Ira 12 24

Xabier Gereñok 100 urte

Joan den abuztuaren 12an 100 urte beteko zituzkeen Xabier Gereñok. Lehenagotik ere narrazio eta nobelak idatzitakoa, online daukagun  Hiltzaile baten bila eleberriarekin, 1975ean, abiapuntua jarri zion gure literatura industrialari, genero beltzean, Jurgi kapitainaren abenturekin. Liburu xaloak, ez edukian ez idazkeran tolesturarik daukatenak, 30etik gora idatzi zituen 1990era bitarte. 1977an argitaratutako Espioitza, Gudari bat eta Iruneako asasinatzea ere irakurgai dauzkazu, eta baita Estalki zuriaren misterioa ipuina ere. XXI. mendean antzerki-lanak idazteari berrekin zion —80etako hasierakoak baditu batzuk—, testu mordoa osatuz (eta taularatuz azken urteetan bizi izan zen egoitzan). Ganbila.eus-en daukazu haietarik bat: Euskal ikastola.

Abu 30 24

Andoni Arzelus Luzearen urteurrena

1949ko abuztuaren 27an hil zen Ander Arzelus Luzear, 51 urte bete berri. Jardun esanguratsuetan emandako urteak, XX. mendearen lehen erdialdeko ekintzaile politiko eta kulturgile handia izan baitzen Luzear. Idazle eta kazetaria, El Dia egunkariaren euskarazko orriaren arduraduna izan zen, Argia-ren sortzaile eta zuzendaria, hizlari eta ekintzaile jeltzalea (Joseba Rezolari guardia zibilek atxilo zuten trenetik ihes egiten lagundu zion, Kirmen Uribek kontatzen du pasadizoa Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian), erbestean Euskadi Irratiaren sustatzailea… Kazetari lan ugariaz gain, antzezlanak idatzi zituen, hemen irakurgai dituzuen Gibel handi eta Neskamearen marmarrak; eta ipuinak ere landu zituen, hona Gizarajoa!. Gerra galduta, espetxean sei urte eman zituen, Donostiara itzuli eta “lanean” jarraitu zuen, eta azkenik 1945ean erbesteko bidea hartu behar izan zuen. Baionan hil zen, duela 75 urte, eta haren bizitzaren berri zehatza jaso liteke Jonan Zinkunegi Arzelusek, bilobak, Amale bere ama eta Luzearren alabari —emakumezko lehenengoetako euskal irrati esataria— entzundakoak jasota idatzitako biografian.

Uzt 09 23

Jean Barbieren narrazioak

1875eko uztailaren 9an jaio zen Donibane Garazin Jean Barbier. Apaiza, Eskualduna aldizkariaren bultzagileetakoa, idazle sutsua. Hainbat lanen egile, ezagunak ditu Supazter xokoan eta Ixtorio Mixterio narrazio liburuak, eta gerran girotutako eleberri bat, PiarresKlasikoen Gordailuan irakurgai dituzu guztiok. Trebezia handiko idazlea, nahiz eta maila folklorikoan geratzen ziren gehienetan haren idazlanak. ipuina.eus webgunean bere  estiloaren eta gaien lanketaren adibide bat  badago, Bi makila bidean.

Mar 09 23

Hamabi ipuin gehiago eta sei ipuinlari berri ipuina.eus atarian

Campion, Azkue, Aresti eta Nemesio Etxanizen ipuin gehiago igo ditugu, egileen estilo eta gai desberdinak dastatzeko.
P. Eri, Mikel Azurmendi, Joxean Agirre, Bordari eta Juan Martin Elexpuruk lehen agerpena dute Ipuina.eus-en. Nork bere estiloan, kontaera finkoz osatutako lanekin datoz, ausart eta umoreko. Gozamen hutsa.
Xalbador Garmendiak aipamen berezia behar du. Sortzaile gisa apatzen den aldiro eta edonon, Historia triste bat antzerkiaren egiletzat hartzen da. Besterik ez. Mingarria da oso, Garmendia kemen handiko narratzailea genuelako. Hona hemen Juan San Martinek eta Serafin Basaurik antolatu zuten Hegatsez liburuan (1971):”Ipuin askoren egilea dugu, beretariko batzuk aldizkarietan zabaldurik daude, baina beste batzuk argitara gabeak. Guziak bildurik, merezi luke liburu berezi bat osatzea“.
Kemen handiko narratzailea izan genuen, kritika soziala literatura bihurtzen zekiena protagonista maitagarriren bitartez. Hiru ipuin igo dizkiogu, garratzak.

Urt 08 23

Julene Azpeitia euskal maistra

Urtarrilak 8 zituela, duela 135 urte, jaio zen Zumaian Julene Azpeitia. Irakasle eta idazlea, euskarazko irakaskuntzari eta euskalgintzari lotuak eman zituen urteak, hala Euskal Herrian nola erbestean eman zituen aroetan, gerra aurrean eta ostean. Ikastolen sortze-mugimenduan engaiatua, garaiko prentsan sinadura ohikoa, batez ere haurrei zuzenduriko ipuinak zaizkio ezagunak, baina bestelako lanik ere eman zuen bere literatur jardunean euskal idazleetan aitzindarietakoa izan zen Azpeitiak.  Itxaropenak 1961ean emandako Amandriaren altzoan ipuin-bilduma du lanik ezagunena, 100 narrazio labur biltzen dituen liburua, osorik irakur daitekeena. 1974an haurrentzako ipuin eta irakurgaiak ere kaleratu zituen, Zuentzat izeneko bilduman. Hango narrazio bat ere, Poussy gaxua, irakur daiteke ipuina.eus webgunean. Zumaiarrari buruzko soslai labur baina zehatza eman zuen Joxemiel Bidadorrek Euskaldunon Egunkarian.

Aza 20 20

Hamaika ipuin berri

Narrazio-kolpe berria eman diogu ipuina.eus atariari, hainbat garai, estilo eta autoreren lanak ekarriz. Joakin Larretaren Azelaingo zubia (1881),herri ipuina literatura idatzira ekarri. 1908ko Gertatzen dana, Biktoriano Iraolarena. Gezurra badirudi ere, Facebook, Instagram eta enparauetan dabiltzanei aplikatzen ahal zaien zertzelada ironikoa. Damaso Intzaren Martin Zintzoa (1913, Larrungo hizkeraz, baina narrazioaren zentzunaz. Moraltasuna, bai, baina interesgarria hala ere.  Urte berekoa, Jose Goikoetxeaundiarena, Ataungo basagizona. Tituluak iradokitzen duenaz bestera dator Ataunen erretore izan zen gizona. Apunte labur bat, erdi etnografikoa erdi soziala. Plano desberdinetan narratua. Justo Mari Mokoroak ederki asko idatzitako 1923ko  Oker baten ondorea, Mariren mitoa menditarren artean. 1929ko Gizarajoa!, Luzear-ena, bikote baten kontu aldrebes ederra umore handiz emana dakarrena. Hiriaren presentzia. Ezizenak nor ezkutatzen duen ez dakigun Zetarri-k 1937an ondu zuen Guda jazokunak, fronteko pasadizo xelebre bat dakarrena mairuen kalterako. Mikel Zarateren hiru ipuin: Zaldibi / Iturri bat, harri bat, zuhaitz bat / Adan Aurpegi Adarraga. Kotxe kontua lehena; gerra galduaz alegia bigarrena, azkena burla dotore bat gramatikalariei,  Euskaltzaindiari, eta baita EGA tituluari ere. Satiriko baten lan bikaina. Eta berriena Idurre Eskisabelen Biribilketa (1999). Kontu delikatu-deserosoak lantzen dituen narrazioa: haur suizidioa, amodio galdua, militantzia, damua…

Ira 01 20

Hamaika ipuin

Hamaika ez dira gutxi euskaraz, eta kopuru horretan gehitu dugu ipuina.eus egitasmoa, 11 narraziorekin.  Estilo eta garai desberdinetakoak, XIX. mende amaierako Domigo Agirreren narrazio batetik, Gabriel Arestirenganaino. Gure literaturan, hala ipuingintzan nola beste genero batzuetan, nabarmendutako izenak haietako gehienak: Eusebio Erkiaga, R.M. Azkue, Felipe Arrese Beitia (narrazioa neurtuan emana),  Gabriel Aresti, Jon Mirande, Antonio Arruti, Domingo Agirre, Dominique Dufau eta Patxi Etxeberria.

Eka 11 20

Ipuingintzaren bilakaera

Autoa berritasun arriskutsu gisa ikusten du Pedro Migel Urruzunok Automobil gauzak narrazioan, 1912an. Elkarrizketak egituratzen duen gogoetan ikuspegi kostunbrista ageri zaigu, diglosia tantak, zirtoak… Urruzunoren baliabideak gai moderno batean. Eta 1984an Taxi baten agonia dakarkigu Joserra Utretxek, non taxia bera mintzo zaigun, heriotza ekarri dion istripua azalduz. Urruzonorenaren ondoan, gure ipuingintzaren bilakaera ezin hobeto erakusten duten estiloa, ikuspuntua eta tratamendua. Bi horiekin batera, ipuina.eus webgunean, beste bi: bata, beste idazle ezezagun bat ipuinaren generoa lantzen, Joakina Garaialderen Bejondeizula Mainaxi, 1930ekoa, herri ipuin kutsuko ipuina, ironia nagusitzen zaiola mezu moralari. Nobelagilea izango zenaren lehenetariko fikzioa, azkenik: Gotzon Garateren Koldarra (1967). Gaztetxoen arteko krudelkeria jatorra amaiera dramatikoarekin


	
	
	
	

Api 07 20

Eduki berriak ipuina.eus-en

34 narrazio gehitu dizkiogu ipuina.eus egitasmoari, lehendik ipuinen bat bazuten autoreena kasu batzuetan (Julene Azpeitia, Domingo Agirre, Lauaxeta…), lehen agerraldia egin dutenena bestetzuetan  (Ivonne Harispe, Barrensoro, Oya…); XX. mendeko lehen hiru hamarkadetakoak gehienak. 69 egile dagoeneko, 92 ipuin. Eguraldia akaso ez baina giroa barrenerako dagoen garaiotan, gure ipuingintzaren erakusleiho zabal bat.

Abe 20 19

Ipuinen bostekoa

Bost narrazio berrirekin dator hil honetan ipuina.eus egitasmoa. Margarita Unzalurena da antzinakoena, Txindokiko Marie, 1925ekoa. Herri literaturatik hartutako gaia narrazio aberats bihurtu zuen durangarrak.  1930ean Daniel Garbizuk estanpa umoretsu bat ondu zuen, Ehizera, goiz joan , emakume alargunez eta mutilzaharrez, kostunbrismoa deritzan sailekoa. Guda ipuinak (1937) Juan Abando Erletxue kazetariak gerrako giro ilunean jasotako barregarrikeria laburra da. 1982koa da Itxaro Bordaren Metropolis, Maiatz aldizkarian argitaratu zuen narrazio sortako bat, hiriburu handiko metro bero eta burrunbatsuan herriminez bete bidaiariaren pentsamendua. Eta Hasier Etxeberriaren 1997ko narrazioa, Ipuin postmoderno bat egin diot neure buruari, tituluan adierazten zaigun ironiaz eta autotrufaz eraikitako barne bakarrizketa.

Aza 07 19

Lau ipuin azaroko

Kazetaritzaren alorrean zaildutakoak ipuina.eus guneak oraingo honetan dakartzan bi egile berrienak. Amagoia Gurrutxagak Susa aldizkarian eman zuen argitara, 1992an, Amaitu dezagun behingoz!, harreman gordin batean sexua, gorputzak, hilekoa… gure letretara indarrez sartzen diren narrazio batean. Lan-istripu bat du abiapuntu Xabier Arzelusen Ni, zu naiz ipuinak, baina errealismoa bihurrituz egun askok zapaltzen duten bidea hartzen du istorioak. Amilgainen  Hilen eguna hilerriko dialogo koral bat da, narrazioen estilo estandarretik aldentzen dena,  Euzkerea aldizkarian 1929an emana. Alegia klasiko bat, azkenik, Euskal-Erria-n 1885ean plazaratua, Piarres Harisperen Zeruan donostiarrik ez.

Ira 29 19

Beste lau ipuin

2000. urtekoa da Rufino Iraolaren Asistente berria, soldadutzako gertakari bat ikuspuntu berritzailez ematen duena. Eta berrizaleetan aritua Mayi Pelot izan genuen, 1982an Maiatz aldizkarian  Feed-back edo ihardespena narrazioarekin zientzia fikziozko obra oparoa abiatu zuena. Patxi Etxeberriaren ipuina Sauro da, egileak Erroman ikasketan egiten ari zela ezagututako mutiko baten bakardadeaz diharduen 1957ko lana. Zaharrena Oxobirena, Maittipi, alegiagile ospetsua moralkeriarik gabeko prosa ederraren jabe eskaintzen diguna. Hona hemen ipuina.eus egitasmoko beste lau ipuin.

Ira 05 19

Beste lau narrazio

Tene Mujika saria irabazi zuen Soldaduskara joan behar eta joan nahi ez duenaren buruhausteak andere jatorraren eskutik ipuinarekin, 1985ean, Mari Karmen Bidezabalek. Eta huraxe izan zen, zoritxarrez esango dugu, Bidezabalek literaturaren plazara egindako agerraldi bakarra. Toka idatzitako ipuinean narradore eta protagonista ere baden emakumearen ahotsak indar apartekoa dauka, eta ageri du beste ikuspegi bat, harekin batera ipuina.eus egitasmora igo ditugun beste ipuinen aldean. Protagonistetan emakumezkorik ere badakarten ipuinak dira hauek ere, baina aski protagonismo “diferentea”. Garai bertsukoa Mario Onaindiaren Polonesa ipuina da, 80etako narraziogintza modernoko elementuak badauzkana.  Jon Mirandek 50eko hamarkadan egindako Ametsa narrazioa, Gernika aldizkarian kaleratu zuena, bere lehen ipuinetarikoa da, eta gerora garatu zuen estiloaren aztarnak erakusten ditu. XIX. mendekoa, berriz, dataz bezala edukiz, Klaudio Otaegiren Zeamako hizkeran pasaizo bat.

Eka 26 19

Lau ipuin gehiago

Maiteak, denak izenburua dauka Arantxa Iturberen narrazioak. Gutun baten goiburua, amak alabei egindako gutunarena baita familiaren gorabeherak “kitatzeko” idazleak erabilitako forma. Iturberenaz gain, beste hiru ipuin gehitu dizkiogu ipuina.eus egitasmoari ekainean: XIX. mende amaierakoa Ramos Azkaraterena, Campionen antzikan ez zuten senar-emazte nafarrak, aurkari bat astintzeko alegia gisako satira politikoa; ahozko tradizioa idatzian emateko eredu bikaina Blas Alegriarena, Lakuntzako pertza, narratzaile eta hizkera desberdinak baliatuz osatutakoa; eta autoironia pindartsua Rodolfo Bozas Urrutiarena, Neska elbarrituaren ziria, gizontasuna barregarri uzten duen narrazioa, 1967koa.

maiatza 30 19

Hiru ipuin, hiru estilo

Hiru dira oraingo honetan dakartzagun ipuinak. Mende hasierakoa lehena, 1912koa, Jose Manuel Etxeitaren Pepe Anton kiputza. Berak hain ondo ezagutu zituen “ekialde urruneko” uretan kokatutako istorioa, ikasgaia delakoa izanagatik ere, gure literaturari berri xamarra zitzaion  mundua dakar. Itsasoko haize irekitik, eskola barneko mundu itxira, horixe du kontagaia Piarres Larzabalen Huntzaren faltaz ipuinak, 1955ekoa berau. Mikel eta erdaldunak narrazioa da hirugarrena, Jose Basterretxea Oskillaso-rena.  1962koa, erdaldunarekiko  ikuspuntu itxia ageri du, baina azpimarratzekoa da ipuinaren lehen zatian darabilen egitura, kontakizun paraleloarekin. XX. mendeko hiru adibide diferente, hiru estilo desberdin, ipuina.eus egitasmora gehitu ditugunak.

Agenda

[datozen ekitaldi guztiak]

[iragandako ekitaldiak]

<AurHur>
martxoa 2025
alarazogollrig
242526272812
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31123456

Efemerideak

Kritikak