AHATEKUME ITSUSIA

 

        Polit-polita zegoen orduantxe kanpoa. Uda zen. Garia horiturik zegoen, eta oloa artean berde; belarra, berriz, metaturik, beheko zelai oparoetan, eta han zebilen zikoina ere, batera eta bestera, bere hanka gorri luzeen gainean, egiptoeraz hizketan, amak erakutsi zion hizkuntzan. Baso handiak ziren soro eta zelaien inguruan, eta aintzira sakonak basoen erdian. Eder-eder zegoen, bai, kanpoa. Tokirik eguzkitsuenean jauretxe bat zegoen, arroila sakon bat inguruan zuela, eta jauretxearen murruetatik ur ertzeraino uztao hosto-handiak zeuden. Uztao batzuk oso garaiak ziren, hosto azpian haur bat zutik hartzeko bezain garaiak, eta uztao-sasi hura basoa bera bezain txoko apartatua eta babesa zen. Hantxe zuen ahate batek habia egina. Arrautzatik irteteko puntuan zituen ahatekumeak, baina ordurako aspertu samarturik ere bazegoen hainbeste denbora arrautzen gainean jarrita egoten. Gainera, oso bisita gutxi izaten zuen, beste ahateek nahiago baitzuten arroilan igerian ibili, hosto artera joan eta harekin kontu-kontari aritu baino.

        Azkenean, behintzat, bata bestearen ondotik, arrautza guztiak koskatzen hasi ziren.

        — Txio, txio —egiten zuten. Mundura etorri eta burua arrautzatik kanpora ateratzen zuten txito guztiek.

        — Kuak! kuak! —esaten zien ahate amak, eta, orduan, tipili-tapala, ahal zuten bezala irten eta hosto arteko txoko guztiak begiratzen hasten ziren. Nahi zuten adina begiratzen uzten zien amak, berdea ona baita begietarako.

        — Bai handia dela mundua! —esan zuten ahatekumeek; izan ere, orain askoz leku handiagoa zuten mugitzeko, arrautza-oskolaren barruan zeudenean baino.

        — Hau uste al duzue dela mundu guztia? —esan zien amak—. Mundua jardinetik aurrerago iristen da, apaizaren lurretaraino, baina ni ez naiz haraino heldu. Ba al zarete?

        Eta habiatik altxatu zen ahatea.

        — Ez! Oraindik ez dira denak jaio! Arrautza handiena hor dago oraindik! Zenbat denbora beharko ote du?

        Eta berriz ere habiaren gainean jarri zen.

        — Zer moduz doakizu, ba? —esan zion bisitan etorrita ahate zahar batek.

        — Arrautza honek atzerapen handia dakar —erantzun zion habian zegoen ahateak—. Ez da koskatzen. Baina begiraiezu besteei! Ahatekume politagorik ez dut inoiz ikusi! Aita bezalakoxeak dira denak. Alproja hura! Ez da ni ikustera etorri ere egin!

        — Erakutsidazu koskatzen ez den arrautza hori —esan zion ahate zaharrak—. Indioilar baten arrautza izango da, seguru! Neu ere horrelaxe engainatu ninduten behin, eta ez nuen arazoa eta kezka besterik izan kumeekin, izan ere, esaten dizut, beldurra diote urari. Ez zirela uretan sartuko! Kuak eta kuak aritzen nintzaien, mokoka ere egiten nien, baina alferrik! Utzidazu arrautza hori ikusten. Bai, bai, indioilar-arrautza duzu hori! Uztazu bake-bakean, eta erakutsiezu igerian beste kumeei.

        — Itxaron egingo dut beste pixka batean. Orain arte egon banaiz, Udako Jaiak arte ere berdin-berdin egongo naiz.

        — Zeuk ikusi! —esan eta alde egin zuen ahate zaharrak.

        Azkenean, koskatu zen arrautza handia ere.

        — Txio, txio —egin zuen jaioberriak, eta han irten zen itzulipurdika.

        Hura zen txito handia eta itsusia! Ahatea begira-begira geratu zitzaion.

        — Hau da ahatekume puska! —esan zuen—. Ez du besteen antzik batere! Indioilaskoa ote da? Beno, berehala jakingo dugu. Ez da uretan sartu gabe geratuko, neronek ostikoka sarrarazi behar badut ere.

        Biharamunean izugarri egun ederra egin zuen; eguzkitan dizdiz zeuden uztao-hosto berdeak. Ahate ama arroilara jaitsi zen bere familia osoarekin. Iritsi eta, plast!, uretara sartu zen.

        — Kuak, kuak! —egin zuen.

        Eta ahatekume guztiak, bata bestearen atzetik, pulunpaka murgildu ziren uretan. Hasieran burua ere ur azpian zutela ibili ziren, baina berehala irten ziren gora, eta ederki asko eusten zioten ur gainean; berez mugitzen zitzaizkien hankak. Han zebiltzan denak, baita txito gris handi itsusia ere.

        — Ez, ez da indioilaskoa —esan zuen amak—. Begira zein ederki erabiltzen dituen hankak eta zein tente eusten dion buruari. Nire-nirea da, bai, kume hori! Eta, gainera, ez da hain zatarra, ondo begiratuz gero. Kuak, kuak! Tira, zatozte nirekin, mundua erakutsi behar dizuet eta. Oilategian aurkeztu behar zaituztet. Niregandik urrundu gabe ibili, inork zapal ez zaitzaten, eta erne katuarekin!

        Eta oilategian sartu ziren. Ikaragarrizko iskanbila zegoen han. Bi familia ari ziren borrokan, aingira-buru bat zeinek eramango, eta azkenean katuak eraman zien.

        — Hara nola diren gauzak mundu honetan —esan zuen ahate amak mokoa mihaztuz, berak ere gustura asko hartuko baitzuen aingira-burua.

        — Tira, mugi hanka horiek! —esan zien kumeei—. Behar bezala kuak! egin eta makurtu burua hango ahate zahar haren aurrean. Bera da denetan nobleena; espainiar odola du zainetan, eta horregatik dauka daukan tamaina, eta, ikusten duzue?, trapu gorri bat du hankan lotuta; gauza handia da hori: ahate batek izan dezakeen bereizgarri bikainena; inoiz ez dutela oilategitik kenduko esan nahi du, eta animaliek zein gizakiek begiramena diotela. Kuak! Ez hankak barrualdera okertu! Ondo hezitako ahateak hankak zabal-zabalik eduki behar ditu, aitak eta amak bezala, ikusten? Eta orain, makurtu burua eta esan kuak!

        Esandakoa egin zuten ahatekumeek. Oilategiko ahate guztiak haiei begira-begira jarri ziren, eta ozen esaten zuten:

        — Begiraiezue! Lehen gutxi ez eta, orain beste koadrila hau! Ene, ba! Hori da ahatekume itsusia! Ez dugu hemen nahi!

        Eta hurbildu zitzaion ahate bat eta mokoka egin zion ahatetxoari lepoan.

        — Utziozu bakean! —esan zuen amak—. Ez dizu ezer egin eta!

        — Ez, baina oso handia eta baldarra da, eta egurra eman behar zaio! —esan zuen mokoka egin zionak.

        — Kume ederrak ditu gure ama berriak! —esan zuen hankan trapu gorria zuen ahate zaharrak—. Oso politak denak, honako hau izan ezik. Hau ez zaizu oso itxurazkoa irten. Nahiago nuke berriro egin ahal izango bazenu.

        — Hori ezinezkoa da, andere —esan zion ahate amak—. Polita ez da, baina oso kume ona da, eta beste edozeinek bezain ederki egiten du igeri. Eta gainera, nik uste, denborarekin edertu egingo da; zera, beharbada, gerora, txikiagotu egingo da. Arrautzan denbora luzeegia eman du eta, desitxuraturik jaio da —eta lepoa laztandu eta lumak igurtzi zizkion ahatekumeari—. Gainera, ahate bat da azken finean, eta ez dio hainbeste axola. Uste dut oso indartsua izango dela, eta ziur naiz aurkituko duela bere bidea bizitzan.

        — Gainerakoak oso politak dira —esan zion ahate zaharrak—. Beno, egin kontu etxean zaudetela, eta aingira-buru bat aurkitzen baduzue, ekarri niri.

        Eta horren ondoren etxekotu egin ziren. Baina arrautzatik azkena irten zen ahatekumea, ahatekume itsusia, joka eta bultzaka eta burlaka zerabilten bai ahateek eta bai oiloek.

        — Handiegia da! —esaten zuten denek.

        Eta indioilarra, ezproindun jaio zelako bere burua ia-ia enperadoretzat baitzeukan, belaontzia oihalak betean baino puztuago, ahatekumeari ondora joan eta glu-glu eta glu-glu hasi zitzaion, aurpegia gorri-gorri eginda. Ahatetxo gaixoak ez zekien zer egin, ez zekien zer bide hartu. Atsekabez beterik zeukan horren itsusi izateak eta oilategikoen barregarri izateak.

        Hala pasatu zen lehenengo eguna, baina handik aurrerakoak askoz okerragoak izan ziren. Ahatekume gaixoaren pertsekuzioan ibiltzen ziren denak, hura nondik zirikatuko. Anai-arrebek ere tratu txarra ematen zioten. Honela esaten zioten:

        — Katuak eramango ahal hau, zatar hori!

        Amak berak ere honela esaten zion:

        — Nahiago nuke hemendik urrun bazina!

        Ahateek mokoka eta oiloek pikoka egiten zioten, eta jaten ematen zien neskak ostikoka bazterreratzen zuen.

        Azkenean, lasterka alde egin eta hesiaren gainera hegaldatu zen; hesian ziren txori txikiek ikaraturik ihes egin zuten.

        — Itsusia naizelako ihes egiten dute horiek ere! —pentsatu zuen ahatetxo gaixoak, eta begiak itxi zituen, baina lasterka jarraitu zuen, eta azkenean padura batera iritsi zen. Basahateak bizi ziren padura hartan. Ahatetxoa neka-neka eginda eta oso triste zegoen, eta hantxe geratu zen gaua pasatzen.

        Hurrengo goizean basahateak hegaka abiatu zirenean, berehala ikusi zuten lagun berria.

        — Zer hegazti-mota haiz hi? —galdetu zioten.

        Ahatetxoak, alde batera jira eta bestera jira, ahal zuen ondoen agurtu zituen.

        — Itsusia haiz gero! —esan zioten basahateek—. Baina ez zaiguk axola, gure familiakoren batekin ezkontzen ez bahaiz!

        Gizajoa! Ezkontze-konturik ez zitzaion burutik pasa ere egin! Ihien artean etzateko baimena besterik ez zuen eskatzen, eta padurako ur pixka bat edan ahal izatea.

        Paduran bi egun oso eman zituenean, bi basantzara agertu zitzaizkion —edo hobeto esan, bi basakirten—; arrautzatik irten berriak ziren, eta nahiko lotsagabeak, beraz.

        — Hi, konpai! —esan zioten—. Itsusi madarikatua haiz eta, gogoko haugu. Gurekin etorri eta paseko hegaztia izan nahi al duk? Beste padura bat bazagok hemen inguruan, basantzara eme xarmagarri batzuk daudena; ezkongaiak dituk denak, eta kuak esaten ikasiak! Haizen bezain itsusia izanda, pagotxa izango duk han!

        Une hartantxe, danba! danba! entzun zen goialdean. Bi basantzarak hilda erori ziren kanaberadira, eta odolez gorritu zuten ura. Danba! danba! egin zuten berriro eskopetek, eta basantzara-aldra handiak altxatu ziren ihien artetik, tiro-hotsen artean.

        Ehizaldi bat zen. Ehiztariak paduraren inguru guztian ezkutaturik zeuden, eta ur gaineko arbola-adarretan eserita ere bai batzuk. Lainoa bezala igotzen zen ke urdina arbola ilunen artetik eta uraren gainean zabaltzen zen. Ehiza-txakurrak batera eta bestera zebiltzan lohitan plisti-plasta, pasaeran kanabera eta ihiak alde guztietara makurtzen zituztela. Laborriak hartu zuen ahatekumea. Okertu zuen burua albora, hegalaren azpian sartzeko, eta une hartantxe zakur handi beldurgarri bat agertu zitzaion ondo-ondoan, mingaina ahotik zintzilik eta distira gaizto bat begietan. Luzatu zuen muturra ahatetxoarengana, ireki zuen ahotzarra, eta hortz zorrotz-zorrotzak erakutsi zizkion, eta, gero, plisti-plasta aldendu zen ahatea ukitu gabe.

        — Ene! Eskerrak Jainkoari! —egin zuen ahatekumeak hasperen—. Hain naiz itsusia, txakurrak ez dit koskik ere egin nahi izan!

        Eta hantxe geratu zen ahatetxoa, etzanda, geldi-geldi, tiroen ziztuak eta danbatekoak airea lehertzen zuten bitartean. Hotsak ez ziren isildu eguna oso aurreratu zen arte, baina orduan ere ahatetxo gaixoa ez zen altxatzera ausartzen. Ordu batzuk gehiago itxaron zuen, eta, orduan, alde guztietara begiratu eta ahal zuen azkarren ihes egin zuen paduratik. Lasterka joan zen alor eta belardietatik zehar. Haize handia zebilen eta asko kostata egin zuen aurrera.

        Gauerako, borda txiki pobre batera iritsi zen. Hain egoera penagarrian zegoen txabola, eze zein aldetara erori ez zekielako baitzirauen zutik. Haizearen furrustadak oso ziren gogorrak, eta ahatetxoak isatsaren gainean eseri behar izan zuen. Haizeak, ordea, gero eta indartsuago jotzen zuen. Orduan, bordako atea erro bat aterata eta alde batera okertuta zegoela ikusi zuen, eta pentsatu zuen zirrikitutik barrura sartzeko modua izango zuela, eta halaxe sartu zen. Bordan andre zahar bat bizi zen katu batekin eta oilo batekin. Katuari «Semeño» deitzen zion andreak, eta Semeñok bizkarra konkortu eta ron-ron egiten zuen, eta baita txinpartak atera ere, baldin eta eskua ile kontra pasatzen bazitzaion. Oiloak hanka txiki motz-motzak zituen, eta «Karaka Hankamotz» deitzen zion andreak. Arrautza onak erruten zituen eta alaba balu bezala maite zuen.

        Hurrengo goizean, berehalaxe aurkitu zuten ahatekume bitxia, eta katua ron-ron eta oiloa karaka hasi ziren.

        — Zer demontre gertatzen da? —esan zuen andreak ingurura begira, baina begi laburrekoa izaki, ahate gizen ihes egindakoren bat izango zela pentsatu zuen.

        — Hauxe aurkikuntza ederra! —esan zuen andreak—. Ahate-arrautzak izango ditut orain, arra ez bada, behintzat! Ikusi egin beharko!

        Eta, proba egiteko, hiru asterako hartu zuen ahatetxoa etxean, baina han ez zen arrautzarik agertu. Katua zen etxeko jauna eta oiloa etxeko andrea, eta hitz egiten zutenean, «gu eta mundua» esaten zuten beti, munduaren erdia berak zirela uste baitzuten, eta erdi onena, gainera.

        Beste iritzi batekoa izatea zilegi zela uste zuen ahatetxoak, baina oiloak ez zuen horrelakorik aditu ere egin nahi.

        — Ba al dakizu arrautzak erruten?

        — Ez!

        — Zaude isilik, hortaz!

        Eta katuak esan zion:

        — Ba al dakizu bizkarra konkortzen, ron-ron egiten edo txinpartak ateratzen?

        — Ez!

        — Hobe duzu, orduan, zeure iritziak zeuretzat gordetzea, zentzuzko pertsona bat hizketan ari denean!

        Ahatetxoa bazterrean eserita geratu zen, muturturik. Orduan, kanpoko airea eta eguzkiaren argia etorri zitzaizkion burura, eta ur gainean ibiltzeko gogo menderaezin batek hartu zuen, eta, azkenean, ezin eutsi izan zion oiloari esan gabe.

        — Zer demontre gertatzen zaizu? —esan zion oiloak—. Ezer egin gabe zaudelako bururatzen zaizkizu horrelako xelebrekeriak. Errun itzazu arrautza batzuk, edo has zaitez ron-ron egiten, eta joango zaizkizu kontu horiek.

        — Baina ez dakizu zer atsegina den uretan ibiltzea! —esan zion ahatetxoak—. Zer atsegina den burua ur azpian sartu eta hondoraino murgiltzea!

        — Entretenimendu polita! —esan zion oiloak—. Burutik eginda zaude zu! Galdegiozu katuari; ez dut bera baino izaki zuhurragorik ezagutzen. Galdegiozu ea gustatzen zaion uretan ibiltzea eta hondora murgiltzea. Ez da nik esaten dudalako. Galdegiozu gure etxekoandreari, andre zaharrari; ez da munduan hura baino pertsona argiagorik. Zuk uste duzu uretan ibiltzeko eta ur azpira murgiltzeko gogorik baduela?

        — Ez didazu ulertzen —esan zuen ahatekumeak.

        — Nik ulertzen ez badizut, nork uste duzu, ba, ulertuko dizula? Ez duzu, ba, usteko katua eta andre zaharra baino —ez dut esango ni baino— argiagoa zarenik? Ez zaitez ergela izan, eta emaizkiozu eskerrak Jainkoari egin dizugun on guztiarengatik. Ez duzu esango aterpe on bat ez duzunik! Ez al zaude gurean zerbait ikasteko moduko lagunartean? Baina zu tontoa zara, eta ez da batere atsegina zurekin bizi izatea. Zeure hobe beharrez esaten dizut egia, atsegina ez bada ere, eta hori da benetako lagunak ezagutzeko biderik onena. Saia zaitez arrautzak erruten, edo ron-ron egiten, edo txinpartak ateratzen.

        — Uste dut mundua ikustera joango naizela —esan zuen ahatekumeak.

        — Zoaz, zoaz! —esan zion oiloak.

        Eta han joan zen ahatekumea; eta ibili zen ur gainean eta murgildu zen ur azpian, baina begitan hartzen zuten izaki bizidun guztiek, itsusia zelako.

        Etorri zen udazkena, eta basoko hostoak horitu eta gorritu egin ziren; haizeak mendean hartu eta alde guztietara dantzatu zituen. Hoztu zen airea eta hodeiak elurrez eta kazkabarrez kargatu ziren. Hesola gainean hotzak karrankaz zegoen belea. Hotzikara ematen zuen pentsatze hutsak ere; ez zegoen, ez, egokiera onean ahatekume gaixoa.

        Arrats batean, neguko eguzkia bere edertasun guztian sartzen ari zela, txori handi eder batzuk irten ziren, aldran, sasitik. Ahatekumeak ez zuen horren txori ederrik inoiz ikusi. Zuri-zuriak ziren eta lepo luze malguak zituzten. Beltxargak ziren. Garrasi berezi bat egin, beren hegal zabal zoragarriak zabaldu eta lurralde hotzetatik itsasoz haraindiko herrialde epeletara hegaldatu ziren. Gora eta gora igo ziren, oso gora, eta ahatekume itsusiak halako egonezin bat sentitu zuen. Gurpil bat bezala bira eta bira ibili zen uretan, lepoa beltxargengana luzaturik, eta garrasi zoli estrainio bat irten zitzaion, bera ere erabat ikaraturik utzi zuena. Ez zituen, ez, txori eder zorioneko haiek ahaztuko! Eta begi-bistatik galdu zitzaizkionean, uretan hondoraino murgildu zen, eta berriro azaleratu zenean, bere baitatik irtenda bezala zegoen. Ez zekien txori haiek zer ziren ez nora zihoazen, baina beste inorengana ez bezala erakartzen zuen indar batek haiengana. Ez zen inbidia, ezta gutxiagorik ere. Ez zitzaion burutik pasatu ere egingo halako edertasun miresgarria beretzat nahi izaterik; pozik zatekeen ahateek beren artean bizi izaten utzi baliote, ahatetxo itsusi gizajoa!

        Negua hain zen hotza eta mina, uretan igeri eta igeri ibili behar zuen, ura horma ez zedin, baina gauetik gauera txikiagotzen zitzaion igerigunea. Halako izotz handiak egin zituen, ezen ur gainean krask-krask egiten baitzuen hormak, eta ahatetxoak hankei eragin eta eragin ibili behar zuen, zulo osoa hormak itxi ez ziezaion. Azkenean, ordea, nekearen nekez, mugitu ezinik geratu zen, eta izotzak estali zuen.

        Hurrengo goizean, goiz, nekazari bat pasatu zen handik, eta ikusi egin zuen. Horma gainera joan, egurrezko eskalapoi astunekin horma zulatu eta ahatekumea andreari eraman zion etxera. Ahatetxoa berehala zuzpertu zen. Haurrek harekin jolas egin nahi zuten, baina ahatetxoa, gaizki erabiliko zuten beldurrez, korrika esne-marmitan sartu zen, eta esne guztia lurrera isuri zuen. Etxekoandrea, eskuak jasota, garrasika hasi zen, eta ahatetxoak gurinaren upelera ihes egin zuen orduan, eta handik, berriz, irin-azpilera, eta pentsa daiteke zer itxura izango zuen irin-azpiletik irten zenerako! Emakumea atzetik zebilkion txilioka, sutako kurrikak eskuan hartuta, eta haurrak, barre eta oihu, elkarri bultzaka zebiltzan ahatetxoa harrapatu nahian. Eskerrak atea zabalik zegoen. Hala, ahatetxoak eskapatu ahal izan zuen. Sasi artera ihes egin, eta han etzan zen, elur egin berriaren gainean, erabat abaildurik.

        Baina tristeegia litzateke negu latz hartan ahatekumeak pasatu behar izan zituen lazeriak eta nekeak aipatzea. Berriro ere eguzkia epeltzen hasi zenean, paduran zetzan ahatetxoa, ihi artean. Hegazabalak kantari ari ziren eta heldua zen udaberria.

        Bat-batean, hegalak zabaldu zituen ahatekumeak. Lehen baino askoz indartsuagoak zituen orain, eta arin eraman zuten airean. Eta ohartzerako, jardin handi batera iritsi zen. Sagarrondoak loretan ziren jardinean; lilek aintziraren ertz izurtsuaren gainera abailtzen zituzten beren adar luzeak, eta usainez betetzen airea. Hura zen udaberri-usain zoragarria! Aurrez aurre hiru beltxarga zuri dotore ikusi zituen ahatekumeak, sasitik irten eta beregana etortzen, hegalak harroturik eta poliki-poliki igerian. Bertantxe ezagutu zituen ahatekumeak hegazti handios haiek, eta malenkonia estrainio batek hartu zuen.

        — Hegazti handios horiengana hegaldatuko naiz, eta txiki-txiki egingo naute, ni honen itsusia izan eta hurbiltzera ere ausartu naizelako! Baina ez dio axolarik! Akaba nazatela! Horrela hiltzea hobe, ahateen mokokadak, oiloen pikokadak, eta oilozainaren ostikoak jasatea baino. Nahiago hori, neguan hainbeste ezbehar igaro baino.

        Horrela, bada, uretara joan eta beltxarga miragarrien aldera abiatu zen igerian. Ikusi zuten beltxargek, eta lasterka inguratu zitzaizkion hegalak harroturik.

        — Akaba nazazue! Akaba nazazue! —esan zien gizajoak, eta burua uretara makurtu eta heriotzaren zain geratu zen. Baina zer ikusi zuen ur gardenetan islaturik? Bere irudia ikusi zuen han azpian, baina ez zen jada hegazti gris zatar bat, hegazti itsusi baldar bat: beltxarga bat zen bera ere! Oilategi batean jaio izanak ez du ezertxo ere esan nahi, baldin eta beltxarga baten arrautzatik jaioz gero!

        Poztu egin zen pasatu zituen tristura eta neke guztiak pasatu izanaz. Orain hobeto preziatzen zuen bere zoriona eta inguruan zuen edertasuna. Beltxarga handiak inguruan zebilzkion eta mokoaz laztantzen zuten.

        Haur batzuk etorri ziren jardinera, eta ogi-puskak bota zituzten uretara, eta haur txikienak esan zuen:

        — Beste bat dago!

        Eta beste haurrak oihuka hasi ziren pozik:

        — Bai, beste bat etorri da!

        Eta txalo eta dantza egin zuten, eta, arineketan, beren aita-amengana joan ziren, eta uretara ogi-puskak botatzen zituzten, eta den-denek esan zuten:

        — Etorri berria da denetan ederrena! Hain da gaztea eta polita!

        Eta beltxarga zaharrenek burua makurtu eta omen egiten zioten.

        Oso lotsaturik zegoen beltxarga gaztea, eta hegalaren azpian ezkutatzen zuen burua. Ez zekien zer pentsatu; oso pozik zegoen, baina ez, ordea, batere harro, bihotz onekoa ez baita inoiz harrotzen. Gogoan zuen nola jazartzen eta mesprezatzen zuten, eta orain, berriz, hegazti ederretan ederrena zela zioten denek. Lilen adarrak uretaraino makurtzen ziren; eguzkiak epeltasun atsegina zabaltzen zuen, eta beltxarga gazteak hegalak harrotu, lepo liraina luzatu, eta bihotza bozkarioz beterik esaten zuen:

        — Ez nuen amestu ere egingo honelako zorionik ahatekume itsusia nintzela!

 

(Den grimme ælling)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia