Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003

 

 

BI ABERRI

Caracas, 2000

 

Euskal Herriko txoko polit bat dugu Zizurkil bailara

han sortu nintzen ta egun batez etorri Venezuelara

geroztik hemen moldatu behar bizitza ahal den erara

maitatzen ditut hemengo xarmak ta maitatzen dut euskara

bat ez dut inoiz ere ahaztuko ta bestea ezin laga.

 

Euskal herria ta Venezuela bi aberri parez pare

biak ditut nik eguneroko bizitzan nire landare

denborarekin egin baitira bihotz zatituan jabe

ta sentsazio horren lekuko milaka une badare

beste herri bat maita daiteke jatorria galdu gabe.

 

Kontraesanez beteta ere hausnarketari uztartu

hango barruti hemengo eremu batera ditut errotu

ta egunsentiz bustitzen dena nahiz iluntzean lehortu

bat eta beste iraupenezko nobelaren kutxan sartu

atxikimendu bikoitza daukat biak urrun biak gertu.

 

Nere gain hartu beharko nuke mezu korapilatsu hau

mugikorra den bizitza honek jartzen ditu zenbait arau

galdera anitz uzten dizkidan bideak harrapatu nau

nahasmen ziba jiraka dabil zoratu dela ematen dau

Kantauri hotza Karibe bero biak goiz-senti biak gau.

 

Ezerk ezarri gabe mamituz oinarrizko bilakuntza

agian noizbait aurkituko dut non dagoen nire funtsa

ta bitartean denbora ihes haruntza eta honuntza

ametsetako hegaldietan etzait faltako lurruntza

bi herriekin areagotuz sentipenen osakuntza.

 

 

Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003