Karibetik Kantaurira
“AMETSAK ERAMAN NAU HEMENDIK IHESI...”
Zaila izan behar du zizurkildarra eta bertsolaria izatea. Esan nahi nuke ez dela samurra izango bertsolaritzaren gailurretako bat eman duen herrian inork bere buruari bertsolari esatea. Non-eta zizurkildar guztiak ez diren bertsolari aitortzen. Izan ere, gutxi edo gehiago, denak dirateke bertsolari Zizurkil Goian: Amezketarra erdi Adunakoa zen, Pello Errota Asteasukoa... eta bertan Otañotarrak! Hantxe dago Pedro Mariren bustoa, gerizpean autoak hartzen dituen plaza erdiko zuhaitzari begira. Entzule balego bezala. Denak bertsolari; alegia, inor ez: nor ausartu kantari! Alorretako lanak burutu ondoren, aulki batean jarri eta Otaño, Pello Errota, Txirrita, Udarregi eta beste askoren bertsoak kantatzen zizkion aitonak Joakin Arregiri, Aundi baserrian, Zizurkilen. Aitonak irakatsietatik eta 60ko hamarkadan irratietan ematen hasi ziren saioetatik sortu zitzaion zaletasuna. Noiz hasten da bat entzundakoa sortzeko baliatzen? Irakurritakoa idazterako baliatzea bezalako zerbait izango da noski. Hasieran plagioak, gerora moldaketak, noizbait, ustekabean, inork kantatu gabekoa etorriko da, edo halakotzat daukaguna. Lagunartean hasi zen Joakin kantari, afarietan, sagardotegietan, mendiko irteeretan. Ez zen motelenetakoa izango: Lazkao Txikiri gertatu zitzaion bezala, berak ezer jakin gabe “Plazaratu gabeko bertsolari txapelketan” sartu zuten lagunek. Bazekiten zerbait adiskide haiek, txapela jantzi zuen 1971ean Ordizian jokatu zen nor-gehiagoka hartan. Txapelak, jakina, plazara animatu zuen, eta gero hain ezagunak egingo ziren Murua, Mendizabal eta Peñagarikano bezalako bertsolariekin ibili zen herriz herri. Pentsatzekoa da hasitako bide hari lotu izan balitz horiek bezalako bertsolari bikaina izango genukeela egun Joakin Arregi. Bertsolariak hainbeste miresten zituen Gabriel Arestik esana da formaren aldetik Etxahun traketsa dela bakarrik zegoelako, Zuberoan ez zeukalako inor neurrian eta puntuan aurka egingo zionik, hobetzera behartzeko. Hogei urte eta gehiago daramatza Joakin Arregik plazan eta bat-batean kantatu gabe. Nekez emango luke, hitzetik hortzera, behialako lagunen maila. Haatik, Joakin bertsolaria da. Bertsolari bikaina. Ameriketan bizi izan ziren hemeretzigarren mendeko bertsolariak artzain edo esnero ibili ziren, oro har, Uruguayn eta Argentinan, baita Estatu Batuetan ere. Laterri horietara gabe, 1936-37ko errefuxiatuen ildo garrantzitsu bati jarraiki, Venezuelara hartu zuen Joakinek 1981ean. Baserriko umea liluratu egingo zen noski Karibeko natura zoragarrian, ezagun du bertsoetan. Natura maitatzeak eta mendian ibiltzeak bakardadea dakarkio, eta honek gogoetara, hots, bertsoetara du eramaten. Edo baliteke alderantziz izatea, bere buruarekin bertsotan jardun beharrak eramatea bakardadera. Honenbestez ulertzen da Joakin Arregi barne sakoneko bertsolaria dugula, eta ez gai bakarrekoa. Gabonak, txikitako oroitzapenak, sorlekua, Athletic eta Erreala, herriko lagunak, txoriak, Indurain... denetarik kantatzen du, “beste edozein” bertsolari ematen du. Eta bere bertsokera aztertzerakoan hainbat alderdi hartu behar genituzke kontuan: metrika desberdinen erabilera, irudi tradizionalen ezagutza, termino “ez-poetikoak” erabiltzeko ausardia, bertso erotikoetan ageri duen grazia, edo metafora berriak asmatzeko daukan talentua: “amets hariak orratz mehean / sartuta nahi ditut utzi” // “herriminaren kandela xa(ha)rra / beti daukazu zuk sutan” // “erleak baitabiltza / arbola zaharretan” // “heriotzaren laino ilunak / dakarren euri lanbroan” // “askotan altxa beharra daukat / esperantzaren harria” // “zain printzipala gelditu dadin / lore gorriko arantzan”... Bertsolari bikain baten ezaugarriak, inondik ere. Baina bere bertsoen kalitatea gorabehera, beste zerbaitegatik da Joakin Arregi bertsolari berezia, inportantea. Asko izan dira Ameriketara joandako bertsolariak. Iparragirre, Mendiage, Pedro Mari Otaño, Nikolas Lujanbio, Patxi Bakallo eta beste zenbaitek bertso gogoangarriak utzi dizkigute hango pasadizoez eta urruntasunak sortutako sentimenduaz. Batzuk, urteen poderioan, erdi amerikartu egin ziren, eta honek munduarekiko ikuspuntua aldarazi zien. Bilakaera horren paradigma Otaño dugu. “Kubako gure anaiai” izeneko bertso sortan (1896), esaterako, Espainia inperialaren laudorioa egiten du Navas de Tolosa, Guzman el Bueno, Isabel la Católica, Velarde, Daoiz eta nik dakita zenbat balentria hispaniko aipatuz; gero euskaldunok txertatzen gaitu enbor horretan Okendo, Txurruka, Legazpi eta enparauen bitartez, azkenean Kubako abertzaleei trufa egin ahal izateko: “Beraz, mambisak —ja, ja, ja!— guri / artu nai digute goia? / Oiek oiñpean sartu nai dute / Españiako leoia?...” Handik hamalau urtera, hemendik joana zelarik, Argentinaren independentziaren ehungarren urteurrena zela-eta, oso bestelako arrastoan zebilen: ...“Denok maitaro agurtzen degun / maiatzeko eguzkiak / aska ditzala euskal lurra ta / katibu dauden guztiyak”. Amerikartua zen ordurako beraz, eta paradoxa dirudien arren, lehen baino euskal herritarragotua. Bilakaera politiko handia eman zuen Otañok Amerikan, han aurkitu zuen askatasuna eta euskaldunen arteko elkartasuna; han sortu zituen Batasuna, Zazpiak Bat, Gu ta guk, Arana eta Goiri’tar Sabin zanari bere eriotzaren irugarren urtemugan, Gure Aritza... Foruen deuseztea gai hartuta, honelakoa bota zuen 1904an, Julio 21 de 1876 izenekoan: “Ogeita zortzi urte onetan / arrazoi billa negarrez / saiatu gera, eta erantzun / digute burlaz ta farrez. / Nere malkuak agortu dira / ta agintzen dizut asarrez: “Seme, ar zazu aizkora eta / puska ezazu indarrez”. Ez aizkora bera, noski. Otañoren agindu-metafora baliatuz esan genezake “aizkora hartu zuelako” egin behar izan zuela ihes bere herritik aurrena, eta Euskal Herritik gero, Joakin Arregik. Otaño zaharraren seme da alde horretatik, baina, aitak ez bezala, maila politiko handia zeukan, ideologia garatu bat, Amerika jo zuenerako. Hain zuzen, aitaren agindua bete izanak eraman zuen hemendik hara. Bertsolari bikaina ez balitz ere, bertsolari berezia izango litzateke Joakin Arregi, bertsolari inportantea: Otañoren eboluzioaren luzapena dugu.
itsaso handia tartean dela munduko bi ertz mugarri bakoitza bere lekuan dago ta ni erdian elbarri
Ez dauka Euskal Herria ahaztua, baina orain bizi den han hura hemen bihurtu du, dagoen han hartan egin da bertako.
Euskal Herriko txoko polit bat dugu Zizurkil bailara, han sortu nintzen ta egun batez etorri Venezuelara, geroztik hemen moldatu behar bizitza ahal dan erara. Maitatzen ditut hemengo xarmak ta maitatzen dut euskara, bat ez dut inoiz ere ahaztuko ta bestea ezin laga.
Posible ote da bi naziotakoa izatea? Baietz diosku Arregik hainbat bertsotan, zuzen nahiz zeharka. Otañori Zizurkilgo baserri aurreko intxaurrondoa zetorkion akordura Pampako onbuaren azpian, Arregi ez da hemengoaz oroitzen Avila mendi katean barrena dabilela, huraxe du bere Aralar edo Auñamendi gogokoena. Han ez da hemengoaz oroitzen, gozatu egiten du Karibeko oihanean, bera ere suge, guacamayo, kaiman (bizarduna) bilakatua. Otañoren herri bereko, herrimin bereko, dimentsio handiagoan ari zaigu, nitasunetik elkartasunera doan pauso ikaragarrian abiatua: naturaren ederra, injustizien sumindura, galdutako lagunak, zanpaketaren latza, Caracasen zatarra... Euskalduna hizkuntzaz eta venezuelarra bizimoduz, bi nazionalitate dauzka honez gero, luzeko atzerriratu guztiek bezala.
Politiko “malandro” zikin ta lapurrak zuztar berdinekoak dabiltzan txakurrak gauza denetan leku hartu du gezurrak ta bizi nahi dugunak gabiltza beldurrak
Zenbat borroka herri xeheak, bertso hau sortu zuen 1981etik hona, demokrata itxurako ustelduak boteretik kentzeko! Liberazio prozesu horretan daukagu murgildua gure bertsolaria.
Hugo Chavezek zorroztu du Bolivarren ezpata, gordeta edukitzeko unea orain ez da ta...
Horregatik da inportantea Joakin Arregi bertsolaritzan, Otañoren argentinartzea burutu duelako Venezuelari eta bere konpromezuari esker, eta horrela, nazioartekotu egiten gaituelako bertsozaleok. Hizkuntza eta askatasuna, zer gehiago behar du euskaldunak? Mundutar bat mintzo zaigu beraz, kutsu libertario gozoa dakarten bertsotan. Joakin Arregik ahotan maizenik hartzen duen hitza, ez da kasualitatea, “ametsa” da.
Koldo Izagirre
Karibetik Kantaurira |