Karibetik Kantaurira
EUSKAL HERRIA Caracas, 1981
lehorte eta euri jasatan irauten duzun lur gogor
egoera beltz eta zuritan ihartu ez zaren enbor
ikatz berria egiten duen askatasunaren txondor
historiaren zurrunbiloan eraso denetik hilezkor
harkaitz tartetik oxigenoa bidaltzeko mendi tontor
aldapan gora mezu batekin erbian eran saltakor
isildu gabe beti oihuka entzuten zaitugun tanbor
halabeharrez tokatu zaizu izatea kaskagogor
basamortuko pake hondarrak ez onartzeko derrigor
hain erraietan daukazun grinak egiten zaitu emankor
ikusten ez den zirritutik berotzen dakizun motor
zauri mingarriz ta sufrimenduz baina hala ere iraunkor
zure lur hori biziatzeko dabiltza hainbeste sator
handik zizta ta hemendik zizta mila bitxo eta liztor
baina ilargi beteko gau bat bizitzak ez al digu zor?
behin betirako argi hasteak aro berri bat dezan sor
lurralde osoa berealdian gorpuztea dezagun lor
Karibetik Kantaurira |