Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003

 

 

NIRE SORLEKUARI ETA BERE INGURUARI

Hendaia, 1981

 

Bertso hauek Venezuelara
joateko hegazkina hartu bezperan
idatzi ditut, etxera bidaltzeko.

 

Nire sorleku zaren baserri ta Aundiko estalpea

zure sukalde beroak eman zidan niri aterpea

erraietara sartu zitzaidan sehaskaren lehorpea

ingurune hark niretzat zeukan behar nuen konortea

orain itxia nabaritzen dut usain goxoko potea.

 

Amaren bular goxoa nuen zorionaren taupada

iturri baten freskura sentitzeko besarkada

ukitu goxo haiek zeukaten bai maitasun begirada

gaur fantasian esparruan maiz egoten naiz beharbada

baina orduan bai neukala nik gaur ez daukadan patxada.

 

Baserri maite eman zenidan arnas hartzeko birika

nire jatorri honen histori hau zurekin zen hasi ta

Orain alde egin beharra zu ta zure inguru utzita

baina denbora iragan arren ez naiz jarriko etsita

oraindik entzun beharra daukat berriro zure musika.

 

Sukalde txoko hortan grabatu dut bizitzaren zatia

prosaren bidez biluzten nuen izaera lotsatia

barru-barruko amets gutunak berotzeko zen labia

bakardadezko frekuentzietan entzuteko irratia

sentimenduak deskubritzeko elkarren telepatia.

 

Noski ni sortu nintzen lur hori uzteak sortzen dit kezka

azalpenaren bila burua nekatua dut galdezka

ta erantzunak etortzen dira saiheska eta trabeska

baina zuk niri bezalaxe nik hauxe nahi nizuke eska

ez zaitez hoztu arnasa bero eman zenidan sehaska.

 

Txorikumea bere kabian eran nintzen hor lumatu

etxe osoko txoko guztiak buruan zaizkit geratu

hainbat bertso zahar aitona zenak zizkidan neri kantatu

kilika hura nik ez dut beste leku batean bilatu

berriro ere zoratzekotan zurekin nahi dut zoratu.

 

Aita ta ama zuen babesa izan nuen nik gaztetan

asmo onenak bizitzarako asmo txarrik ez ezertan

maitasun suak garra zeukala antzematen zen arretan

udaberriko usaia hartzen hantxe sanjose loretan

ibiltzen nintzen naturarekin beti erdi ametsetan.

 

Nire landare maiteena zuk hor itsatsita daukazu

lore ta fruitu prozesu dena naturalki daramazu

horrela dela niri mezua sarri bidaltzen didazu

amodiozko hitz desiratuk xuxurlatzeko zara zu

nola esaten ez dakit baina maitemindua naukazu.

 

etxe aurreko meta belarrak areta aldeko barazki

mendi aldeko malda ta malkar etxe atzeko zuhaizti

neguko izotz eta elurrak udaberriko eguzki

udazkeneko hegi haizeak udan bero eta guzti

hauxe da beti nik grabatua gordeko dudan marrazki.

 

Bidetxurretan ibiltzen zaren gurdi zahar baten gurpil

hamabost urte dauzkan neskatxa batek nahiko lukeen mutil

maitemintzetik zoramenera dagoen bidetik hurbil

zure lurretan itsatsi naiz ta inoiz ezingo zara hil

bizitza berez bakarra dugu bakarra ere Zizurkil.

 

 

Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003