|
Bizitza pilpirak NOR ZEN MANEX Manex Erdozainzi-Etxart, Mañex edo Aita Mañex deitzen zutena bere herritar eta lagunek, Baxenabarren, Nafarroa Beherean, Ostibarre eskualdean sortu zen, Ibarla herrian Pekotxia etxean 1934.eko uztailaren 15ean. Zortzi haurrideetarik, denak mutikoak zirenetarik seigarrena gertatu zen. Bederatzi urte zituelarik burasoek Donapaleura ereman zuten eskolatzera, frantxixkotarren eskolara. Hor hasi bidea jarraiki zuen eta 17 urtetan, Pabeko komentuan, frantxixkotarren arropa hartu zuen 1951.ean. Urte berean Bretainiako Kemperera joan zen hango komentuan nobiziadoaren egitera. Lehen botuak Kemperen egin zituen, frantxiskotar anai bilakatzeko lehen urratsa eginez. Horren ondotik joan zen Béziers hirira filosofiaren ikastera, handik Pabera eta gero Orsayera teologiaren sakontzera. 23 urtetan apeztu zen, Larrart apezpiku misionestaren eskuetarik 1957.eko uztailaren 20ean, 23 urtetan. Apeztu eta gero beste urte bat egon zen Parisen, Pastoral ikasketak egiten. Horren ondotik bere zuzendariek Donapaleura igorri zuten, tokiko apezen laguntzaile. Predikari gisa ainitz herri kurritu zituen horrela. Eskualdun Gazteria erakundearen omonieraren laguntzaile suharra bilakatu zen. 1963.ean, Akitaniako frantxixkotarren Probintziako biltzar nagusian idazkari izendatu zuten. Gero, Tolosara joan zen horko frailegaien maisu eta artatzaile bilakatuz. Hor berean, 1969.ean, Komentuko zaindari nagusi izendatu zuten eta azkenik 1978.ean Probintziala titulu eta kargua hartu zituen, Probintzia guziko frantxixkotarren buruzagi bilakatuz 1983.ean, Zuberoako Etxarrin irakasle jarri zen talde dinamikaren inguruan, bereziki, psikosoziologia irakaskuntza bat eremanez. Kristau artzain lanetan ibili arren ez zuen hori nehoiz bereiztu euskal kultur munduaren lanetik. Amikuzeko Gau Eskolaren hastapenak lagundu zituen 1976.etik 1978.a arte. Donapaleuko frantxixkotarren egoitza beti ireki zuen euskal munduari. Herriz Herri aldizkaria sortu zelarik 1980.ean, argiki «kontra informazio» baten eremaile, bere zuzendaria izan zen. Euskal idazle askorekin harreman jarraikiak ukan zituen, denen zerbitzari eta laguntzaile. Talde askoren sustatzaile gertatu zen bide nabar Ibarlako seme handia. Seaska, Amnesty International, Errefuxiatuen Sustengu Komiteei ateak ideki zizkien. Euskarazko idazlanak publikatu zituen aldizkari askotan. Maite zuen agertzea irakurketa diziplina beharrezkoa zela. Horrela, Gure Herria, Herria, Gazte, Elkar, Euzko gogoa, Egan, Jakin, Olerti, Argia, Maiatz bere lanen plazaratzebide gertatu ziren. Bi liburu baizik ez ditu argitaratu ahal lanez itoa bizi zenak. Bata, Hinki hanka, 1978.ean Elkarek argitaratu zion, Saint Esteben eskultorearen obren argazkiz apaindua. Bigarrena, Gauaren atzekaldean, 1982.ean plazaratu zen. Osasun larrialdi bat jasan zuen 1984.eko urte hastapenean, medikuek pausaldi luze bat gomendatu ziotelarik. Donapaleutik Tolosara joan zen bainan han hilabete guti barne bigarren erasoaldi batek bizitza kendu zion. Hil zen apirilaren 29an Tolosako ospitale batean. Jende oste handiaren erdian ehortzi zuten maiatzaren 1ean, Donapaleuko frantxixkotarren komentuko elizan azken omenaldia harturik. Donapaleuko hilerrietan da geroztik, frantxixkotarren hilobian.
Bizitza pilpirak |