Haur Antzerki
Marijane Minaberri

Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1983

 

 

      Oharpen bat.—Abere ainitz ezartzen dugu gure haur-antzerkietan. Haurrek maite dituzte abereak. Bainan ere, abere itxurarekin, gehiago haurrek parte hartzen ahal dute antzerki batean. Guretzat munta haundia du ainitz haur-antzerkilari izan dadien.

      Nahitarat antzerki hok laburrak dira. Ez da sobera galdegin behar haur bati. Arpegietan margoak eta gorputzari eratxikitzen diren arropa bereziak soinean, biziki gauza pollitak egiten ahal dira. «Maquillages de fête» deitu liburutik hartua dugu etsenplu gisa emaiten dugun gatua.

 

 

 

JOANES ZIRTZIL
edo
Maider neska batentzat

 

Mutiko bat lurrean jarria, zikin-zikina, zapeta bat zangotik kendu eta mahain gainean ezartzen du. Liburu bat urratzen eta berduratzen du... (eta abar). Sartzen da emazte apain bat.

ANDEREA

      Hela! Badea nehor etxe huntan? Egun on, haurra. Nola duzu izena?

JOANES

      Ez da zure egitekoa!

ANDEREA

      Aha! Eta.. zer ari zira hor, lurrean jarririk?

JOANES

      (Zapetarekin lurra joiten duela) Arriola, marriola, truntxo, muntxo...

ANDEREA

      Ez duzu ihardetsi nahi? Ez...? Ontsa da. Bainan nik, badakit nor ziren. Zure izena ere ezagutzen dut. Auzoan erran dautate: «zoazi hantxeko etxe hartarat, eta han, aurkituko duzu mutiko ttipi bat hain zikina nun Joanes Zirtzil emana baitiote izena». Zu ikusi-eta, segur niz Joanes Zirtzil zu zirela.

JOANES

      Nik ez dut Joanes Zirtzil izena!

ANDEREA

      Nik berriz uste dut baietz. Izena ontsa emana dauzute. Ni, Amaia niz. Etxez etxe banabila haurren ikusten. Perestuak eta garbiak saristatzen ditut. Zikinak eta alferrak aldiz gaztigatzen.

JOANES

      (Mihia tiratuz) —Horra zuretako!

AMAIA

      Itsusi bat zira... Manera hunek ez du hola irauten ahal. Banoa ur eta salboin keta garbitasun puxka baten egiteko.

JOANES

      Amaia, debruaren arreba debrusa, zoazi kanporat.

AMAIA

      Ez niz jostagura... Ekarriko dut ere zaharo mehe bat zure zangasaharren berotzeko. Ni jin artean, anaiarekin josta zaite.

JOANES

      Nik ez dut anaiarik, eta ez nahi ere.

AMAIA

      Zure anaia ez duzu ezagutzen, bainan zaude gostuan, harek ezagutuko zaitu. Ixtant artio...

JOANES

      Amaia, sorgin beltza, zoazi kanporat. (Amaia ateratzen (edo jalgitzen) da).

JOANES

      (Zapetarekin lurra joz). Errota, kafira, zoazi kanporat... (sartzen da urxintx bat, buztan flokatua airean).

URXINTXA

      Egun on, Joanes Zirtzil. Baratzerat jina niz intzaur batzuen biltzerat.

JOANES

      Nor zira zu?

URXINTXA

      Ikusten duzu, zuhaitzez-zuhaitz jauzika dabilan urxintx bat.

JOANES

      Ez zitut ezagutzen...

URXINTXA

      Ez baituzu kasurik egiten. Hor nabila egun guzia jauzika, zuen etxondoko oihanean.

JOANES

      Nik ere maite nuke, zuhaitzez-zuhaitz jauzika ibiltzea. Zu ote zira ene anaia?

URXINTXA

      Zure anaia, ni? Jainkoak begira nezala hortarik! Ez duzu ikusten ene larruaren garbia? Ez nuke, segur, zure anaia izan nahi. (Ateratzen da).

JOANES

      Urxintx ergel buztan harroa, zoazi debruetarat! (sartzen da xori bat).

XORIA

      Egun on Joanes Zirtzil.

JOANES

      Egun on xori pika buztana...

XORIA

      Zer ari zira, lurrean jarririk?

JOANES

      Anaiaren beha nago.

XORIA

      Anaia baduzu? Hegalka nabilalarik zuen etxe inguruan ez dut sekula ikusi... Anai bat baduzu... Ez nakien batere...

JOANES

      Nik ere ez nakien. Bainan Amaiak erran daut jinen dela enekin jostatzerat. Ez zira zu, bederen, ene anaia?

XORIA

      Ni, zure anaia? Ez, egiazki. Baratze guzia miatu eta ere ez duzu ni baino garbiagorik hatxemanen. Goizetik hunat, mokoarekin ene luma lisa eta lisa ari naiz. Zure anaia, ni? Zer duzu buruan? (ateratzen da).

JOANES

      Xori moko mirua, zoazi kanporat! (sartzen da gatu bat).

GATUA

      Agur, Joanes Zirtzil...

JOANES

      (kantuz) —Ene gatua pitzitzi, da dena ile ta zitzi...

GATUA

      Eman zauzu bertzetaz burlatzea...

JOANES

      Anaia jin artean, zato enekin jostatzerat...

GATUA

      Zure anaia? Nungo anaia?

JOANES

      Ez dakit nik ere. Behar bada zu zira ene anaia?

GATUA

      Nola? Zure anaia nizan? Baduzu burutik? Goizetik hunat ene larruari milika eta milika ari naiz. Ez duzu ikusten ene garbia? So egizu zure buruari. Pff! zikina! ez nuke, segur, zu bezalako anaiarik nahi (ateratzen da).

JOANES

      Gatu maltzur buztan luzea, zoazi kanporat! (Sartzen da xerri bat erranez): Agur, anaia! Zer diozu?

JOANES

      Zu, zaude ixilik. Ez zira ene anaia.

XERRIA

      Nola, ez nizala zure anai? Ba jauna, ni zure anaia naiz.

JOANES

      Zoazi zalu zalua hemendik kanporat (kanporat).

XERRIA

      Zurekin jostatzerat jina naiz...

JOANES

      Ez zira ene anaia eta ez dut zurekin jostatu nahi...

XERRIA

      Ez ene anaia, zu?... Familia ontsa ezagutzen dut! So egizu zure buruari, zure arroperi. Zato enekin... Biak mainatuko gira etxondoko putzuan. Gero, ongarrian itsaloskatuko gira.

JOANES

      (Zapetarekin lurra joz, nigarrez). Ni ez niz zure anaia eta ez dut ongarria maite!

XERRIA

      Ta, ta, ta. Zaude ixilik... Aski da zuri so egitea. Aspaldi ez dut holako anai pollitik kausitu. Ale, zato... Jostatu ondoan, ukanen dugu apairu on bat: untzi kuzkina zahiz zopaturik.

JOANES

      (Nigarrez). Zoazi hemendik! Ez dut untzi kuzkina maite nik. (Amaia sartzen da).

AMAIA

      Zer pasatzen da hemen? Joanes nigarrez? Nor ikusten dut hemen? Xerri bat! Hauxe da manera!

XERRIA

      Anaiaren ikusterat jina niz...

AMAIA

      Zure anaia? Anaia baituzu hemen, zuk?

XERRIA

      Ba, Joanes Zirtzil...

JOANES

      Ez da egia! Ni ez naiz xerria!

AMAIA

      Xerriak egia dio, Joanes Zirtzil. Zuri dago hautatzea: edo xerriaren lagun egon, edo mutiko garbi eta prunt bat bilakatu.

JOANES

      Hitzemaiten dauzut hemendik goiti garbiki egonen nizala. Ez dut xerriaren iduria izan nahi.

AMAIA

      Behingotz sinetsiko zitut. Bainan, kasu... zure hitzaren jabe agertu behar duzu.

JOANES

      Zuk nahi dituzun guziak eginen ditut...

XERRIA

      Holakorik oraino... Ez duzu enekin jin nahi? (ateratzen da erranez). Hobe, segurki. Hola, ur zikin gehiago izanen da enetako.

 

Haur Antzerki
Marijane Minaberri

Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1983