Ira 25 18

Junes Casenave gogoan

Hil berri da Junes Casenave zuberotar idazle ugaria. Narrazioak eta saiakerak ez ezik, poemak ere ez gutxi idatzi zituen; haietako bat, Amoros gaixoa, Oskorrik 1984an musikatua. Hiztegigintza, gramatika, sendabelarrak, erlijioa… askotarikoak izan dira Casenavek ereindako alorrak. Baina, oroz gaindi, pastoral idazle bezala izanen da oroitua: hogeitik gora idatzi, eta haietatik hamabi bat jokatuak izan ziren. Obra zabal horren lagin gisa, bost liburu eskaintzen dizkizugu osorik: Basabürüko ipuinak narrazio liburua, Aroa saiakera, eta hiru pastoral: Santa Kruz (1992), Santa Engrazi (2006) eta Eñaut Elizagarai (2007).

Ira 21 18

Juan Jose Arreolaren mendeurrena

Liburuak josten eta moldiztegiko lanetan aritu zen gaztetxotan Arreola ipuinlaria. Gerora idazleak izango ziren askok bezala, paper eta tinta mundu hartan ezagutu zituen Europako hainbat idazle nagusiren obrak. Antzerkia ikasi zuen eta landu zuen, Jauvet eta Barrault ospetsuekin aldi bat emanik Parisen. Rulfo, Alatorre, Reyes… literaturaren elitea ezagutu zuen, denetariko eraginak hartuz. Irakaskuntza hartu zuen ogibide, aldi berean testu zuzentzaile eta solapagile jarduten zuela, liburuen deskripzio publizitarioak idazten alegia. Bere lanik aipatuena Confabulario dugu (1952), garai hartan Mexikon indarren ziren indigenismoarekin, iraultzarekin eta errealismo liluragarriarekin zerikusik ez zeukaten hogeita hamahiru ipuin labur eta gazi-gozo-gaiztoren bilduma, ikuspegi libre, zorrotz eta ironikoan narratuak. Tituluak berak ederki iradokitzen du edukia gaztelaniaz: fabulak edo alegiak, baina konfabulatuak, hots, hitzartuak (patxadaren) boterea kordokan jartzeko. Horren eredu Trukearen parabola, aurten irailak 21 dituela Juan Jose Arreola jaio zela ehungarren urteurrena betetzen denez euskarari ekarria.

Ira 18 18

Leon Feliperen poemak

50 urte irailaren 14an Leon Felipe poeta espainiarra hil zela. Mexikoko erbestean hil zela. Belaunaldi eta taldetan sailkatzen zaila, metrika formaletatik libre behar zuen poesia aldarrikatu zuen; erbesteko minetik Espainia libre bat ere kantatu zuen eta oro har askatasuna izan zuen kantagai. Bere garaiaren, bere garaien testigantza osatzen dute Leon Feliperen poemek, jendaurrean irakurriak izateko idatziak diruditen haren poemek. Josu Landak euskaratuta, hemen irakur ditzakezu hamabi.

Ira 14 18

Geo Bogza, bederatzi poema

Giro artistiko aurrerazale bat bazeukan Geo Bogza gazteak idazten hasi zenean, eta Unu aldizkarian azaldu ziren bera bezalako gazteei “intregratzaileak” esan izan zaie, batetik eta bestetik elikatu zirelako, ez surrealismoaren iturri bakarretik. Poemak ez ezik, abanguardia aberats honetako testu teorikoak ere burutu zituen Bogzak. Literaturaren guardia zaharrak aukera bikaina izan zuen haren lehen poema bilduma salatu (Sexuaren egunkaria, 1929) eta poeta gaztea zigortzeko. Haren obra ezagutarazi zutenez, kartzelaldiak eta ondorioz idatzi zuen Iraintzeko poema-k (1933), Errumaniako letretako figura nagusia bihurtu zuten Geo Bogza. Abanguardiago urteen ondoren, sobietikoek ezarritako botere komunistak aitortu eta saritu izan zuen Errumanian zehar egin zituen kronika ederrengatik, errealismo sozialistaren eredua bihurtuz. Baina Bogzak ez zeuzkan gaztetako ideiak saltzeko, ezkerrekoa eta komunista izaten jarraitzen zuen. Apurka eta zeharbidez, gizarte kritikak hasi zen agertzen bere idatzietan, eta Ceaucescuren agintaldian ageriago, disidente bihurtuz. Irailaren 14an hogeita bost urte betetzen dira Geo Bogza hil zela, eta Errumaniako idazle handi honen akorduz eskaintzen dizkizuegu bere bederatzi poema.

Ira 08 18

Julius Fucik-en Urkamendira bideko erreportaia

Berlingo Plötzensee espetxean urkatu zuten 1943ko irailaren 8an, duela 75 urte, Julius Fucik kazetari, idazle eta militantea. Txekoslovakiako Alderdi Komunistako kide sorreratik, kazetari lanak uztartu zizkion militantzia lanari. Eta naziek Praga okupatuz geroztik, erresistentzia lanari. 1942ko apirilean atxilotu zuten, luzaz torturatu Pragako Prankrac kartzelan, eta 1943ko udan Berlinen epaitu eta heriotzara zigortu zuten. Atxiloaldiko 13 hilabeteetan Urkamendira bideko erreportaia izenburuko diarioa idatzi zuen, atxiloaldi eta torturen kronika gordin eta latza, haren alargunak eskuratu eta 1947an argitaratua. Elena Ituartek euskaratua, Txalaparta argitaletxeak kaleratu zuen 1988an, orain osorik eskaintzen dizueguna.

Agenda

Efemerideak

Kritikak