Mar 27 18

Bederatzi antzerki-lan

Martxoaren 27an  Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzen da eta horren karietara, osorik irakurgai jarri ditugu Susak 80etan argitara emandako antzerki-bilduman kaleratutako  liburuetako batzuk, sei zehazki: John Steinbeck-en Izar bat izan zen, Guillaume Irigoienen Hamar manu minduak eta Apetitu on!; Alfonso Sastreren Ez da pale egiteko ordua; Xabier Mendigurenen Kanpotarrak maisu eta Kultur Ministrariak ez digu errukirik; Imanol Eliasen Haunditasun ametsak eta Hiru morroiak; eta Marx anaien eta Maskarada taldearen Marxkarada.

Mar 21 18

Erdarazko poetak euskaraz

Udaberriaren loraldiarekin ospatzen da Munduko Poesia Eguna, martxoaren 21ean. Eta poesiaren zabaltze lanean lan handia egin zuen Gabriel Arestirengana jo nahi dugu, Euskal Herrian gaztelaniaz idazten zuten poetak euskarari ekartzen egin zuen ahaleginarekin. 1960an Egan aldizkarian lau poetaren lanak itzuli zituen, “Erdarazko lau poeta” izenburupean, guk orain eskaintzen dizkizuegunak: lehen ere hemen emana dugun Blas de Otero, eta Angela Figueraren Aingeruen zuzenbidea, Gabriel Celaya-ren bi poema eta Jose Maria Basalduaren beste bi.

Mar 19 18

Hugo Clausen bi poema

Anaia eta Tollund-eko gizona, Hugo Clausen bi poema bikain ekarri dizkigu euskarara Iñigo Aranbarrik. Duela 10 urte, 2008ko martxoaren 19an hil zen Claus, Flandriako idazle eta artista handia, XX. mendeko literaturgile erreferentziazko bat. Ohean, hiltzen, datzan anaiari egindako poema, eta Danimarkan aurkitu zuten duela 2000 urteko momiari eskainitakoa, hark iradokitakoa, maisutasun horren erakusgarri dira.

Mar 15 18

Garraren eta karroiaren margoak, Juan Karlos Lopez Mugartza

Kritikak esandakoaren arabera, intrahistoria dakar, hizkera indartsu eta estratoz estrato mailakatu baten bitartez Juan Karlos Lopez Mugartzaren Garraren eta karroiaren margoak poema liburuak. Eta hain zuzen ere izenburutik bertatik adierazten dizkigu kontrajarritako bi elementu bortitz, indartsu, poemetan gero garatzen direnak. 2017an bi poema-liburu argitara eman berri ditu Mugartzak, Arima animalia (Maiatz) eta Bihotz hauskorrak osatu eta portu handira iritsi dira (Denonartean). Isiltasun luze baten ondoren, esan genezake, izan ere gaur osorik eskaintzen dizuegun liburua, Euskaltzaindiaren Poesia saria irabazia 93an, haren lehen poemarioa, 1994an argitaratu baitzen.

Mar 08 18

NoViolet Bulawayoren Jo dugu Budapest

Izen berriak behar ditugu (We Need New Names, 2013) eleberriarekin, oraingoz argitara eman duen bakarrarekin, indar handiz jalgi zen letren plazara NoViolet Bulawayo, Zimbabweko idazlea. Jo dugu Budapest (Hitting Budapest) ipuina plazaratu zuen hiru urte lehenago, ahots oso indartsu baten jabe zela erakutsiz. Mikel Elorzak itzulita, euskarari ekarri diogu Afrika hegoaldeko emakume honen narrazioa.

Mar 01 18

M. Valerio Martzialen Epigramak

Duela ia 2.000 urte jaio zen Marko Valerio Martzial poeta Bilbilis herrian (gaur egun Aragoiko Calatayud), Erromatar Inperioaren garai indartsuenetako batean. Erromara joana, Senekaren abaroan hazi zen, boterearekin une gozo eta gaziak biziz. Garaiko idazle gehienen adiskidantza izan zuen, eta bere lan gehienak iritsi zaizkigu. Epigramak dira, zalantzarik gabe, haren lan ezagunenak, satira eta umorearen tintaz bustitako lumaz idatzitakoak. Joseba Sarrionandia eta Luigi Anselmi poetek euskaratutako zenbait epigrama dakartzagu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak