Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003

 

 

KARIBETIK KANTAURIRA

Caracas, 1999

 

Hemen nago egarria nola ase ez dakitela

ohartuz bertso hariak mehetzen hasi zaizkitela

denboraren sua doa erretzen amets kandela

zulatuta sentitzen dut iraganaren kupela

tristea eta iluna leihorik gabeko gela

hotz-hotzean pentsatuta hau gogoeta ergela

adorez pentsa dezadan azkenean dena dela

zirrikituren batetik argia helduko dela.

 

nirea ez delako izan inoiz ere politika

bideko lagun ez ditut taktika eta logika

urrats bakoitzak bizipen bidetxurra du etika

bakarti kontraerasoan gizarte honi zirika

ez dudalako irentsi nahi gehiengoaren kronika

limurtzaileago deritzat gauza xumeen lirika

osagai freskoen zuntzaz iraupen hatsa elika

askatasunaren lora nortasun arantza baita.

 

Barne munduan betitik fantasi zale izanik

ezin jakin zenbat zuku gelditzen zaidan oraindik

bakar suak ez duelako inoiz inoren baimenik

ke asko baldin badator prestatu ditut tximinik

bertsoaren garrak xulo bat izan dezan gutxienik

horrela ez dadin behintzat koxkaldu itxaropenik

ta amets egiten beti jarrai dezadan dohainik

nortasun bidetxurretik ibili beharko dut nik.

 

Itsasotik itsasora ametsaren ametsetan

igerian ibili naiz betiko lelo zaharretan

suntsituz eta berpiztuz utopi saltsa horretan

olatua hautsiezin itzulika anitzetan

ulertzen ez baduzue hemen zer esaten detan

edo txinpart berezirik ez bada beertso sailetan

gutxienez busti opilak maitasunaren esnetan

elikatzen duelako hau bezalako unetan.

 

Kantauritik Karibera Karibetik Kantaurira

lehentasuna aireratu sormenaren atarira

iristeko hautsitakoa josiko duen harira

nortasunean janzteko ta ez inoren neurrira

ez berdin izan daiteke bakoitzaren sokatira

itsasertzetik itsasertz edo menditik mendira

askatasunez bakarrik bilatuko du distira

taupa denetan bihotza hauxe eskatzen ari da.

 

 

Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003