L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-5 (1982-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Atxagarekin hizketan?:

Pott banda, neure burua eta gainerakoak

 

        Geurea ez da kazetaritza, geurea inozokeriaz defini ahalko da beste kalifikatzaile egokiago baten ezean. Oraingoan Bernardo izan da gutaz trufatu dena. Lehenengoz Donostiako Habaneran, galdera zorrotzegiak eta aldapagora latza jartzen geniola aitzakituz ia zinta guztia borrau eta hurrengo batetarako utzi genuen.

        Andoainen "Xola" bere konpañeraren uau-uau bemolizatuaren presentzipean joan zitzaigun solas ederean arrats hura ere.

        Hotsak hitz bihurtu zirenean, eta guztia paperean makinatu, Bartzelonako bere desterruan bisitatu genuen, eta guk eramanikoa erabat aldatu zigun. Hona azkenik:

 

        — Kontaiguk apur bat nola suertatu zen "Pott"en heriotzea...

        — "Pott" bandaren desegitea entenitzeko erremediorik gabekoa zaigu aldizkariaren beraren arazoari begiratzea; hori dago lehenbizi, aldizkari bat kaleratu ezinarena. Geronek, "Pott Tropikala"rekin, saio berezi bat egin genuen, 2500 ale botatzearena, eta aldez aurretik sumatutakoa frogatzea besterik ez genuen lortu, hau da, euskal aldizkari literario baten muga, muga edo murraila, Jerikoren murraila Josuerik gabekoa, ba hori, mila irakurletan datzala. Zenbaki horretatik gora ibili ahal bagina, xamurragoa litzateke gure bidea; hortik behera, berriz zeru gaiztoenaren pean —zeropean, noski— gelditzen gara.

        (Txirritaren bertso bat datorkit gogora: kolka txarraren azpian dauden txito urrikalgarriak / hamarretatik bost hiltzen dira, beste bostak elbarriak / pisti gaiztuen ikaraz beti, gora begira jarriak / indar gutxiko gorputzak eta suspirioak larriak...)... gure literaturaren historia dirudi, ezta?)

        — Baina taldea ere desegin egin zen apur bat, ezta?

        — Bai, Ruper musikan murgildu zen erabat, Juaristi bere unibertsitate lanetan, Joseba gartzelara eraman zuten... etorri ziren berriak, noski, eta taldeak izan zezakeen segida bat, baina gelditu ginenok ez genuen baldintzarik ikusten. Kiebra jota geunden, hori lehenengo, eta bestetik, ba zera, boikotarena... boikot hitza erabiltzea gogorra izango da, baina guri gertatzen zitzaiguna —aldizkari literario orori gertatzen zaiona, seguru asko— hitz horrek adierazten du hobekien.

        Boikota girotik kanpo dagoen jendearengandik, esan nahi dut. Adibidez, "Pott" ez zen Gipuzkoan sekula saldu. Eta hori guztiaz gain, kritikarena, gure egunkari xelebre horien jokaera, "zuk zuek egizu" edo "self service" dei genezakeena (dakienak badaki eta ez dakienak irakur beza elkarrizketa goxo hau:

Pott mandatariak.— Begira, errebista berri bat atera dugu eta zera nahi genuke, kritika...

Egunkarikoak.— (moztuz) Espera que le llamo al de la euskal kultura... Gorka? a ver... está por ahí Gorka, no?, se ha ido a comer a Guetaria? joder qué bien vive ese, sí... sí... joder yo tampoco tengo vacaciones, lo

que pasa que Gorka es un cabrón, no, te llamaba porque hay un chico aquí que, que?, que está ahi? (guri) ...ahora resulta que sí está, ya me parecía a mí... oye Gorka, que vengas, venga hombre, deja ya la traducción y ven... que ahora viene...

        Gorka delakoak.— (portrait: ziegak bezalako zulotan bi begi oso nekatu, zeinek begirada gris eta likidoa ixurtzen duten, bere jertsea —grisa— bere ilea —grisa— eta bere eskuak —grisak— erabat kutsatuz. Hartu du gure errebista eskuan: honen urdin-argia gris bihurtu du ikutuak.)

        — eta ze, humm, humm, nazka, gehiegi erretzen diat, ze? ze nahi duzue, hau ateratzea?

Pott mandatariak.— (inuzentki) ...badakik, kritika bat edo...

        Gorka.— (begietatik sortzen zaion grisak irisazio gorriztak hartzen ditu: "odola", pentsatzen du Pott mandatariak, "odolezko izardia ateratzen zaiok begietatik, Jesukristori bezala") egingo niake, baina, baa —betazalak hatzekin igurtziz— baa, humm, ostia, gehiegi erretzen diat... (hasperena)

        Egunkarikoak.— Gorka, te llaman de Zumarraga, que les tienes que traducir el programa de las fiestas, vas a ir? no jodas que te vas a quedar en casa! (Gorkak keinu etsi bat egiten du eskuaz; Pott mandatariak Jesukristoren llaga preziosuak ikusten ditu aidean zintzilik geratu den esku horretan)

        Gorka.— Begira, hoberena kritika zuek zeuek egitea izango duk, zuek egin eta guk aterako diagu, errebistak, ederki, ondo, ondo (hitzok lerdea bezala jaisten zaizkio kokotzetik)

        Egunkarikoak.— Gorka, joder que los de Zumarraga están esperando!

Pott mandatariak.— Egingo geniake guk, baina, ez zekiat, gauza bera esaten zigutek toki guztietan, kritika guk geuk (eten egiten du jarduna, ezen arantzazko koroa bat antzematen baitu Gorkaren kopetean).

Pott mandatariak.— Gorka, geure martiri maitea, akordatu gutzaz Jaunaren eskubitara haizenean; adio, eta eskarrik asko!)

        Hauxe da giroa; giro horrek ito du Pott Banda (eta inprimategien krisiak, eta liburu saltzaileen irabazpide urriak, eta Iruinean gure aurretik ale bat erosi gabe pasa ziren hamabi ifar euskaldun zeken eta xuhur haiek... munduak, azken finean).

        — Eta zein esplikazio izango luke zure Bartzelonara ihesegite horrek? Zergatik egin duzu hanka hemendik?

        — Izugarri gustatzen zait ihesegitea, izugarri Dick Turpin-en esaera hura: "Ez dio ardura, klaraboiatik adegingo dugu". Edo Kafkaren tximu-gizon hark zioena: "ez nabil libertatearen bila, ez dut irteera bat besterik nahi" ...izan ere, hiru aukera daude, hiru bedaio, errealitate deitzen diogun horren aurrean... tren baten aurrean, adibidez: trenaren barruan egotearen emozioa (a), trena guganantz datorrela ikustearena (b), eta trena gugandik urrunduz doanekoa (c). Azkeneko hauxe da nik gehien edota barruen sentitzen dudana. Kontua da duela urte t'erdi Barcelonara etorri nintzela, Ez da egia Cavafis-ek zioena ("ez duzu beste lur edo-ta itxasorik aurkituko... ezen huria betiere berbera baita. Etzazula besterik bila, ez dago"), ez da egia berdaderoa (egia mentirosoa, bada ere). Hemen aisa nabil, ariketa izpiritualak egiten, baina aisa.

        — Zenbaterainoko eragina izan zuen "Pott" aldizkariak bandakoengan?

        — Pentsa zenbaterainokoa den errebista edo talde baten garrantzia, barne giro hori, konturatu hortik ez dela "Etiopia" bakarrik atera. Hortik atera da Ruperen diska, hortik Josebaren "Izuen gordelekuetan barrena", hortik ateratzekotan dagoen Iturralde-Jimuren liburua. Beharbada horiek guztiak egingo ziren bestela ere, baina ez hain bizkor edo gozo, ez zait iruditzen. Dena dela, bandaren egitekoa zera zen: izpiritu berri baten jabe ginela esatea, izpiritu hori hartzen genuela aintzat geure aldizkari, liburu eta enparauak osatzerakoan.

        — Eta zein litzateke izpiritu berri hori?

        — Gure lanetan nabarmen azaltzen dena. Bandan eritzi guztietako jendea zegoen, baina autore batzuk geneuzkan guztion gustokoak (Eliot esate baterako, edo erdi-Europakoak; ez, ordea, latinoamerikarrak), gorroto batzuk (euskal filisteoak, adibidez), mania batzuk (enamoratuekikoa latzena)... taldean izkribatzea joera naturala zen, nahi zuen izan, behintzat (literatura beti da artifiziala, bai, baina hori beste historia da, literaturaren izanari berari dagokiona, baldintza sine qua non bat. Naturak ez du izkribatzen, izkribatzea ez da "gorputzak eskatzen duen zerbait"). Gure "naturala" hori Euskal Herriko ingurumarian kokatu behar da, eta dakienak badaki, eta ez dakienak irakur beza elkarrizketa goxo hau:

        A: Nik nobelak egiten ditut, nobelak onak baitira aditza lantzeko edo lantzearren, poemak ezin baitezake prosaren aberastasuna ukan edo eduki.

        B: Eta teatroa?

        A: Jakina, teatroa ere egiten dut, zeren hori baita, Brecht-ek ondo adierazi zuenez, herria hezitzeko tresnarik hoberena.

        B: Poesiarik ez, orduan?

        A: Batzutan, batzutan... gaztetan poesia asko egiten nuen, badakizu, enamoratu egon eta...

        Esan beharrik ez, A ez da gure bandakoa egundo izan (Kontuan izan pottekoek debekatua zeukatela enamoratua zeuden bitartean izkribatzea).

        — Zeintzu izango lirateke zure eritzirako literaturari buruzko fede artikuluak, orain eta hemen? Izkriba itzazu.

        B.A.- Hiru hauek:

        Lehena: eskritoreak ahal duen hizkuntza guztietan idatzi behar du, aintzakotzat hartu behar ditu —gure kasurik arruntena aipatzearren— euskara eta gaztelera. Bien arteko aukera, literarioa izan behar du (ez daude kontrajarriak, inondikan ere. Ez da "ala"ko arazo bat, "euskaraz ala gazteleraz"; adibide ezaguna —niretzat ezaguna— jartzearren, Nikolasaren abenturak bi hizkuntzetan kontatu nituen, itzulpenik gabe. Hola jokatuz bi testu siames atera zitzaizkidan).

        Bigarrena: Zein hizkuntzatan izkribatzen duzu hobetoen? galdera faltsu bat da. Garai batean modan jarri zen "ea euskaraz pentsatzen al genuen" galdetzea... pitokeria bat, ezen antza denez (arazo honen sakonak erantzun xeheak galerazten dituelako arestiko "antza denez" hori) pentsatzea eta esatea gauza bera dira. Gure auzokoari euskaraz zerbait esaten badiogu, euskaraz pentsatzen ari gara. Berdin geure buruarekin ari garenean ere. Hizkuntzaren gramatikan daude poetika guztiak, hizkuntza bakoitzak berea duela. Eskritorearen lana da poesia hori agerian jartzea. Erdaraz ari bada, erdararena aterako du, euskaraz ari bala euskararena.

        Hirugarrena: Argitaratzea eta izkribatzea oso bestelako arazoak dira. Euskaraz argitaratzea jokaera etikoa (edo komertziala, edo...) da, ez da zehazki literarioa. Den dena esan beharra badago, nik nahiago dut, gehio gustatzen zait, euskaraz kaleratzea.

        — Bukatzeko galdera topikoa... badakizu, krisiarena eta guzti hori.

        — Nik onartzen dut krisiarena, baina ez naiz larritzen. Alde batetik gure krisia sekulatakoa ezezik (ezen, Axularren sasoitik gaurdaino, zenbat marabila sortu dira ba?) sekulakoa da (esana dago, ia gureak egin du). Baina bestetik, oraingo hau krisi emankortzat jotzen dut. Gaur egun apustuak hobeak dira, anbiziosoagoak, desio literarioek ez dute mugarik ezagutzen (desio on bati dagokionez, ezta?). Bada Otto eta Fritz-en txiste bat: Otto zerbaiten bila dabil argitan dagoen farolaren azpian. Galdetu dio Fritz-ek:

                — zer galdu zaik hemen, Otto?

                — hemen ezer ez, han urruti galdu zaidak txanpon bat.

                — eta zer dela-ta ari haiz hemen bilaka?

                — hemen argia dagoelako.

        Orain arteko literaturagile gehienak ottorena egin dute: arlo ezagun batera mugatu, han "argia" (zeruko argia, somete:) zegoelako. Baserrira jo dute (baserri, diot, eta ez "mendi"; baserriaren literatura ez da mendiaren literatura, edo mendiarena da baina galbahe ideologiko-folkloregiletik pasea: niri ez zait "Garoa" interesatzen: EHko mendian ezagutu dudan jendea joanes eta abarren antipodetan dago) ba hori, baserrira jo dutela, txanpona (idem literatura) aurkitu gabe. Oraingo krisia, beste gauzaren artean, argitik urruntzeari zor zaio. Hori da SUSAkoen problema, hori POTTekoena. Eta motellak! hau duk ilun puska!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.