Urr 26 09

Dideroten lau narrazio

Entziklopediarengatik da ezaguna Diderot. Lan erraldoi hura Andre Le Breton editoreak agindu zien Denis Diderot eta Jean d’Alembert idazle eta filosofoei 1747ko urriaren 16an, eta hogeita bost urtez jardun zuten hartan. Dideroten nobela garrantzitsuena Jacques le fataliste et son maître duzu, 1981ean Milan Kunderak dramatizatua (Jacques eta nagusia); honela mintzo zen Kundera: “Ez dut hasiera liluragarriagorik ezagutzen nobela baterako Jacques le fatalisteko lehen orrialdekoetakoa baino”. Hau ez da ipuina izenburupean Dideroten lau narrazio euskaratu zituen Iñaki Iñurrietak 1995ean, sarean eskaintzen dizkizugunak: Hau ez da ipuina, Bourbonneko bi lagunak, Autoreak eta kritikoak eta La Carliereko anderea.

Urr 16 09

Euzkadi merezi zuten

Koldo Izagirreren lehendabiziko nobela da Euzkadi merezi zuten, duela 25 urte argitaratua, eta hala ere gaur egun idatzia balitz bezalako perfekzioz iraun duena denboraren higaturik sufritu gabe, harrigarri moderno estiloaren indarrez. Monarkiatik Errepublikara, altxamendu militarretik gerrara, 20 eta 30eko hamarraldien testigu den mutil baten ahotsaren arrastoan kontatzen dira, sekuentziaka kateatuta, eleberriko gertakariak. Epoka bati buruzko murala konposatzen du narratzaileak, umore eta ironia eztiz eguneroko bizimodua arakatzean, pasadizo krudel eta bortitzetan hunkigarri. Ahoz, bestek kontaturik ezagutu duen mundu erdi rural erdi industriala dakarkigu Izagirrek ikuspegi kritiko bezain maitekorrez: giro katoliko itoa, langileen neke gorriak, garai hobeen esperantza zapuztua. Susa argitaletxeak Euzkadi merezi zuten nobelaren edizio berria plazaratu du.

Urr 15 09

Zaindu zeure burua, Gulliver

Jonathan Swiftek Lemuel Gulliver goitizenez argitaratu zuen Gulliver-en bidaiak nobela satirikoa 1726ko urriaren 26an, Travels into Several Remote Nations of the World izenburuarekin. Gulliver sendagileak, gero itsasontzi kapitain bilakatuko zenak, lau bidaia kontatzen ditu: Lilliputera aurrena (1699-1702), Brobdingnagera bigarrena (1702-1706), hirugarrena Laputara (1706-1710), azkenik Houyhnhnmera (1710-1715). Literatura Unibertsala bildumako lehen zenbakia izan zen Gulliver-en bidaiak (Ibaizabal, 1990eko abendua), Iñaki Mendigurenek itzulia. Inoizko eleberririk ezagunenetakoa da, zinemara sarritan eramana: Georges Melies, Aleksandr Ptuxko, Dave Fleischer, Jack Sher, Hanna-Barbera, Peter R. Hunt… eta datorren urtean estreinatuko dute Rob Lettermanek errodatutako berria. Nobela honi erreferentzia egiten dioten bi poema liburu badira gure literaturan: Joseba Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah Yahoo (adiozko “Zaindu zeure burua, yahoo jator hori” esan nahi duena euskaraz) eta Xabi Bordak oraintxe plazaratua bestea: Gulliverren lokarriak

Urr 12 09

Literatura Eskolaren 09/10 egitaraua

Larrabetzun sortu zen Literatura Eskola 2004ko urrian, eta aurten seigarrenez egingo diren ekitaldien egitaraua iragarri dute. Joseba Sarrionandiaren saiakera eta narratiba, Piarres Larzabalen teatroa, Jose Saramagoren nobela, Jose Luis Otamendiren poesia eta Allande Oihenart aztertuko dituzte, besteak beste. Urriaren 24an (larunbata) abiatuko da Literatura Eskola, eta hilero bigarren larunbatez lau orduko saioak egingo dituzte Iñigo Aranbarrik (Larrabetzun), Ixabel Etxeberriak (Baionan), Harkaitz Canok (Donostian), Patxi Zubizarretak (Gasteizen), Imanol eta Jon Ubeda anaiek (Bilbon), Xabier Mendigurenek (Durangon), Itxaro Bordak (Oreretan) eta Jon Alonsok (Iruñean).

Urr 06 09

Eskuen sustraiak, Oier Guillanen poema liburu berria

Ate hautsiak izenburua zeukan Oier Guillanen lehen poema liburuak, Eskuen sustraiak dauka berriak, oraintxe Susak argitaratua; urriaren 8an Donostian aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Poema luze banarekin abiatzen eta amaitzen da liburua: “Paperezko baratzea” eta “Golde lurra”; enborrean sei atal zabal, ereite ziklo baten elementuak gogorarazten dituztenak: ildoak, hazia, gorotza, eskuak, denbora, lore inperfektuak. Eskuen sustraiak poemarioan oinarriturik, aurreneko errezitaldia Oreretako Mikelazulo elkartean egingo du urriaren 25ean (igandea) 19:30ean; ahotsak: Asier Sarasola eta Oier Guillan, musika: Ander Fernandez, pintura: Idoia Beratarbide.

Urr 05 09

Aresti Bilboko poesia astean

Bilboko Poesia Astearen 10. edizioa egingo da Bidebarrieta liburutegian. Gabriel Arestiren literaturgintzan mugarritzat jo daitekeen urtea izan zen 1959a, duela 50 urtekoa, Bizkaitarra poema sorta argitaratzen hasi baitzen, eta orduantxe idatzi zuen Maldan behera ere. Aresti gogoan, berrogeita hamar idazlek parte hartuko dute urriaren 14an (asteazkena) 19:30ean egingo den ekitaldian, Edorta Jimenezen hitzaldi-sarrareren ondotik.

Agenda

Efemerideak

Kritikak