Mar
30
10
Zapatari txiro baten semea zen Hans Christian Andersen danimarkarra, 1805eko apirilaren 2an jaioa. Jonas Collin antzerki zuzendari eta adiskidearen laguntzari esker bilakatu zen idazle. Eleberriak, antzerkiak, poema bildumak, bidaia liburuak argitaratu zituen, baina 156 ipuinengatik da mundu osoan ezaguna, horietako asko eta asko antzezlan, ballet eta film bihurtu izan baitira. Nork ez ditu ezagutzen Enperadorearen jantzi berria, Ahatekume itsusia, Berunezko soldadu irmoa edo Sirenatxoa? Horiexek eta beste batzuk gehiago euskaraturik dituzu Hemeretzi ipuin bilduman, Literatura Unibertsala sailean 1997an argitaratua.
Mar
24
10
Jules Verne idazle frantsesaren nobela ezagunena da Mikel Strogoff, Magasin d’Education et de Recreation aldizkarian zatika argitaratua, 1876ko urtarrilaren lehenean hasi eta abenduaren 15ean amaitu. Arrakasta itzela izan zuenez, Vernek antzerki obra bilakatu zuen Adolphe d’Ennery dramaturgoaren laguntzaz (estreinakoz 1880 azaroan taularatua, Jules Massenet-en musikaz), eta aberastu egin zen. Errusiako Alexander tsarraren mandataria da Mikel Strogoff, 30 urteko siberiarra, Nikolas Korpanoff merkatariaren nortasun faltsua hartua duena. Moskutik Siberia ekialdeko Irkutsk hiribururainoko bidaia luzea egin beharko du, enperadorearen anaiari abisua emateko Tatariako jendeak independentzi asmoz matxinatu direla. Karlos Zabalak 2002an euskaratua, osorik eskaintzen dizugu sarean.
Mar
17
10
Juan Rulforekin batera Mexikoko idazle ezagunena da Carlos Fuentes, Gabriel Garcia Marquezekin zinemarako gidoiak ere idatzi izandakoa. Egun mozorrotuak (1954) izan zen bere estreinako liburua (sei ipuinez osatua) eta Eskualde gardenena (1958) lehendabiziko nobela. Carlos Fuentesen liburu bakarra daukagu euskaraz, Zuriñe Goti Artabek 2002an itzulitako Artemio Cruzen heriotza (1962) eleberria. Artemio Cruz industrial eta politikari ustelak, ohantzean ustelduta hiltzear dagoelarik 1959ko apirilean, bere bizitzako hamabi egun (eta oroitzapen) nagusiak gogoratzen ditu atzekoz aurrera: 1941ean hasi eta 1889an amaitu. XX. mendearen lehen erdiko Mexikoren erradiografia zorrotza duzu nobela hau.
Mar
16
10
Edorta Jimenezen hitzaldi batekin abiatuko da martxoaren 18an (osteguna) seigarren Literaldia, euskal literatura ezagutaraztearren Bartzelonako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen jardunaldia. Martxoaren 19an (ostirala) literatur kritikari buruzko mahai-inguruan parte hartuko dute Aritz Galarragak, Edorta Jimenezek, Iratxe Retolazak eta Beñat Sarasolak. Martxoaren 23an Lutxo Egiak eta Euskal PEN Klubak Asel Luzarraga idazleaz mintzatuko dira, eta martxoaren 26an Haiek zergatik deitzen diote Euskal Herria eta guk Ithaka? saiakera aurkeztuko du Marc Bioscak. Apirilaren 14an eta 15ean Harkaitz Canok bi hitzaldi emango ditu, apirilaren 21ean poema irakurraldia egingo du Beñat Sarasolak, eta apirilaren 22an Kirmen Uriberekin izango dute solasaldia.
Mar
10
10
Izenburuak gaztigatzen digun bezala, amodiozko poemak dakartza Omar Nabarroren Haragizko amoreak liburuak, Susak argitaratu berriak. Erotismorako jaidura du etengabe, eta bildumaren amaieran senideenganako maitasun eztia. 25 urte dira oraintxe Edorta Jimenezek bere lehendabiziko liburua plazaratu zuela, Itsastxorien bindikapena (1985), Omar Nabarro heteronimoz sinatua, poesian beti erabili izan duen izena. Koldo Izagirrek apailatutako XX. mendeko poesia kaierak bilduman baduzu antologia eder bat. Haragizko amoreak errezitaldiak egiteko asmoa du Edorta Jimenezek, Rafa Ruedaren musikaria lagun duela; aurrenekoa Gernikako gaztetxean apirilaren 10ean.
Mar
03
10
Literaturaren Zubitegian eta Klasikoen Gordailuan asko lagundu izan digun Joxemiel Bidador idazlea Iruñean hil zen atzo, martxoaren 2an, 39 urte zituela. Jose Agerre Gurbindoren kazetari lanak eta Alejandro Tapia Perurenaren olerkien antologia eskaini zizkigun. Joxemiel Bidadorri gorazarre egitearren, bere artikulu zenbaiten bilduma osatu dugu sarean: Euskaldunon Egunkariaren Nafarkaria gehigarrian 1995-2002 artean plazaratutako Klasiko bitxi arront klasikoak (109 artikulu) eta Diario de Noticiasen 1999-2002 artean argitaratutako beste hamar.
Mar
02
10
Lady Chatterleyren maitalea nobela da D.H. Lawrence idazle ingelesaren liburu ezagunena, Italian 1928an argitaratua baina Erresuma Batuan 1960ra arte plazaratu ez zena. Euskarari Birjina eta Ijitoa nobela ekarri zion Irene Aldasorok 1993an, orain osorik sarean eskaintzen dizuguna. Honela deskribatzen da pertsonaien arteko lehen enkontrua: “Yvetteren bihotzak jauzi egin zuen. Karroko gizonezkoa ijitoa zen, beltzaran, soin-zinbel, eder horietakoa. (…) Ez al dute andereño polit hauek beren fortuna entzun nahi? esan zuen karro gaineko ijitoak barrez, baina begi ilun zelatariak, serio, aurpegiz aurpegi eraman eta Yvetteren aurpegi gazte leunean pausatzen zituela”. Christopher Milesek izenburu bereko filma errodatu zuen 1970ean Joanna Shimkus eta Franco Nerorekin. D.H. Lawrence 1930eko martxoaren 2an hil zen Okzitaniako Vençan, 44 urte zituela, tuberkulosiak jota.