Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003

 

 

AMETSAREN ITZALEAN

Caracas, 1999

 

Ametsarekin amesten ametsa dut beti amets

loraila uztaila azaroa eta ilbeltz

egi osorik ez dago dena da zerbaiten saihets

batzutan txuri-txuria beste askotan berriz beltz

egunsentiko ametsa gaueko ametsak irents

errealitate hutsean ametsak ezin du sinets

zenbat bertso ote ditut hau bezala egin trakets

bertsoa izan nahiaren amets hutsa izan baietz.

 

Ametsak eramaten nau barne mundu idilera

bakarti gisa daramat bizitzaren eskailera

ase ezin bilakatu zait bertsoz bertso habanera

horrela nabil txistuka batera eta bestera

hau ote da biluztuta gauzak esateko era

sentimenduari letra jartzeko dudan joera

zilbor hesteko arantza bestela nola atera

beharrezko dut bertsoa ametsarekin batera.

 

Etapatik etapara edo ziklotik ziklora

erlojuaren orratza gelditzen ez den denbora

arraunean bezalaxe bizitza da ziaboga

ta niri ere tokatu ibiltzea boga-boga

ilbetetik ilbeherara ta ilberritik ilgora

lora bakoitzak arantza eta arantza bakoitzak lora

ametsak ez du gailurrik beti libre egongo da

bidetxur hoberik ez da iristeko edonora.

 

Jo ta ke saiatu arren batekoeta besteko

ilargiari ezin eska eguzkia izateko

ez naiz bertsolari fina baizik bertsozale pero

gose nagoenean ez dut ezer hoberik jateko

horrela ibili ninteke hamar mila kilometro

goldean eta arean lantzeko hainbat libreto

sentimenduari bere bidetxurra egiteko

bertsoaren lurrak behintzat hutsunea dit beteko.

 

Laino guztien gainetik ametsaren irudian

ta ur denaren azpitik ozta-ozta igerian

sormen libreari oihuka itsaso ta ilargian

txoko berri baten gosez uharteko oasian

askatasunaren bila zintzilik hari-harian

hegaldirik ezin buka gogoetaren jarraian

antzerki ona delako bakarrizketa agian

gero ta harri gehiago nire buruko harrobian.

 

Bizitzaren pasartean bertso edo eresian

unez une dastatuak nahiko era nahasian

batzutan ironi kutsuz bestetan etsi-etsian

gehienetan halare ametsaren fantasian

gauaren sarea hausten noraezean hipnosian

txertatuz bere kasako poemaren poesian

basalorea bezala lege gabeko sasian

fruiturik erneko ahal da mota honetako hazian.

 

 

Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003