Gaur 90 urte jaio zen New Yorkeko Harlem auzoan June Jordan, Jamaikako migrante familia batean. Horrek jaiotzatiko esanahi ia saihetsezina zuen: biolentzia historia latz batera kondenatua izatea. Beltz izateagatik jasotako biolentzia jarraia, eta aitak berak hezkuntza zorrotzaren izenean Jordanen kontra erabilitako biolentzia ere. Ezinbestean, Jordanen obra poetikoa markatuko du horrek, eta kolonialismoaren historiaren kontrakarrera idatzitakoa da bere poesia, non askotariko zapalkuntzak salatzen diren: esklabotza, arrazakeria, biolentzia poliziala, biolentzia matxista. Ane Garcia Lopezek maisuki euskaratu zuen Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumarako haren poemen antologia eder bat.
Txekiako literaturak eman duen idazle handienetako bat da Jan Neruda, 1834ko uztailaren 9an Pragako Mala Strana auzunean jaioa, gaur egun bere izena daraman kalean. Hilerriko loreak poema liburuarekin estreinatu zen 1857an. Poeta izanagatik, haren lan ezagunena Mala Stranako ipuinak liburua da, 1877an argitaratua, eta Fernando Reyk 2001ean euskarara ekarria, Literatura Unibertsala bilduman. 2022an, Karlos Cid Abasolok Nerudaren Ryšánek jauna eta Schlegl jauna narrazioa euskaratu zuen, Booktegin irakur daitekeena.
Egindako itzulpen lanek ezagun eginagatik ere, Hamlet(1952, Buenos Aires) eta Platero eta biok (1953, Montevideo), bere poemak idatzi eta argitaratua zen Bingen Ametzagalehenagotik, Euzko Deya eta Euzkadi agerkarietan, eta Olerti Egunetan parte hartutakoa zen. Ametzaga Algortan jaio zen duela 125 urte, 1901eko uztailaren 1ean, eta 1969ko otsailaren 4an hil Caracasen. Xabier Irujok atondu eta Susaargitaletxeak 2006an plazaratutako Itsaso aurrean poesia antologian irakur daitezke algortarraren 46 sortzezko poema eta 22 itzulpen, besteak beste Oscar Wilderen Reading Bahitegiko Leloa, 1854an Euzko-Gogoan agertu zena.
Eskola-irakaslea, militante politiko anti-apartheid ekina, ANCko buruzagi historikoa eta Hegoafrikako Legebiltzarreko lehen lehendakaria apartheid osteko aroan. Eta idazlea. Ellen Kuzwayo. Arrakasta handia ukan zuten bere memoriek, Call Me Woman izeneko liburuan jasoak. Eta errekonozimendua ere Soweton kondatuak (Txalaparta, 1996) obrak, non bere herriko narrazioak jasotzen dituen, berak bizi izan zuen Hegoafrikaren testuinguruan kokatuak (arrazismoa, pobrezia, emakumeen opresioa…). Gaur egun gehiago praktikatu beharko genukeen azpizenburua dauka narrazio-liburuak, Aintzane Ibarzabalen itzulpenari esker euskaraz irakur daitekeena: Soweton kondatuak. Eseri eta entzun.
Alemaniar espresionismoaren erakusleetako bat, Alfred Döblin, 1957ko ekainaren 26an hil zen. Ikasketa eta lanbidez estreina psikiatra izan zen idazlea, sozialista eta jatorri judukoa, 1933an Alemaniatik Frantziara erbesteratu zen, eta gero okupazio garaian AEBetara. Der Sturm aldizkarian poesiak argitaratzen hasia, idazle alemanen elkarteko lehendakari izan zena, eleberrigintzan ezaguna izan bada ere, antzerki eta saio lanak ere egin zituen. Anton Garikanok euskaratu zuen Berlin Alexanderplatz bere obra ezagunena, eta Literatura Unibertsala bilduman Ibaizabalekin plazaratu 2000an.
Mendea beteko zukeen Ingeborg Bachmann idazleak ekainaren 25ean, 1926an jaio baitzen Klagenfurten, Austrian. Literatura alemanaren izen handienetako bat da. Gruppe 47 literatur “talde”ko kide, Bachmannen lanen indarra eta balioa azkar nabarmendu zen, hala poesian nola prosan. Eta errekonozimendu handia izan zuten irratinobeletan. Iñigo Aranbarrik ekarri zituen euskarara autorearen zazpi poema, eta gerora Susaren Munduko Poesia Kaierak bilduman antologia egin zuen Nagore Tolosak. Online irakur ditzakezun poema hauez gain, Erein-Igelak Literatura Unibertsala bildumaren baitan Aldibereko ipuin-bilduma kaleratu zuen, Idoia Santamariak euskaratua.
Ekainaren 19 batez jaio zen Jose Rizal, idazlea eta Filipinetako borroka subiranistaren erreferente nagusia. 35 urte zituela, sedizio delituaren akusaziopean, fusilatu zuten Espainiako Armadaren soldaduek, 1896ko abenduaren 30ean, bere herriak independentzia lortu baino bi urte lehenago. Noli me tangere eleberriak egin zuen ezagun letren eta politika kolonialaren kontrako borrokaren munduan. Hil bezperan Nire Azken Adioa poema idatzi zuen, Koldo Izagirrek euskarari ekarri ziona.
XX. mendeko idazleen artean izen ezinbestekoa da John Cheever estatubatuarrarena. Ipuinaren maisu handietako bat, bere narrazio ezagun eta onenetakotzat jo ohi da Igerilaria, 1964an The New Yorker-en argitaratua. Jasone Larrinagak euskaratu zuen 2012an, eta irakurtzeaz gain, entzun ere egin daiteke Xerezaderen Artxiboa-n, Bilbo Hiria irratian grabatua.
Nobelak (Ehiztari bakarti bat da bihotza, 1940; Begi urrekara bateko errainuak, 1941), ipuinak (Kafe tristearen balada, Pasazaite 2020, ipuin–bilduma euskaraz irakur liteke), antzerki obrak eta poesia idatzi zituen Carson McCullers-ek. Zorrotz ebakitzen duten bizitzaren ertzek zehakatzen dute bere literatura, bere bizitza zeharkatu zuten bezalaxe. Zortzi poema ekarri dizkio euskarari Izaskun Etxebeste Zubizarretak, orain eskaintzen dizkizuegunak.
Allen Ginsberg Estatu Batuetako poeta 1926ko ekainaren 3an jaio zen. Mendeurrena gogoratzeko, Harkaitz Canok euskarari ekarritako Ulua dakargu berriz memoriara,
1956an City Lights argitaletxeak plazaratu zuen Howleta beste poema batzuk bilduma, aurreko urtean Allen Ginsberg-ek jendaurrean irakurritako poema luzea. AEBko Administrazioak edizioaren zati bat bahitu zuen obszenitatea egotzita, eta auzitara ere eraman zituzten egilea eta editorea. San Franciscoko Six Galleryko lehen irakurraldiaren urteurrenaren karietara, 2005eko udazkenean, Susa argitaletxeak Ulua plazaratu zuen, Harkaitz Canok euskaratu eta bere ahotsez Xerezaderen artxiboa izeneko podcastean irakurria.
AEBen inperialismoaren aurkako borroka beti da boladako, inperialismoak ez baitu su-etenik ematen; baina garai apartsuagoak ditu. XX. mendearen bigarren erdialdean, Hego eta Ertamerikan iparraldeko auzoen aurka eta euren herrialdeetako tiranoen aurka mugimenduak bizi izan ziren, jarrera iraultzaile eta subiranistetan oinarri. El Salvador izan zen haietako bat. Diktadurari ihesi, munduan barrena ibili zen Roque Dalton poeta eta ekintzailea. ERP-ko kidea, 1975eko maiatzaren 14 batez hil zuten. Maitasuna eta politika bere poemagintzaren ardatz, bada euskarari ekarritako bere poemarik, zenbait itzultzailek euskaratuak (Hedoi Etxarte, Jon Benito, Luigi Anselmi, Gorka Arrese), hemen bilduak daudenak.
Bizitzako uneren batean giza biztanleriaren erdiari baino gehiagori eragiten dion gorputz-prozesu batek —kulturala ere badenak— ez al luke gogoetarako oinarrizko gaia izan behar? Sinestezina dirudien arren, hilekoari buruz hitz egitea zaila da oraindik ere. Ikuspegi askatzaile batetik, eta gogoeta bultzatzea helburu, Maria Reimondezen Basatiak liburuak hilekoa baliatzen du askotariko gaietara heltzeko bide gisa: gorputzak, sexismoa, ekologia, arrazismoa eta transfobia. Jatorrian galegoz argitaratutako saiakera bizia, Nerea Loiolak ekarri du euskarara eta Miren Guilloren hitzaurrea dakar. Susa argitaletxearen Lisipe bildumako titulu berria da.
Apirilaren 21ean hil daPatxi de Vicente Arbeloa itzultzaile eta literaturazale otsagabiarra. Euskara irakasle aritu zen hala gaztetxoekin nola helduekin, baita tabernari ere Iruñeko Malkoa tabernan, eta Iruñeko Udalean itzultzaile jardun zuen gero hainbat urtez, erretiroa hartu arte. 2025ean Oscar Miloszen poema antologia bat ekarri zuen euskarara Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumarako, eta azken hilabeteotan, berriz, Robert Desnosen zenbait poema itzultzen ibili da. Horietako hogeita hiruArmiarman ditugu orain irakurgai, haren oroigarri.
Ekuadorko letretan izen esanguratsu bat da Maria Fernanda Ampuerorena. Idazle eta kazetaria, apirilaren 14an 50 urte bete dituena, literaturara helduaroan murgildu zen eta 2018an lortu zuen oihartzun handia —sariak, itzulpenak— Pelea de Gallos narrazio-liburuarekin. Geroztikako lanek Ampueroren bilakaera sendotu egin dute. Efemeridearekin bat eginez, liburu horretako ipuin bat, Enkantea, euskaraz irakur dezakegu, hiri bateko indarkeriazko narrazio gordin eta bortitza, Maialen Otxandorenak itzulia.
Apirilaren 13an jaio zen, gaur 120 urte, XX. mendeko idazle handienetarik bat: Samuel Beckett. Ingelesez idatzi zuen lehenik, eta frantsesez gero. Gizakiaren zentzugabetasuna bere literaturaren ardatz, poesia idatzi zuen, ipuinak ere bai, baina eleberriengatik eta antzerki-lanengatik lortu zuen oihartzun eta ezagutza handiena. Molloy (Gerardo Markuletak euskaratua), Malone meurt, Comment c’est eleberriak, kasu, edo Godoten esperoan edo Fin de partie antzezlanak, XX. mendeko antzerki-pieza nagusietako bi. Euskaraz, eta online, irakur daiteke Godoten esperoan, Juan Garziak euskaratua (Alberdania, 2001). Eta baita beste pieza laburrago batzuk ere: Eduardo Mataukok eta Kristin Addisek itzulitako Azkenburuko bulkadak (Susa aldizkaria, 1990), Xabier Montoiak euskaratutako Arratsalde bat (Volgako batelariak, 2006) eta Joseba Urteagak ekarritako Lehen amodioa (Igela, 2000).