Bizitza pilpirak
Manex Erdozaintzi-Etxart

Maiatz, Uhargi 30, 1994ko ekaina

 

ZURE BEGITARTEAREN HONAINDIAN

 

Emeki-emeki zeru zohardiak

Inguratu eta bildu gintuen bortu gain hartan

Izarrak kondatzeaz burtxoratuak eta

Gure pentsarnenduen zabalaz izituak

Leize ilun baten aurrean izan baginte bezala ...

Olan sartu gintuzun, ixil-ixila

Gure pentsamendu leize aurrean beldurrak hartuak

Izarigabeko zeru zohardi zabalak

Huxatzen bagintu bezala

Ola hertsi baten murru parata beltzen bilgialat

Bortu gain hartan ...

Eta geure gorputzen izateak

Galdu genituen memento bat

Ilunpearen babesean

Gorde eta ahantzi genituen

Memento bat!

 

                  Ordoki eta nabak gauean berdintzen direlarik

                  Zeru zohardiaren ixiltasunak baretzen

                                dituelarik ...

                  Burutik behera dohakit

                  Leize zulora botatu harrien pirripita lasterra

                  Eta barruan galtzen den soinu ozen baten musika ...

                  Leize beraren barne beldurgarrian

                  Dohazkit

                  Nere atzoko lanak, urratsak, eneguak

                  Nere amets eta bihotz ikara zoroak ...

                  Eta han nonbait desegiten dirade!

 

Ala ilunpea urruntzeaz

Ala mugimendu zerbaiten intziriaz

Bizia sentitu beharrez ala

Nik dakita, beste zerbaiten gutiziaz

Hurbildu zinen supazter ondora

Eta hasi zinen hautsa harrotzen:

Hauts-puloa, polliki-pollikiño kitzikatu zenuen ...

Mugimendu ixil batean

Su-hazi pikor baten

Hautsa mugimendu lasaiez barreiatu zenuen:

Su-hazia hasi zen polliki-pollikiño ilunpea urratzen...

Eta gero, abar xeheak ezarri zenituen

Pausatu ere, ttartteka, egur mehe zenbait:

Sua

Su eder bat

Abiarazi zenuen mugimendu lazo batean

Eta sua

Dantzan hasi zen

Olako murru paratetan

Eta suak

Zure begitartea argitu zuen

Eta berexi zuen

Ilunpetik

Eta animatu zuen

Gauaren ixilean

Zure begitartea ...

 

                  Haizearen arina zenuen gorputzean

                  Eguzkiaren dirdira begietan

                  Iratzeen usaina larruan ...

 

Bele-erroiak eta buitriak

Ardi hil baten haragiaz aseak

Harroka zuloetan antzakatzen direlarik ...

Mendi bazterrak gauaren ixiltasunaz

Jabaltzen direlarik ...

Eta su-lamaren argiak

Zure begitartea

Ilunpetik ateratzen duelarik ...

Bihotzeraino dohakit

Zure mugimendu bilduen hunkia:

Harrotzen eta, polliki-pollikiño, arrapizten dizkidatzu

Maitasun baten hazi kukutuak ...

 

                  Gutizia xoil bat

                  Desira bero bat

                  Bizia

                  Bizitzea ...

 

Haizearen arina zenuen gorputzean

Eguzkiaren dirdira begietan

Iratzeen usaina larruan ...

 

                  Atzoko nere ahaideak, lagunak, adiskideak

                  Nere desira eta bihotz pilpira nahasiak

                  Zure begitartearen haraindian

                  Urruntzen dirade!

 

So egiten zenidan ...

 

                  Etorri nitzaizu

                  Abere kolpatu baten antzera

                  Neure bizitzaren bide hautsiak

                  Daramazkit bihotzean

                  Gorputz nekatu honen

                  Hezur inguruetan koropilatuak ...

                  Flakezia handi bat sentitzen dut

                  Ez jakin zergatik

                  Akidura astun bat

                  Hezur inguruetan geratua ...

 

                  So egiten nizun

                  Abere flakatu baten antzera ...

 

So egiten zenidan ...

 

                  Haizeak, lanoak, trumoiak,

                  Euriak, elurrak

                  Oro ditu mendiak jasaiten, irensten ...

                  Mendiari ez zaio endurtzen

                  Bere zabalaren oparotasuna ...

                  Mendiaren zabaleran

                  Ez da enoatzen eguzkia

                  Ez da etsitzen ilargia ...

 

                  Etorri nitzaizu

                  Abere flakatu baten antzera ...

 

Emeki-emeki zeru zohardiak

Inguratu eta bildu eta tinkatu gintuen

Bortu gain hartan

Gau barruan

Bagenizin okupazio:

Suari begira

Geure besoak kurutzatu genituen

Mendiak zelaiekin egiten diren bezala

Suari begira

Gure begiak ihes zohatzin

Eguna gauaren barrura dohan bezala

Gure eleak zohatzin

Beren segeretu eta guziekin

Txinkak bezala

Gure pentsamenduak zohatzin

Airean ilañak bezala ...

Suari so eta beha

Elkar goaitatzen eta

Ezin aurkituz

Bagenizin okupazio

Orduan!

 

                  Gutizia xoil bat

                  Desira bero bat

                  Bizia

                  Bizitzea ...

 

Ordoki eta nabak gau zohardi belean gordeak direlarik

Bele-erroien eta buitrien karrankak ahantziak direlarik

Su baten dantza arina murru paratetan erortzen delarik

Eta su-haziaren dirdira ahula ilunpean galtzera dohala

Zure gorputzaren mugimendu murritzak loan baretzen dirade ...

 

                  Ixiltzera dohakit, aldiz, polliki=pollikiño,

                      ezpainetan

                  Maitasun galde baten ele minbera!

 

Xuberoko Bortuan, 1977ko irailean.

 

 

Bizitza pilpirak
Manex Erdozaintzi-Etxart

Maiatz, Uhargi 30, 1994ko ekaina