Abu 30 24

Andoni Arzelus Luzearen urteurrena

1949ko abuztuaren 27an hil zen Ander Arzelus Luzear, 51 urte bete berri. Jardun esanguratsuetan emandako urteak, XX. mendearen lehen erdialdeko ekintzaile politiko eta kulturgile handia izan baitzen Luzear. Idazle eta kazetaria, El Dia egunkariaren euskarazko orriaren arduraduna izan zen, Argia-ren sortzaile eta zuzendaria, hizlari eta ekintzaile jeltzalea (Joseba Rezolari guardia zibilek atxilo zuten trenetik ihes egiten lagundu zion, Kirmen Uribek kontatzen du pasadizoa Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian), erbestean Euskadi Irratiaren sustatzailea… Kazetari lan ugariaz gain, antzezlanak idatzi zituen, hemen irakurgai dituzuen Gibel handi eta Neskamearen marmarrak; eta ipuinak ere landu zituen, hona Gizarajoa!. Gerra galduta, espetxean sei urte eman zituen, Donostiara itzuli eta “lanean” jarraitu zuen, eta azkenik 1945ean erbesteko bidea hartu behar izan zuen. Baionan hil zen, duela 75 urte, eta haren bizitzaren berri zehatza jaso liteke Jonan Zinkunegi Arzelusek, bilobak, Amale bere ama eta Luzearren alabari —emakumezko lehenengoetako euskal irrati esataria— entzundakoak jasota idatzitako biografian.

Abu 21 24

Baldwinen eta Conraden munduak eta mendeak

Arrazaren erreibindikazio-saioa da James Baldwinen lanaren funtsa, ardura erlijiosoaren ukitu ezabaezinarekin, eta horren adibide bere lanik ezagunenetako bat, Zoaz mendira aldarrikatzera (Ibaizabal, 1996), Literatura Unibertsala bildumarako Juan Mari Mendizabalek euskaratua. Baina eskubide zibilen aldeko ekintzaile ere izan zen idazle honen lanetan homosexualitateak (Giovanniren gela) eta bestelako kezka sozialek ere tokia dute. Hegoak, poor Richard narrazioa itzuli zuen Iñigo Aranbarrik (Susa aldizkaria 27, 1991). Mendea bete da abuztuaren 2an haren jaiotzarena, eta biharamunean 100 urte, halaber, Joseph Conrad idazlea hil zela. Iñaki Ibañezek ekarri zuen euskarara Ilunbeen bihotzean eleberria (Ibaizabal, 1990, Literatura Unibertsala), eta euskaraz ere irakur daitezke beste zenbait lan, besteak beste SalatariaJuan Mari Mendizabalek euskaratua— eta Josu Zabaletak itzulitako Gaspar Ruiz narrazioak. Kasualitate polita ez al da egun bateko aldearekin hiltzea XIX. mendeko inperioen Europaren ordezkari izan daitekeen Conrad eta jaiotzea XX.ean arrazismoak zapaldutakoei ahotsa jarri nahi izan zien Baldwin?

Abu 16 24

Alejandro Tapia Perurenaren idazlanak

125 urte bete dira joan den abuztuaren 11n Alejandro Tapia Perurena idazlea jaio zela Iruñean. Hiri berean hil zen 58 urte geroago, ilunean, 36ko gerrak isiltasunera bultzatu zuen olerkaria. Euskal Esnalea-n eman zituen argitara bere lehen bi poemak, 1925ean, eta geroztik hainbat agerkaritan publikatu zuen, Olerti Egunetan parte hartu zuen, izan zen nor gerraurreko giro euskaltzalean, 36ko kolpeak “gure gizona kulturalki hil zuen arte”, bere poemen antología bildu eta eskaini zigun Joxemiel Bidadorrek definitu bezala. Poemokin batera, Kattalin umezurtza antzerki-lana ere eskaintzen dizuegu.

Abu 07 24

Joan Salvat-Papasseiten heriotzaren mendeurrena

Ehun urte bete dira 2024ko abuztuaren 7an Joan Salvat-Papasseit poeta kataluniarra hil zela. Autodidakta, proletarioa eta abangoardista, Pamiela etxearekin argitaratutako haren antologian Koldo Izagirre itzultzaileak hitz hauek zekartzan hitzaurrean: “Bere poesiaren indarrak egundaino iraun badu, inguruan dauzkan elementu errealistak modu guztiz libre eta berrian lotu zituelako da. Abangoardia egiten zuela jakin gabe zen poeta, berez zetorkion freskotasun ingenuo eta baikor batean”. Idazlearen heriotzaren mendeurrenan, hona hemen poema antologia osorik, eta baita Gerardo Markuletak Zenbait poeta katalan-Antologia liburuan, Literatura Unibertsala bilduman kaleratua, euskaratutako Salvat-Papasseiten zortzi poema ere.

Agenda

Efemerideak

Kritikak