Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003

 

 

XALBADORREN HERIOTZA

Zizurkil, 1976

 

Gaur pentsamendu guztiak ditut Xalbador zure omenez

heriotza horrek bertso mundua utzi baitu dolumenez

poeta handi eta sakona zinen zu gizatasunez

bizitza osoko izate dena sentiturik su epelez.

 

Oso barruko sustraiak daude zu sortutako lekuan

berez txertatu ziren dohainak zenituen zuk zentzuan

zenbat poesi ta bertso sorta naturaren zerbitzuan

bertsolariak eta euskarak izango zaitu gogoan.

 

Euskara arma zenduan eta mendia berriz laguna

buruz argia sen berezia sentimendutan biguna

maite zenduan egunsentia baita ere gau iluna

olerkarien izar bezala gogoratzen zaituguna.

 

Urepeleko izar argia xarmanta edertasunez

distira hori utzi beharra omenaldiko egunez

plomua erre zitzaizulako bihotzaren maitasunez

ez dela itzali sinets nahi nuen zure bertsuak entzunez.

 

Mundura sortzen den guztientzat gero heriotza dator

baina une hau niretzat zer den hemen agertzera nator

nahiz eta sarri egoeretan bizitza izan aldakor

zentzuak senik duen artean ez dut ahaztuko Xalbador.

 

Errekako ur garbia bezain freskoa zen zure hitza

mingaina baino lehenago beti bihotza zitzaizun mintza

hainbat sentitzen zenuelako bukatu zaizu bizitza

orri berdetan apainduko da zure mendiko zuhaitza.

 

Berezko dohain bat bertsotarako naturalezak emana

mendiak duen bakardadean iragan bizitza dana

basoan lore hazi ederrak ereinda joan zarana

lurrari eman diozu zure izena eta izana.

 

Ezin agertu ardi txabolak zenbat metafora zuan

ta horregatik zure poemak bihotzez jaso nituan

baina ziur naiz ohartu arren bertsoz zer indar zenduan

zama handiko sekretu anitz mendiak gorde zituan.

 

Euskal Herriak eman diguan olerkari handiena

bizitza honen samin bortitza isilik senti zuena

bertso denetan isurtzen zaio sagar zumorik onena

herri kondairak gizaldietan goxo edango duena.

 

Ilunegia izan ez dadin utzi diguzun itzala

maite zenduan izar bitxiak geroan argi gaitzala

eta azkenik hau eskatzen dut gogo handi bat bezala

Urepeleko txoriak beti zurekin kanta dezala.

 

 

Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003