ITZALAK
Lutxo Egia

Literaturia
2021-09-24

 

 

Itzalak

 

 

Itzala hitz pisutsua da. Ez kilojulioa bezain pisutsua, izozmendia bezain sakona, karranka bezain hertsagarria, ziraldoka bezain jostalaria edo deskatalogatu zenuten manifestapena bezain durunditsua, baina, hala ere, pisutsua eta ederra.

 

Aspalditik bizi gara larriturik itzalarekin.

 

Luzaz, herri ugarik uste izan dute heriotza gorputzaren eta itzalaren arteko bereizte behin betikoa zela.

 

Bering itsasarteko inuitak, kasu, balea hil ondoren, itzalaren beldur izaten ziren hainbat egunetan, ez ote zien gaitzik ekarriko.

 

Eta Oscar Wildek berak, ziurtatu zigun itzala arimaren eskafandra zela. Denok dugu gogoan sir Simon Canterville, Canterville-ko mamua, haren itzala gaztelu kalamastrako hormetan herrestan.

 

(Eskafandra eta kalamastra ere badira hitz ederrak).

 

 

* * *

 

 

Pertsona eta itzala (hitzen ahala) ez dira bereizi ezinak.

 

Horregatik, menturaz, itzala galtzearen beldur bizi izan gara beti.

 

Itzal-galtzearen ikaratan.

 

Afrikako legenda baten arabera, hainbat tributako kideek saihestu egiten zuten eremu irekian ibiltzea eguerdi aldera beren itzala galtzeko beldurrez.

 

Literaturan ere badira hamaika itzal-galtze eta itzal-abandonatze. Izan ere, argiantza edo ilunantza da literaturaren eremu naturala, argi-itzala, itzal-argia. Luzaro itzala (hitzen ahala) hartan gorde da ongien, artean orokorrean. Ez gertaleku edo jokaleku bakar gisa, bai, ordea, nagusia, kuttuna.

 

Eta itzal-galtzerik unibertsalena, Peter Pani gertatutakoa.

 

Badakizue: Peterrek leiho batetik behera salto egin du Darling familiaren etxetik ihes egin nahian. Baina Nanak, Ternuako txakur handiak, hura kolpez itxi eta errotik erauzi du mutikoaren itzala.

 

Peterrek, beraz, itzalik gabe ospa egin behar izan du. Nanak, leihoaren kanpoaldean zintzilik utzi nahi du, baina Darling andreak (Wendy, John eta Michalen amak) hura tolestu eta kontu handiz gorde du tiradera batean.

 

Berehala, Darling jaunari erakutsi dio eta hark, ez hotz eta ez motz, erabaki du alprojaren batena dela.

 

Ordudanik, itzal-galtze franko izan dira. Gehienak, XIX. mendean.

 

Hans Christian Andersen-ek, adibidez, testigantza argigarri bat eskaini zigun: gizon bat bere itzalaren itzala izatera behartua izan zen, itzal-estortsio garbia. Edo Benito Perez Galdosek kontatu zigun senar batek ikusi zuela emaztearen itzala gorputzari ihes egiten eta erabaki zuela jarraitzea hari deus esan gabe.

 

Beharbada, horregatik, balizko perterpantze bati aurre egin guran, XX. mendeko idazleek mailua lehenetsi zuten, itzala (hitzen ahala) ondo finkatu alde.

 

Artea mailua zela aldarrikatu zuten Vladimir Maiakovskik eta Bertold Brechtek.

 

Gabriel Arestik, geroago, doi bat mugatu zuen: Nik esanen diet poesia mailu bat dela.

 

Eta hainbat hamarkadatan holaxe irudikatu ditugu hitzen ahalak. Itzalak.

 

Egun, aldiz, lotsa ematen digu mailua aipatzeak.

 

Niri neuri, bai.

 

Gaur egun, gazte batek nekez aldarrikatuko du artea mailu bat dela.

 

Gure etxebizitzetan, kargadoreak, routerrak eta wi-fi anplifikadoreak ditugu, baina egunean baino egunean mailu gutxiago.

 

Gehienez ere, orduan, gazte hark esango du: literatura, mailu pneumatiko bat da.

 

Mailu elektro-pneumatiko bat.

 

Edo emailu bat, Armiarmako emailu bat.

 

Baina, seguruenik, hori ere ez du aldarrikatuko.

 

Ez du literatura aldarrikatuko.

 

Asko jota esango du: Twitter mailu pneumatiko bat da. Edo, hobe, Twitx mailu pneumatiko bat da. Edo Instagram.

 

Neuri, biziki interesatzen zait Twitter, esandakoen auzitegi nagusi hori, non sarri denak aire tragiko bat hartzen duen.

 

Niaren itzal digitala, hura ere bada jokalekua ahalen sortzean, bere bot, troll (gaur egungo heteronimoak) eta traola guztiekin, armada baten iduri.

 

Traola ere iruditzen zait hitz ederra eta itzaltsua, ez mikrografia bezain itzaltsua, edo sinapsia bezain itzaltsua, edo maiterre, ufada edo giltzerdi bezain ederra eta itzaltsua, baina ederra eta itzaltsua azken batean.

 

Hitzen ahalen topagune singular, gurean badira traola batzuk bereziki pentsatuak ahala sortzeko.

 

Adibidez, #GalderaSerioa

 

Futbola, saskibaloia, tenisa eta eskubaloia olinpiadetatik kanpo egotea gustatuko litzaiokeen bakarra naiz? #GalderaSerioa

 

Arrasatearren artean zenbatek dute Ternuaren musukoa? #GalderaSerioa

 

Edo #EsanBeharNuen eta haren aldagai ekialdekoa #ErranBeharNuen traola:

 

Ze kasposo, erdaldun eta kutreak diren ONCEren Euskadi Irratiko iragarkiak. #EsanBeharNuen

 

Euskal maritxuloak biziki nazkanteak eta aspergarriak dira #ErranBeharNuen

 

Traola lagun edo traolarik gabe, dagoeneko Twitter hitz-ahalen jokaleku nagusietako bat bilakatu zaigu. Askorentzat, jokaleku nagusia da. Batzuentzat, bakarra, erabiltzen duten bakarra.

 

Egokia, zer duda egin, sasoi likido honetarako: oso hitz gutxirekin ahalik handiena lortu.

 

Oso hitz gutxirekin ahalik handiena lortu.

 

Hitzak birtxio eta like mordo bat baditu, gauzatua da ahala.

 

Hitzak erantzun ugari baditu, gauzatua da ahala.

 

Eta Trending Topic izatera heltzen bada, zigilua, ahal itzelaren erakusgarri.

 

Twitter, beraz.

 

Hitzen ahala.

 

Hitzen ahala, baina ezinbestean itzala?

 

Hasieran esan dugu denbora luzean bizi izan garela itzala galtzearen beldur.

 

Itzal-galtze baten ikaratan. Beldurrak airean.

 

Itzal-galtzearen aurrean, itzal-eustean ahalegindu gara gu.

 

Berdin gertatu izan zaigu intimitatearekin. Gu geu intimitatea zaintzearen aldeko izan gara oraintsu arte. Baina, gaur egun, hori ez dago horren argi.

 

Eta beharbada, era berean, gaur egun jendea ez da jada itzala (hitzen ahala) galtzearen beldur bizi.

 

Are gehiago, galtzeko desiretan ere bizi liteke.

 

Adikzio handiko txiolarientzat ahalaren eskuratzea Sisiforen lana da. Egunero ziurtatu behar zaio ahala hitzari.

 

Egunero, ahala zertifikatuko duten birtxio, like edo erantzunak kopuru duinean.

 

Egunero bazka, hitzaren ahala hauspotu, mimatu beharreko Tamagochi baten antzera.

 

Eta behar horretan, txiolari amorratuei ez zaie inporta hitzen ahala (itzala) galtzea.

 

Harrigarria badirudi ere, nahitaez galdu behar da.

 

Ordu batzuen edo, gehienez ere, egun batzuen ostean galdu behar da, beste bat, berria eta distirantagoa, luzidu ahal izateko, musker, sugandila, suge edo dortokaren azal-mudatzea balitz bezala.

 

Eta horixe izan liteke transmodernitate lauso honetako marka: hitzen ahalik zabalena lortu, berehalaxe galdu eta prestatu hurrengorako.

 

Sare sozialak baino lehenago, itzalik zabalena ere lortu nahi izan dugu, baina ez berehalaxe galtzeko, baizik eta irauteko, iraunarazteko.

 

Guk geuk, Twitterri deus kendu gabe (zer kenduko ote diogu?) itzala iraunarazi zaleak gara.

 

Literaturan aurkitu dugu beti gordeleku hori.

 

Literaturaren funtzioa ez baita Twitter-ena. Itzala, hitzen ahala, ez da berdin sortzen batean eta bestean.

 

Twitterren, pisuagoa da ahala hitza bera baino. Konfiantza handiagoa du ahalean. Gehiago du ahaletik itzaletik baino.

 

Literatura, kurioski (eta “kurioski” hitz ederra iruditzen zait azkenaldion), itzalagoa da. Hitzaren eta ahalaren arteko oreka erakusten du.

 

Hitza eta ahala. Itzala. Hori da literatura.

 

Gerta litezkeen galtze guztiei adi, argi-itzaletan jolastea.

 

Herri honetatik, Zarauztik, mugitu gabe aski barrura egin dezakegu murgila.

 

Hemen hitzak aspaldi du neurriko ahala. Susa argitaletxearen bidez, kasu, lehen Gorka Arreserekin eta orain Leire Lopez Ziluagarekin.

 

Eta gogoratuko duzue Anjel Lertxundiren “Hitz beste” hura Berria egunkarian. Edo haren tokia hartu duen Andoni Egañaren “Hitz etzanak”.

 

Haietan itzala luzarazten eta iraunarazten duten elementu ugari daude: jolasa, ironia, zorroztasuna, edertasuna, zehaztasuna, aberastasuna…

 

Ez da kasualitatea, bakar-bakarrik hilabete honetan hiru artikulutan, Andonik kezka agertu izana gerta daitezkeen itzal-galtzeen aurrean. Zera zioen batean:

 

      Hitz batzuk purian dabiltzan bitartean, —orain, oro da brutala— beste batzuei errespetua galtzen zaie uneren batean edo bestean.

      “Eduki” hitzarekin gertatzen ari zaigu azkenaldian.

      Min ematen du “eduki” hitzaren gainbeherak.

      Orain, edozeri deitzen zaio “eduki”. Telebista-tertulia batera auskalo noren ezkontza urratuaren berria ekarri duzula? Eduki bat sortzen ari zara. Youtuben galtzerdiak nola tolestatu kontatzen duzula? Eduki bat sortzen ari zara. Instagramen oporretan urpean ateratako argazki-bilduma jartzen duzula? Edukia sortzen ari zara.

 

Eta egun batzuk geroago antzera mintzatu zitzaigun “gozatu” hitzaren inguruan. “Gozatu!”, zioen Andonik, esaten diogu lagunari agur egitean; “gozatu!” batekin amaitzen dugu jendaurreko jarduna; “gozatu!” izaten da maiz posta-elektronikoz bidalitako mezuaren azken hitza.

 

Eta honelaxe bukatzen zuen: Gozatzea betebehar bihurtu zaigu nonbait.

 

Kontuak kontu, Andoni ere ba omen dabil kezkaturik, ahalaren aldeko bataila tragikomiko honetan ez ote den hitzaren mehetze eta urritze bat gertatzen ari, galtze batera eraman gaitzakeena.

 

Hitzen halako klima-aldaketa bat.

 

Honezkero hitzen antropozenoan sartuak bagina bezala.

 

Edo beste zarauztar batek (Ana Galarraga) oparitutako hitzari bihurri eta erdi bat eginik, hitzen sindemia batean sartuak.

 

Hitzen-endekatze sindemikoa, han-hemen aldagai mehatxagarriak sorrarazten dituena.

 

 

* * *

 

 

Baina, zorionez, ez dago guztia galdurik.

 

Peterrek itzala galdu zuen, bai, baina, itzal-minez, itzuli ere egin zen haren bila, borrokarako prest, Txilintxo maitagarri beti jeloskorra alboan zuela.

 

Itzalgaizka sartu, Wendy, John eta Michael-en gelako kajoiak arakatu eta neurri egokiko itzala atera zuten. Tamalez, hura ez zen berez itsatsi Peterren gorputzean eta azkenean Wendyk, ordurako itzarrik, josi behar izan zion.

 

Neskaren testigantzari esker, badakigu apur bat zimurtuta gelditu zitzaiola.

 

Baina bederenik, eta zimurrak gorabehera (eta “zimurra” ere bada hitz ederra), Peterrek ez du sekula beste itzalaldirik ezagutu.

 

Eta zuek ere, geu ere!, literatura lagun, saiatuko egingo gara horretan, itzalari zimurrak kendu eta luzaro eutsi, eta, holaxe, itzal handiko bihurtu.

 

Eta horren abiatzeko, gozatu asteburu honetan Literaturia eta, orain, Sugarren mende ikusgarri dramatizatua.

 

Edo ez gozatu, hura betebehar bazaizue.

 

Baina, behintzat, atsegin hartu.

 

Milesker, gaizki erranak Twitterren zigortu eta ongi erranak tabernetan zabaldu.

 

ITZALAK
Lutxo Egia

Literaturia
2021-09-24