|
Mari Gorri
Mari Gorri
Zonbait egun hetan iguzkia zeruan biziago zen, airea bazter guzietan eztiago. Primadera-loreak nasai ari ziren popoinetarik atheratzen, bazter guziak apailatzen zituztela besta arropa batez. Kanpo guzia aphaintzen ari zen egun xoragarri bati buruz: Bazko zonbait egunen buruan zen. Mari Gorri, bere arropa suzkoan troxaturik, griñaturik zagon. Ba, ixtante Bazko zen eta egun haundi hari buruz, zer karguak ez zituen! Hain zen molde onekoa, mana-errexa, gixakoa, nun denek mezularitzat hautatua baitzuten. Dohain horien gainerat, soinean zuen arropa xoragarria ez zena denen artean ezagut-bide bat? Halere, Mari Gorri triste zagon bere xokoan. Huts haundi bat bazuen, ezin aitortuzkoa: ez zuen orhoitmenik. Nehor ez zen oraino ohartua nahigabe izigarri hortaz, bainan Mari Gorrik bazakien... Sekula, ez sekula, ez zen orhoitzen ahalko Bazko goizean egin behar zituen lan guziez: — Argi-hasteko lehen xirrinda agertu orduko, behar zuen lapin margolariaren etxerat joan, ikusteko bazkoko arroltzeak zituenetz aphainduak; — Lore-jergada egileak zertan ziren behar zuen ikusi; — Sagarroia behar zuen iratzar-arazi, bideak behar zituelakotz garbitu; — Errexiñoleten kantu-errepikak behar zituen aditu ikusteko ontsa punduan ziren; — Bide bazterretan egon behar zuten larrautiak, airean burrunban zabiltzan erleak eta bazter guziak usaindatzen zituzten loreak, behar zituen erreguran pasatu; — Xilintxa guziak behar zituen inharrosi, erlasturik bazen ikusteko... Sei lan baitezpadakoak. «Jainko ona, nola orhoituko niz denetaz?» zuen bihotza erdiraturik pentsatzen. «Zer egin jakin nahi nuke?» Lehen lanaz orhoitzen zen: lapin margolariaren etxerat joaiteaz. Haren nahigabea hain zen haundia eta zabala, nun lapinari bere griña baitzuen salhatu, «Gaixo Mari Gorri, hain pollita! Zendako bada griña hoinbertze? Nik emanen dautzut zure eritasunaren erremedioa.» Eta bere pentzel finena harturik, busti zuen tinda beltx dirdirant batean eta Mari Gorriren arropa gorri xoragarrian egin zituen sei ttitta beltx pollit. Nola ahantz, gero, bere kargu haundiak? Geroztik hunat lapina bortxatua izan zen urthe guziez ttitta beltx berri baten egiterat Mari Gorriren bizkar gainean. Ezen, xorien eta loren erresuman hain zuen bere kargua ontsa betetzen, nun urthe guziez lan berri zerbait baitzioten denek egiteko emaiten.
Mari Gorri |