Uzt 29 26

Nathalie Handalen ahotsa

Jatorri palestinarreko poeta eta antzerkigile frantziar-estatubatuarra da Nathalie Handal. Haitin jaioa 1969ko uztailaren 29an, Palestinako Bethleemgoa da haren familia, eta bera hainbat tokitan bizi izan da (Suitza, AEBak, Erresuma Batua…). Hogeitik gora poema-liburu, antzerki eta zinema alorreko lan egin ditu, eta hedabide askotarako idatzi. Xabier Monasteriok itzuli zuen ipuin bat, Umm Kulthum gauerdiz izenburukoa, Qissat, Palestinako Emakumeen ipuinak antologian. Munduko Poesia Kaierak bildumako Biziei ere omen antologian, berriz, Iñigo Aranbarrik euskaratu zuen Atlas poema.

Uzt 27 26

Mikhail Lermontov euskaraz

Errusiar erromantizismoaren adierazpen nagusienetakoa da, literaturaren alorrean, Gure garaiko heroia eleberria, Mikhail Lermontoven idatzirik behinena, Jose Moralesen itzulpenari esker euskaraz irakur daitekeena. Eleberriez gain, baina, haren bost poema ere ekarri izan dira euskarara, 80etan aldizkarietan (Hotsizki, Maiatz) eta  itzulitako poemen bilduma batean (Hezurrezko xirulak, Elkar, 1991). Uztailaren 27 batez hil zen Lermontov, duela 185 urte, eta hemen dituzu irakurgai bere poemak.

Uzt 14 26

Henri Caleten uztailaren 14ko abertzaletasuna

Sortzez Raymond-Théodore Barthelmess genuen Henri Calet, eta senez idazlea, idazlea artikuluak eta oroitzapenak ematen zituenean ere. Erdi kronika erdi nobela, autobiografiaren eta fikzioaren arteko obra berezi bat eraiki zuen, bere burua erakusten duen historiagile baten gisan. Caleti interesatzen zaion historia ordea ez da orri handiena, XX. mendearen lehen erdiko Parisen jasotzen dituen hosto xeheena baizik: klase apaletan, beren bizitzaren jabe ez direnen historiarik gabeko historian, proletalgotik marginalitatera sartu-irten bizi den mundu garratz eta hunkigarri horretan aurkitu zuen gaia. Erresistentzian sartu zen, atxilotu egin zuten, ihes egin zuen, erresistentzian jarraitu zuen. Gero, 1945ean, Fresnesera itzuli zen ostera eta paretetan idatzitako guztia bildu zuen, argitaratzeko, historiaren higieneak oihu haiek isil zitzan baino lehen (Les murs de Fresnes, 1945). Henri Caleten aipatu ezaugarriok ederki islatzen dira kolaboratzaile finkoa izan zen Combat aldizkarian azaldu eta Koldo Izagirrek itzulitako Danbor hotsik gabeko abertzaletasuna artikuluan (Patriotisme sans tambour, 1945). Uztailak 14 zituela hil zen orain hirurogeita hamar urte.

Uzt 13 26

Monique Wittigen pentsamendua

XX. mendeko pentsalari feminista erreferenteetako bat da Monique Wittig (1935-2003), uztailaren 13an Dannemarien jaioa. Eta Pentsamendu heterozuzena (The Straight Mind and Other Essays) artikulu-bilduma, haren obra esanguratsuena. Lisipe bildumaren baitan, Susa argitaletxeak plazaratu zuen 2017an. Teoria politikoak eta praktika sozial-pertsonalak bat egiten duten tokian, hortxe dabil Wittig; militantziaren eta aktibismoaren parte bat dira haren artikuluak. Lehenagotik, dena den, Itxaro Bordak euskarari ekarriak zizkion haren Hiru ipuin (Maiatza, 2013) eta Ikuspuntu berezia ala unibertsala artikulua (Utriusque Vasconiae, 2010).

Uzt 09 26

Poesia betea, June Jordan

Gaur 90 urte jaio zen New Yorkeko Harlem auzoan June Jordan, Jamaikako migrante familia batean. Horrek jaiotzatiko esanahi ia saihetsezina zuen: biolentzia historia latz batera kondenatua izatea. Beltz izateagatik jasotako biolentzia jarraia, eta aitak berak hezkuntza zorrotzaren izenean Jordanen kontra erabilitako biolentzia ere. Ezinbestean, Jordanen obra poetikoa markatuko du horrek, eta kolonialismoaren historiaren kontrakarrera idatzitakoa da bere poesia, non askotariko zapalkuntzak salatzen diren: esklabotza, arrazakeria, biolentzia poliziala, biolentzia matxista. Ane Garcia Lopezek maisuki euskaratu zuen Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumarako haren poemen antologia eder bat.

Uzt 09 26

Jan Nerudaren idazlanak

Txekiako literaturak eman duen idazle handienetako bat da Jan Neruda, 1834ko uztailaren 9an Pragako Mala Strana auzunean jaioa, gaur egun bere izena daraman kalean. Hilerriko loreak poema liburuarekin estreinatu zen 1857an. Poeta izanagatik, haren lan ezagunena Mala Stranako ipuinak liburua da, 1877an argitaratua, eta Fernando Reyk 2001ean euskarara ekarria, Literatura Unibertsala bilduman. 2022an, Karlos Cid Abasolok Nerudaren Ryšánek jauna eta Schlegl jauna narrazioa euskaratu zuen, Booktegin irakur daitekeena.

Uzt 01 26

Bingen Ametzagaren poesia

Egindako itzulpen lanek ezagun eginagatik ere, Hamlet (1952, Buenos Aires) eta Platero eta biok (1953, Montevideo), bere poemak idatzi eta argitaratua zen Bingen Ametzaga lehenagotik, Euzko Deya eta Euzkadi agerkarietan, eta Olerti Egunetan parte hartutakoa zen.  Ametzaga Algortan jaio zen duela 125 urte, 1901eko uztailaren 1ean, eta 1969ko otsailaren 4an hil Caracasen.
ametzaga
Xabier Irujok atondu eta Susa argitaletxeak 2006an plazaratutako Itsaso aurrean poesia antologian irakur daitezke algortarraren 46 sortzezko poema eta 22 itzulpen, besteak beste Oscar Wilderen Reading Bahitegiko Leloa, 1854an Euzko-Gogoan agertu zena.

Agenda

Efemerideak

Kritikak