Api
25
02
Ostiela! aldizkariaren 25. zenbakian erlijioaren alderdiak eta alderdikeriak dituzte mintzagai. Ale ia monografikoa da erlijioaren ingurukoa eta, besteak beste, Zaldibiako abade Don Modestoren sermoi frankistak argitaratu dituzte. Putz aldizkariak aldiz, elkarrizketa nagusia Pako Aristiri egin dio (9 orrialdekoa) 14. zenbakian.
Api
25
02
1937ko apirilaren 26an (astelehena), duela 65 urte bonbardatu zuten Gernika. Horrek gerora zer esana ez ezik zer idatzia ere eman du gure literaturan. Gernika aldizkaria sortu zuten Donibane Lohizunen 1945ean. Gernika aldizkarian 1952an kaleratutako 19. zenbakian bereziki gogoratzen dute 25 urte lehenago egindako sarraskia.
Susa aldizkariak ere aldizkari berezia plazaratu zuen 1987an, bonbaketaren 50. urteurrenean. Aipagarria da, gertakariaren ostean Paul Eluard poetak idatziriko Gernikako Garaitza poema, Mikel Antzak euskaratua.
Gernikan berpizten da Agur, Euzkadi nobelako pertsonaietako bat, Lauaxeta; Gernikan atxilotu eta Gasteizen fusilatua. Aurten ekainaren 25ean beteko dira 65 urte Estepan Urkiaga Lauaxeta hil zutela.
Api
18
02
Imanol Murua Uriak 1998an kaleratu zuen Palestina zauritua liburua, Euskaldunon Egunkariako kazetari joanda Palestinan bizi izandakoaren kronika eginez.. Hango gerra dela-eta, Susaren webgunean irakurgai jarri dugu osorik.
Api
11
02
1982ko apirilean, duela 20 urte, Susa aldizkarikoek Bernardo Atxagari eskainitako ale berezia kaleratu zuten, 5. zenbakia. Eneko Olasagastik, Mikel Antzak eta Josu Landak Bernardo Atxagaren obraren gainean jardun zuten; antzerkia, poesia eta bere bi liburutan barneratuz.Tartean Atxagarekin egindako elkarrizketa luzea eskaini zuten. Atxagak hiztegia eta poema bat ere idatzi zituen Susako infiltratu gisa. Azkenik, Joseba Sarrionandiari idatzitako gutun baten zatia ere agertzen da postdata moduan.
Api
11
02
Hegats aldizkariaren zenbaki berri bat aurkeztu du Donostian Euskal Idazleen Elkarteak. 29. zenbaki honetan ere Kritikabideak eta Literaturbideak sailak dira aldizkariaren ardatz. Kritikabideak sailean Itxaro Bordak itzulpenari buruz egindako “Traditore ala?”, J. Mac Corkleren “E. Bishop: kritika bat” eta Joxemari Carrerek idatzitako “Literatura, kontalaritza eta irakurketaren bultzatzea” dira gai nagusiak. Literaturbideak atalean aldiz Manuel Alonso Cataláren “Zenbait poema”, Itziar Lakak idatzitako “Emili”, eta “Manuel Rivas-en Poema gisa tajuturiko ipuinak” Kirmen Uribek itzuliak ageri dira.
Api
11
02
Asteazken gauero (23:10etatik-24:00etara) “Komatxo artean” literatura saioa izaten da Herri Irratian, Mikel Asurmendik zuzendu eta aurkeztua. Datorren astetik aurrera, saioa berritu egingo da eta astero idazle batekin solasaldia izango dute besteak beste. Datozen asteetako gonbidatuak Anjel Lertxundi eta Iban Zaldua dira. “Mentura dugun bitartean” liburuaz ariko da Lertxundi (apirilaren 17an) eta “Traizioak” izango du hizpide Zalduak (apirilaren 24an).
Api
04
02
Duela 20 urte Oh! Euzkadi aldizkarikoek Santi Onandiari eginiko elkarrizketa ekarri gura izan dugu Emailu honetara. Oh! Euzkadi aldizkariaren 15. zenbakia zuen 1982ko martxokoak eta solasaldi luzea eta interesgarria izan zuten garai hartan Larrako komentuan euskal literaturaren alde buru belarri lanean ari zen Aita Santi Onaindiarekin. Karmel aldizkariko arduradunak Olerti aldizkaria ere sortu zuen.
Api
04
02
ETBko literatura saioa den Sautrela datorren apirilaren 6an (larunbata) hasiko da eguerdiko informatiboaren ostean. Lehen programa honetan Martin Ugalderi buruzko erreportajeak eta Aurelia Arkotxari eginiko elkarrizketak osatuko dute saioa. Bigarrenean Iban Zaldua izango da elkarrizketatua. Aro berriko nobedadea Bernardo Atxagaren agerpena da, eta berak aukeratutako testu labur bat irakurriko du programa bakoitzean. Hasier Etxebarriak aurkeztutako programak orain arte bezala liburu bat izango du hizpide nagusia. Euskal liburuez gain noizean behin kanpoko erreferentziei kasu egingo diote.