Eka
29
06
Francisco Ignacio Lardizabal zaldibiarra jaio zenetik berrehun urte betetzera doazen honetan (uztailaren 5ean, hain zuzen), Klasikoen Gordailuak haren aurretik ondutako ebanjelio-liburuen bi itzulpen-moldaketa eder sareratu nahi ditu omenaldi gisa. Lehendabizikoa J. Haraneder lapurtarraren Jesu Kristoren ebanjelio saindua (1740: 1990) da. Sinesmen katolikoan lehen Testamentu Berria izan arren (aurrekoa Leizarraga protestanteak burutu zuen 1571n), ehun bat urtez egon zen argia ikusi gabe, eta orduan ere (1855ean) lau ebanjelioak bakarrik kaleratu ziren. Gaurdanik oso-osorik aurkitu ahal izango du zaletuak sarean. Bigarren eskaintza P.A. Añibarro bizkaitarraren Jesu Kristoren lau ebanjelioak batera alkarturik (c. 1804-1821: 1991) dugu. Bi-biak, irakurleak ikusiko duen bezala, goi mailako lanak eta, zalantza gabe, omenaldi egokia euskaldunok gehien irakurri bide ditugun Testamentu kristauen apailatzailearentzat (Klasikoen Gordailuan ikus daitezke hark egokituriko Testamentu Berriko Kondaira eta Testamentu zarreko kondaira).
Eka
29
06
2004an plazaratu zuen Paddy Rekaldek Bilbo dub kronikak poemarioa. Sex abaroa poema liburua lehen ere kaleratua, Txalaparta argitaletxearekin, bere unibertso literarioan sakontzen dute dub poema hauek, erritmoz jositako Bilboren kronikek. Whiskey koloreko gauak (Txalaparta, 1999) edo Rebel Mayo Colorao (Txalaparta, 2002) liburuetan landutako mundu ikuskeraren beste erretratu bat da, poesiaren prismatik iragazia. Osorik irakur dezakezu orain.
Eka
25
06
1956an kaleratu zuen Allen Ginsbergek Howl poema. Mende erdia bete den honetan, hainbat poema irakurraldi egin dira Beat mugimenduko poema enblematikoena izan zena gogoratzeko. Mila ale inprimatu ziren 1956an. Nola lortu zuen, eta zergatik, XX. mendeko poemarik garrantzitsuenetako bat izatea? 44 orri zituen liburuxka bat zen, eta orduko askori liburu garrantzitsua izateko gorputza falta zitzaiola iruditu zitzaien. Dena arazo eta oztopo zen, eta autoritateek moralgabea zela esan zuten.
Eka
22
06
Elezahar, kondaira, ipuin eta pasadizoak dira Klasikoen Gordailuak gaur sareratzen dituenak, serioak batzuk, umoretsuak besteak. Hizkuntz aldetik sinpleak bezain ideologikoki serioak dira, esaterako, Arturo Kanpionen Euskal lanak (1878-1909). Zirikatzaileak eta umoretsuak, berriz, XX. mendearen atariko aldizkarietan Pedro Migel Urruzunok argitaratutako pasadizoak, bertsoak eta ipuin modukoak, hemen Iru ziri (1899-1922, 1965) eta Sasiletrau baten ziria, eta abar (1897-1923, 1973) bildumetan ematen direnak. Ildo berekoa da, halaber, Paulo Zamarriparen Firi-firi (1935) idazlana. Egile bera du, azkenik, dotrinako haurrentzat egindako Anaiak gara (1929) ipuinak ere.
Eka
22
06
Narratibaren alorrean ezagutu genuen Joxe Austin Arrieta, Bidaia / Termitosti (Ustela, 1978) eta Abuztuaren 15eko bazkalondoa (GAK, 1979), baina 80ko hamarkadan poesia bereziki landu zuen: Arrotzarena neurtitz neurgabeak (GAK, 1983), Bertso-paper printzatuak (Elkar, 1986), Mintzoen mintzak (Elkar, 1989). Hizkuntzaren lanketa, erritmo eta neurrien jokoa, Susa argitaletxeak XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zuen Joxe Austin Arrietaren poemen antologia. Osorik eskaintzen dizuegu.
Eka
18
06
T.S. Eliot ostean ingelesezko literaturan marka eta hondar gehien utzi duen poetatzat daukate Wystan Hugh Auden (York, Ingalaterra, 1907-Viena, Austria,1973). Ozeano Atlantikoaren bestaldetik zetozen ingelesez idatzitako poesiaren berrikuntzarik nabarmenenak XX. mendean: Elioten beraren edo Ezra Pounden poemak ziren besteentzat bidea zabaltzen zutenak. Audenek, ordea, tradiziotik Yeats arteko zubi berri bat egin zuen. Poesia modernoaren aitatzat daukate askok ondorioz.
Eka
15
06
Urte bitan ia 30 emanaldi eskaini ostean, Bihotz Bakartien Klubaren Arrakalak ikuskizuna azkenburura dator. Ekainaren 15ean (osteguna) hondarrekoa izango da Zaldibarreko eskolan, iluntzeko 20:00etatik aurrera. CDa ere grabatu dute ibilbide luzearen ospakizun, eta berorren edukia dasta dezakezu orain Interneten. Audioaz gain, animaziozko laburmetraiak eta beste zenbait testu osagarri topatuko dituzu orrialde horretan.
Eka
15
06
Unibertso poetiko indartsua aurkeztu zuen Rikardo Arregi Diaz de Herediak 1993an, Erein etxearekin Hari hauskorrak plazaratu zuenean. Eta ahotsaren indarra berretsi bost urte geroago, Kartografia (Alberdania) lanarekin. 2002an Susak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman bere poemen antologia argitaratu zen, orain osorik dakarkizueguna.
Eka
11
06
Ekologista eta poeta izaki, Jorge Riechmanek jarrera aktiboa eta kritikoa erakusten du literaturan zein bizitzan. Hitz jokoa egin eta, dio, abizenak usnaka dabilena dela. Abizena alemaniarra, bera Madrilen jaioa 1962an. Aitonarengandik datorkio abizena. Matematika zientzietan lizentziaduna. Gazterik poemak idazten hasia, beste giza dimentsio bat, politikoa, Espainia NATOtik ateratzeko mugimenduarekin garatu zuen. Geroztik mugimendu ekologistan aritua. Egun, Comisiones Obreras sindikatuko ISTAS (Lan, Ingurumen eta Osasunerako Institutu Sindikala) institutuko liberatua da. Bere burua marxistatzat du (oraindik), konprometitua, egunkaria guraizeekin eta boligrafo gorriarekin irakurtzen duena. Kritikoa.
Eka
08
06
Jean Baptiste Arxuren heriotzaren 125. urteurrena dela eta, hark Luis Luziano Bonaparteren engarguz itzulitako testu zenbait aurki ditzake irakurleak Klasikoen Gordailuan Itzulpenak izeneko estekan. Era berean, zuberotarraren hiru garaikide ospetsuren itzulpenak erantsi dira ondoren, guztiak L.L. Bonaparteren aginduz burutuak eta A. Iturriagaren Jolasak oinarritzat hartuz: J. Duvoisinen Iturriagaren Solastaldiak lapurteraz, E. Intxausperen Iturriagaren Elhestaldiak zubereraz eta J.A. Uriarteren Iturriagaren Berbaldijak bizkaieraz.
Autore ezagunik gabekoen artean, azkenik, sukaldaritzaren arloko ale bat, Eskualdun kozinera (1864), eta irakaskuntzaren inguruko bitxikeria, Irakasdearen eskugarria (c. 1868, 2004).
Eka
08
06
1986ko ekainaren 14an hil zen, duela 20 urte, Jorge Luis Borges. XX. mendeko literaturgintzan erreferente handia, poesia, saiakera eta, batez ere, ipuingintza izan zituen lan eremu idazle argentinarrak. Ficciones, El Aleph, El libro de Arena, El hacedor… hainbat narrazio-liburu gogoangarri idatzi zituen. Literatur aldizkarietan, Maiatz-en 1985ean —Beste buruz-buruko gudua— eta Txistu & Tambolin-en 1992an —Deutsches requiem—ekarri ziren euskarara haren ipuin bi. Eta 1998an, Literatura Unibertsala bildumaren barruan, Juan Garziak bere ipuinen antologia bat euskaratu zuen, Ipuin hautatuak. Hementxe irakur ditzakezu.
Eka
04
06
1966ko ekainaren 6an, duela berrogei urte, hil zen Jean Arp, Hans Arp izenarekin ere ezaguna. Eskultura eta pintura lanak egiteaz gain, hainbat poema liburu idatzi zituen. Collage edota eskulturen oinarrian poesia zegoela zioen. Hain aipatua ez izan arren, garrantzitsua da bere obra poetikoa.