Ots 24 17

Marijane Minaberriren heriotza

Otsailaren 23an hil zen Marijane Minaberri, euskal literaturaren ahots eder bat isilduz. Erabat mututu ez, ordea, haren ipuin eta kanten bidez gozatzen jarraitu ahal izango baitugu Bankan jaiotako idazlearen hitz eta istorioez. Ipuinak, antzerkia, poemak, kantuak, haurrendako idatzitako harribitxiak dira Minaberrik utzi dizkigunak. Aldizkaritan plazaratutako bost poemaz gain, hemen eskaintzen ditugu argitaratu zituen liburuak, osorik: Haur antzerki, Itxulingo Anderea, Mari Gorri eta Xoria Kantari. Goza itzazuela.

Ots 23 17

nila northSun-en poemak

Ama xoxon eta aita ojibwaren alaba, nila northSun gaur egungo AEBetako natibo amerikarren poeta esanguratsuenetako bat da, euren herriaren historia lanetan ere badiharduena. Hizkuntza ausart eta zuzenarekin, erreserbetako biztanleen bizipen eta kezkak ageri dira haren poemetan, baina ikuspegi etnografikotik biluz, ezpada errealitatearen prismatik idatziak. Lau poema ekarri dizkigu euskarara Iñigo Astizek, hemen eskaintzen dizkiguzuenak.

Ots 21 17

Ramon Intzagarairen Arrantzaleak

Otsailak 21 zituela jaio zen Ramon Intzagarai donostiar ez nolanahikoa, bere garaian eta gerotxoago ere Jarana zeritzan auzoan, kaian alegia, kaia portu zenean, baitzen sortu. Apaiztu eta luzera gabe izendatu zuten euskaltzain. Ganoraz ikasia zen latina, grekoa eta alemana, eta burutsuaren ospea zeukan. Berak maitetasuna zekarrela aipatu izan zuen beti, handia, euskararentzat, baina jakinduria gutxi. Harengana bidaltzen omen zuten euskaraz ikasi nahi zuen guztia, eta Integristen Zirkulutik deitu zioten euskarazko klaseak emateko. Badute bere artikulu askok, halako kutsu bat. Intzagarai atsegina egiten zaigu ordea kostunbrismoa egiten duenean, sortu zen kaiko gatza eta bixitasuna ageri baitu, dela pertsonaietan dela hizkeran. Gizonezkoak arrantzan edo tabernan baitaude, emakumezkoak agertzen dizkigu maiz, saregin edo arrain saltzaile, elkarren lehian eroslea atzitu nahirik… Emakume langileak dira, ez señoritak edo beatak, eta lotsagabeak ezin bestez, kaletarren artean nabarmen. Kontraste folkloriko honek lekukotza linguistiko eder bat ematen du ordea, Jarana zalapartariaren aberastasuna irain eta esamolde ironikoetan. Bazeukan Intzagaraik idazlearen eskua istorioak antolatzeko eta hizkeraren kontzeptu literario bat, lan jasoagoetan ere ezin hobekiago ageri dena,  Donosti Atalak poema jostalari zorrotzean bezala. Haren oroigarri, Arrantzaleak ipuintxoa eskaintzen dizuegu.

Ots 17 17

Horacio Quirogaren Yaguaí

Latinoamerikak eman duen idazlerik berezienetako bat eta ipuinlari unibertsala da Horacio Quiroga.  Uruguain jaioa, Argentinara egin zuen ihesi, eta han, maisu zeukan Leopoldo Lugonesen laguntzaile argazkilari gisa, Misiones eskualdea ezagutu zuen. Heriotzek eta suizidioek inguratua bizi izandakoa, haraxe erretiratu zen, oihan tropikalera, bakartasunera, bizitza burgesaren axalkeriari eta lantegietako alienazioari uko eginez. Eta hantxe aurkitu zuen bere literaturaren gaia, oihaneko piztiak eta gizakiak, natura eder bezain ankerra… “ukabilka idazteko”, berak zioen bezala, eskoletatik eta modetatik urrun, bizitza bortitza, inperfektua eta gizatasunik gabea izan zitekeen giroan. Horrelako biluztasuna estetika etiko baten bilaketa ere bazen. Zarpailak eta gaizki idatziak zirela bere ipuinak esan zuten literatur komisarioek bere garaian. Beste mundu batekoa zen Quiroga, eta mundu hark eskatzen zion bezala idatzi zuen: izua, alkohola, eromena, heriotza… Horacio Quirogaren ipuinen bi bilduma bikain dauzkagu euskaraz, Oihaneko ipuinak (Desclee De Brouwer, 1994) eta Eguzki kolpea (Alberdania-Elkar, 2009). Idazle handi honen omenez, bildumotan ageri ez den Yaguaí ipuina eskaintzen dizuegu, naturak eta gizakiaren zabarrak eragindako endekatze moral baten istorioa.

Ots 17 17

Ciro Alegriaren indigenismoa

Berrogeita hamar urte bete dira otsailaren 17an Ciro Alegria nobelagile perutarra hil zela. Guraso lurjabeen etxean entzundakoek, amona mestizoaren ipuinek eta indioen borroka ezkutatuek esnatu zuten politikara. APRA alderdi iraultzaileko militantea bihurturik, formakuntza sendo bat hartu zuen ekintzetan eta kartzelaldietan. Erbesteratu  zelarik idazteari eman zion eta Urrezko sugea (La Serpiente de Oro, 1935), Zakur gosetuak (Los perros hambrientos, 1938) eta Zabala eta arrotza da mundua (El mundo es ancho y ajeno, 1941) nobelekin abiatu zuen Indigenismoa esan izan zion mugimendua, bere ondotik Jose Maria Arguedasek jarraitu eta zabalduko zuena Perun bertan. Indigenismoa, alegia, folkloretik atera eta testuinguru sozial batean —terratenienteak, armada eta transnazional yankien zerbitzura dagoen gobernua— indioa kulturaren eta transformazioaren eragile bihurtzen duen literatura. Urrezko sugea-ren kapitulu bat eskaintzen dizuegu Ciro Alegriaren estiloaren osagarri lirikoaren adibide.

Ots 05 17

Violeta Parraren kantuak

Txileko musikaren eta musikarien eguna da urriaren 4a, Violeta Parraren jaioteguna.  Halakoa da haren lanaren garrantzi eta oihartzuna. Aurten mendea egingo du jaio zela, eta gaur, otsailak 5, 50 urte hil zela. Hainbat sormen-eremu landutakoa, kantari eta kantu-egile gisa egin zen munduan ezagun, eta hainbat lurraldetara iritsi ziren haren ahotsa eta haren kantuak. Baita euskarara ere, Ez Dok Amairuren bitartez, Julen Lekuonarekin-eta. Eskerrak bizitzari kantu ezagunaren bi bertsio dakartzagu, Amets Arzallusena bata —Aire ahizpek kantatua— eta Garazi Arrularena bestea. Eta, urteurrenaren karietara, Josu Landak euskaratutako sei kantu. Hemen eskaintzen dizkizuegu denak.

Ots 02 17

Ugo Betti italiarraren obra bat

Hogeita bost antzerki obra idatzi zituen Ugo Betti italiarrak 1926-1953 urte bitartean, bi hauek ezagunenak: Corruzione al Palazzo di Giustizia (1944) eta Delitto all’isola delle capre (1946). Bigarren hori euskaratu zuen Gabriel Arestik, baina ez dakigu zehazki noiz; makinaz jotako kopia Gabi del Moralengandik eskuratu zuen Karmelo Landak, eta Susak plazaratu zuen 1986an. Ugo Betti jaio zela 125 urte beteko direnez otsailaren 4an, Arestik itzulirik Ahuntz-herriko bidegabea antzezlana eskaintzen dizugu sarean. Misterio honekin hasten da: etxalde bakarti batean hiru emakumezko bizi dira, haietako bat alarguna; halako batean gizonezko arrotz bat iritsi da urrundik, esanez duela bost urte hil zen Henriko irakaslea ezagutu zuela preso zeudenean, eta haren azken hitzak eta mandatu bat jaso zituela alargunarentzat.

Agenda

Efemerideak

Kritikak