HERRI BAT

DATORKIGU!

GURE HERRIA!

 

 

Bizitza pilpirak
Manex Erdozaintzi-Etxart

Maiatz, Uhargi 30, 1994ko ekaina