Susa bandako infiltratua:
Hiztegia, poema
Bernardo Atxaga
marixor. amandre ipuietako pertsonaiarik ezagunenetakoa, Cinderella, Cendrillon, Cenicienta. Neskame esateko modu bat, beraz. Aipamena (Jose Arratibel-en kontu zaharretatik hartua): "Otza kentzeko eta pixka bat legortzeko, sukaldean su ondoan jartzen zan, ta an buruari azka egiñaz, zorriren bat aura eramango bazukean bezala egiten zuan. Orrela ikustean, etxeko bi alabek eta neskameek parre egiten zioten. Berak ez entzuna egiten zuan eta zerbait gorra ote zan edo, Marixor deitzen asi zitzaizkion, ta andik aurrera bestela ez zioten deitzen: Marixor gora eta Marixor bera (...) Bazkal ondoren, Marixor antzarreri begira zegoala, betiko emakume xaar ura gertuatu zitzaion esanez: Gaur erriko pestak eta, zertan zaude emen pestara, dantza egitera joan gabe? Neretzako ez dago dantzarik erantzun zion Marixorrek, burua makurtu eta begietatik negar malkoak botaaz."
punitu. gaztigatu.
pairadura. sofrimendua. Esate baterako: "Marixorren pairadura haundia zen, ezen ezin baitzuen maiorazkuarekin dantza egitera joaterik ahal". Gaur eguneko huritan, sarritan ikus liteke neskametxo bat andre señorak bederatzitarako itzultzeko agindu diola eta bere lantokiaren ezkaratzean nobioarengandik agurtzen. Seguru pairamena duela, seguru ez zaiola atsegin astebeteko bakardaderantz gidatuko duen aszentsore hori hartzea.
perfidious. gaiztoa, zitala, traidorea. Amandre ipui eta komikietan irauten duen hitza.
dandelion. printze baten izena. Horretzaz gain, kardanbera, dent de lion, belatzetan txit ugaria den kolore beilegiko lorea. Haizea eman ezkero mila izpitan desegiten den borla xuri-gris bat ematen du udaberritan (lumatu egiten dela, esan genezake). Borla hoik partaide izaten dira umeteriaren jostaketetan (herri ttikitako umeteriaren jostaketetan, noski). Izpiak ilaunak, euskaraz izartxoen antza dute, eta hegaletan ibiltzen dira (nork ez du ilaun bat bere leiho aurretik pasatzen ikusi?). Fellini-ren Amacord filma ilaun vilano hoien etorrerarekin hasten da.
leihatu. saiatu, bermatu, ahalegindu.
primula. lore bat, more kolorekoa sarritan.
eri gartzelatua. eri kartzelatua (BN-haz) : gravemente enfermo, gravement malade.
salako leihorat. aipamena:
"Aizpa jaunts ezazu arrauba xuria
nik ere jauntsiren dit zaia berdia
ingoiti horra duzu zure senar geia
botzik kita ezazu zure sor-etxia
Klara, zuaza orai salako leihora
ipar ala hegua denez jakitera
iparra baldin bada, goraintzi Salari
ene korpitzaren xerka jin dadila sarri
Ama juanen gira oro alkarreki
etxerat jinen zira xangri handireki
bihotza kargaturik, begiak bustirik
eta zure alaba tunban ehortzirik".
aienatu. urrundu, urrutiratu (baina aieneka, noski).
ekiaren zantzutik. eguzkiaren seinalea. Lehenengo argi txintarekin jaiki zara eta paseuan zabiltzala eguzkiaren arrasto bat sumatzen duzu itzaletan zegoen malda batean: "Hara, ba diagu eguzkiaren zantzua" esan zenezaioke lagun hartu duzun txakurrari.
lerratu. xuabeki joan, nolabait.
pausatu. pasatzen dena ezta pausatzen, ezta gelditzen.
bad boy. kanta baten izena, mutil (edo galai) gaiztoa.
buztina. lur moeta bat, aukeran beltza, lur gizena, etxekoandreek tarrotarako erabiltzen dutena.
Poema
marixor punituaren pairaduraz, oh perfidious dandelion
lehiatzen da primula (eri gartzelatua) salako leihorat
Eta esan genezake: ez naiz aienaturen ekiaren zantzutik
ezta lerratuko ere itzal bioleta horretan pausatzeraino
Baina zu ez ba zatoz (oh bad boy) bakardadean hilen da
petaloak binaka bildurik, buztinaren abantailak galduta
|