Ebanjelio katoliko zaharrak
Francisco Ignacio Lardizabal zaldibiarra jaio zenetik berrehun urte betetzera doazen honetan (uztailaren 5ean, hain zuzen), Klasikoen Gordailuak haren aurretik ondutako ebanjelio-liburuen bi itzulpen-moldaketa eder sareratu nahi ditu omenaldi gisa. Lehendabizikoa J. Haraneder lapurtarraren Jesu Kristoren ebanjelio saindua (1740: 1990) da. Sinesmen katolikoan lehen Testamentu Berria izan arren (aurrekoa Leizarraga protestanteak burutu zuen 1571n), ehun bat urtez egon zen argia ikusi gabe, eta orduan ere (1855ean) lau ebanjelioak bakarrik kaleratu ziren. Gaurdanik oso-osorik aurkitu ahal izango du zaletuak sarean. Bigarren eskaintza P.A. Añibarro bizkaitarraren Jesu Kristoren lau ebanjelioak batera alkarturik (c. 1804-1821: 1991) dugu. Bi-biak, irakurleak ikusiko duen bezala, goi mailako lanak eta, zalantza gabe, omenaldi egokia euskaldunok gehien irakurri bide ditugun Testamentu kristauen apailatzailearentzat (Klasikoen Gordailuan ikus daitezke hark egokituriko Testamentu Berriko Kondaira eta Testamentu zarreko kondaira).