Ira 27 21

Lutxo Egiaren Itzalak

Iragan asteburuan pasatu da aurtengo Literaturia, euskal letren plaza, Zarautzen. Sarrerako errezitala Lutxo Egiak egin zuen, Itzalak izenekoa. Ez alferrik, “Itzala, hitzaren ahala” zuen leloa aurtengo ekitaldiak. Aurrez aurre gozatu ahal izan genuen hura, orain gutienik testuz irakurtzen ahalko duzue.

Ira 24 21

Bihotz-begietan poema liburuaren berrargitalpena

Euskarak eman duen poema liburu ederrenen artean eder, Lizardiren Bihotz-begietan da eragin handiena izan duen obra euskal poesian: ia mende osoa pasatu da argitaratu zenetik eta ordutik honako euskal poesia ezin da ulertu Lizardi gabe. Lizardiren ahaleginak munduaren ikuskera ugaritu nahi luke eta poesia egiteko darabilen hizkuntza berrituz duindu, duinduz aberastu. Horren atzetik dabil poeta, jakite-hegoek igotako hizkera poetiko baten bila. Poeta jaio zeneko 125. urtemugan, jatorrizko testua egungo ortografia estandarrera ekarri dugu, Anjel Lertxundiren hitzaurrearekin, Zuhar Iruretagoiena artistaren esku hartzearekin eta, eranskin gisa, jatorrizko edizioa gehituta; guztia, Lizardiren poetikari irakurleak batzeko gogoz. Osorik irakur dezakezue sarean.

Ira 23 21

Jaroslav Seiferten poemak

Heriotza hartu zuen kantagai bere bizitzaren azken zatian Jaroslav Seifert poetak. Heriotza, bizitzari kantatzeko, bizitzaren aldarria egiteko: “Baina nire bizitza hala bota, / ezertarako ez – hori, / ez dut egingo“, dio Izurri zutabea poema ederrean. XX. mendea bere herriarekin batera gurutzatu zuen idazlea, Txekiako idazle belaunaldi baten nolabaiteko ordezkari 1984an Nobel saria jaso zuenean, jaio zela 120 urte bete direlarik irailaren 23an, Iñigo Astizek, lan bikain askoan, euskarari ekarritako Seifert-en 14 poema dakartzagu.

Ira 22 21

Literaturiaren itzala

Literaturiaren edizio berri bat  egingo da irailaren  24tik 226ra bitartean Zarautzen, Itzala, hitzaren ahala lemapean. Lutxo Egia idazleak irakurriko du hasierako manifestua ostiral arratsaldean, eta ekitaldi sorta oparo bati emango zaio hasiera horrela.

(gehiago…)

Ira 17 21

Alfonso Sastreren heriotza

Bere obrarekin erabat engaiaturiko idazlea izan da Alfonso Sastre, eta horren ondorioz, bizi izan zuen garai eta borrokekin. Ekintzaile antifrankista, askatasunaren aldeko langile Franco hil ondorenean ere, dramaturgoa da, ororen gainetik, Sastre. Antzerki-mugimendu eta konpainien sortzaile eta sustatzaile, XX. mendeko bigarren erdialdeko antzerkigintza modernoa zeharkatzen du bere obrak, salaketa, aktibismoa eta oholtza gaineko grina batuz bere testuetan. Espainiako antzerkigintzan izen ezinbestekoa, aspaldi euskal herritartutako autorearen zenbait lan ekarriak izan zaizkio euskarari, eta gaur, haren heriotzaren karietara, haietako lau hemen eskaintzen dizkizuegu: Bazterrean utzitako panpinaren istorioa (Antzerti, 1983); Ez da pale egiteko ordua (Susa, 1986); Gillermo Tellek triste ditu begiak (Hiru, 1990); eta Komando baten analisia (EIZIE, 2002).

Ira 10 21

Herri honen erraietan, Manex Erdozaintzi-Etxart

Poesia ez zela bakarrik sentimendu bat, tripako mina ere bazela, borroka baten elea, defendatu zuen Manex Erdozaintzi-Etxartek, eta haren obran islatzen da, baina era berean bide liriko bat ere jorratu zuen, irakutzearen plazerak gidatuta. Bide  horretan, arnas handiko poema luzea ondu zuen,  Herri honen erraietan (Maiatz, 1985). Estiloz diskurtsiboa, gizarte libre baten nahia sumatzen du herriaren erraietan, eta poeta da erdi-minetan den populuaren emagina, Koldo Izagirrek haren antologiari egindako sarreran azaldu bezala. Osorik eskaintzen dizuegu.

Ira 03 21

Katharine S. Pricharden Ihesaldia

Kazetari, ezkerreko aktibista politiko eta idazlea izan zen Katharine Susannah Prichard (1883-1969). Haurtzaroan Fijitik Melbournera aldatua, unibertsitate-ikasketarik egin ezinik, etxe-irakasle gisa jardun zuen gaztetxotan. Gerora, kazetari-lanetan hasi zen eta 1908an Londresera joan zen, eta freelance gisa lan egin zuen, baita Parisen, Ameriketako Estatu Batuetan eta Asian ere.  1916an itzuli zen Australiara. Australiako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen, eta bizitza osoan jardun zuen justizia sozialaren aldeko ekimenetan, ezkerreko emakumeen taldeetan eta idazle-elkarteetan. Hainbat eleberriren egilea (The Pioneers izan zen arrakastatsuena), ipuinak, poesia eta antzerki-lanak ere idatzi zituen. Baita testu espreski politikoak ere, Espainiako Errepublikaren alde, kasu. Autoreak arreta berezia jarri zuen herri aborigenen eta emakumeen zapalkuntza-egoera bere lanetan islatzen eta salatzen, eta haren lanak mende hasierako narraziogintza sozialean kokatu ohi dira. Jone Makazaga Irurtiak euskarara ekarri digun Ihesaldia (Flight, 1938), adibidez, beren familietatik erauzitako neskatila natiboen inguruko narrazio indartsua da.

Agenda

Efemerideak

Kritikak